Arrasateko Eguneko Ospitaleak hilabeterik solidarioena ospatuko du
Arrasateko Eguneko Ospitaleko profesionalek eta erabiltzaileek zenbait hitzaldi solidario antolatu dituzte azaro guztian eta abenduaren zati batean. San Prudentzioko Gurutze Gorria zentrora hurbildu zen lehen erakundea izan zen, eta arrakasta handia izan zuen. ‘Hilabete solidario’ honen helburua gure inguruan lan egiten duten zenbait erakundetara hurbiltzea da, beren proiektuak eta egiten duten lana azal ditzaten.
Horren aurretik, urri osoan, taldeka lan egiten dugu erakunde bakoitza nolabait ezagutzeko; haiei buruzko informazioa Internet bidez eskuratu genuen, eta zentroan egindako solasaldietan eman genuen. Aldez aurreko informazio horri esker, bisitatuko gaituen erakundeari buruzko informazioa izateaz gain, egiten duen lana ere hobeto ulertzen dugu.
Horrela, azaroaren 5ean gure egutegiarekin hasi ginen. Boluntario batek eta Debagoieneko Gurutzeko Gorriko koordinatzaileak, Aita Menni Ospitaleko langile ohia izan zenak, erakundeak egiten dituen jarduerak azaldu zizkiguten. Horrez gain, erakundearen historia ere azaldu ziguten. Horri esker, Debagoieneko Gurutze Gorriaren basea 1984ko ekainean San Prudentzion inauguratu zutela jakin genuen. Gehien behar dutenen alde laguntzen duen boluntario kopuruak harrituta utzi gintuen. Gurutze Gorriko ordezkariek eskualdean egiten dituzten proiektuak azaldu zizkiguten. Proiektuak ez daude hainbeste lotuta osasunaren eta larrialdien esparruarekin, izan ere, gaur egun, askoz ere gehiago lan egiten dute gizarte arloko esku hartzean eta gazteen jardueretan.
Bereziki deigarria egin zitzaigun hainbeste programa garatzea, orain arte ez genituelako ezagutzen. Programaren barruan dituzten jardueren artean, zenbait pazientek, Gabonetako kanpainan egiten den ‘Un niño, un regalo’ proiektuan parte hartzeko interesa agertu zuten. Izan ere, horretarako, boluntarioak behar dira, jendeak gure eskualdean behar duten haur guztientzat erosten dituen jostailuak jasotzeko, biltzeko eta abar. Atsegin handia izan zen entzutea, eta oso esperientzia aberasgarria izan zen denontzat. Hauek dira etorriko diren hurrengo erakundeak: Harreman eta Mundukide, Bidezko Merkataritza, Aita Menni Ospitaleak Liberiarekin duen We are like you lankidetza-proiektua eta Aita Mari. Etortzeko irrikan gaude!