Zinema arratsalde donostiarra adinduentzako Santiago Egoitzan
Donostiako Zinemaldia egiten ari direla baliatuz, Villabonako adinduentzako Santiago Egoitzan gipuzkoar hiriburura hurbiltzea erabaki genuen, giroa zertan zen ikustera.
Bazkalondoren irten ginen Villabonatik, eta ordu erdian jada Gipuzkoa Plazan lurreratzen ari ginen, handik Kontxako barandara joateko eta Donostiako badiako “marko konparaezinaz” gozatzeko.
Poliki-poliki, portu aldera abiatu ginen oinez, merienda itzalean hartzeko eta indarberritzeko. Ondoren Bulebarrean ibili ginen, zerbait erosi, eta zubia igaro genuen Kursaalera hurbiltzeko, gauero artistek gurutzatzen duten alfonbra gorria ikusi eta lehiaketaren photocall ofizialaren aurrean derrigor egin beharreko argazkia egitera.
Eguna zoragarria zen, eta, ondorioz, Kursaal inguru osoan ibili eta gero, eta ez Belluccik eta ez Ricardo Darinek ez zigutenez agur egin, zerbait hartzea erabaki genuen Zurriolako hondartza pareko taberna-karpan.
Indarrak berrituta, gure bidean jarraitu genuen festibalaren ikonoetan aurrera, Victoria Eugenia Antzokirantz eta Maria Cristina Hotelerantz. Okendo plazan ginela, aire zabalean zegoen pantaila erraldoi batean eman zuten filmen laburpen batez disfrutatu genuen, eta arratsaldeko zazpiak aldera itzuli ginen berriro etxera, benetako zinema arratsalde baten ondoren.