Garrantzitsua da errefuxiatuek euren herrialdetik irteten direnetik Europara iristen direnera arte jasan behar duten egoera: nozitu behar dituzten basakeriak (etengabeko erasoak eta bortxaketak), sufrimendua eta paterako arriskua, errefuxiatu eremuetako pilaketa. Eta azkenean, Europan sartzen direnean, batez beste hiru urte itxaron behar dute lan egin eta bizitza berregin ahal izateko paperak lortzeko. Baimena lortzen ez dutenak euren jatorrizko lekura itzultzen dituzte, eta berriro saiatzen dira.
Hori da panorama, eta horrela deskribatu zuen Izaskun Arriaran erizain eta Itsas Salbamendu Humanitarioko kideak (SMH), joan den asteazkenean, hilak 15, Arrasateko Eguneko Ospitalean egin zigun bisitan. Zarautzen sortu zen GKE horrek –Arriaran horko kidea da– euskal arrantzontzi zahar bat prestatu du, Aita Mari, erreskate ontzi moduan.
Bere azken misioetako batean, Aita Marik arropa, oinetakoak eta material higienikoa zeramalarik Kios uharteko errefuxiatu eremura, itsas salbamenduko lanak egin behar izan zituen. Bidean, itsasontziak barruan 79 pertsona zeramatzan ontzi bat aurkitu zuen; Libiatik zetozen, eta erreskatatu ahal izan zituen eta Siziliara eraman.
Aita Mari atunontzi ohiak misio horretan sufritu zituen arazoak oso handiak izan ziren, eta, are gehiago, Libiako ontzi militar batzuek tripulazioa mehatxatu ere egin zuten, eta etengabe zaindu, Mediterraneoan mugitzen zen bitartean.
Itzultzea izan ezik, edozer gauza
Hitzaldia interesgarria eta argigarria izan zen. Egia da Izaskun Arriaranek dena oso modu atsegin eta hurbilean azaldu zuela; esan zigunez, errefuxiatuei galdetzen diezunean zer nahiago duten, itsasoan hil ala Libiara itzuli, oso argi dutela: itsasora bota eta ito nahiago dute (gehienek ez dakite igerian) euren herrialdera itzuli baino, eta horrela izaten da egoera horretan aurkitzen direnean.
Errefuxiatu eremuetako bizitza ere ez da erraza: pilaketa, higiene falta, elikadura eskasa, tratatu gabeko gaixotasunak, etab. Hori guztia agintariek uko egiten diotelako egoera hobetzeari, “deialdi efektua” saihesteko… Erizainak azpimarratu zuen pertsona horiek egindako bide luzearen ondoren eremura iristerakoan daukaten ondoez psikologikoa, izan ere, horko bizitza oso konplikatua da, eta ziurgabetasuna handia da eurekin zer gertatuko den edo Europan noiz sartu ahal izango diren. Horri guztiari gehitu behar zaio gehienak 16 urteko gaztetxoak direla, bidaia bakarrik egiten ari direnak.
Arrasateko Eguneko Ospitaleko pazienteek disfrutatu egin zuten pertsona horiei buruz ikasiz, eta iritzia eman zuten eta gauza asko galdetu zizkioten aktibistari. Amaitzeko, azpimarratu zuzenez, oso garrantzitsua da pertsona horiek errespetatzea kalean ikusten ditugunean; euren bizitzak eta gure herrialdean egoteko nozitu dituzten zailtasunak ezagutzea lagundu diezaguke harrera egiteko eta bizitzeko aukerak eskaintzeko.