Gure laguntza-eredua
Honako bi oinarri hauek dira gure laguntzaren inspirazio-iturriak:
- Zahartze aktiboa
- Pertsona, arretaren ardatz nagusia
Zahartze aktiboa
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 1947an adierazi zuen osasuna ez zela gaixotasun-eza soilik, baizik eta ongizate fisikoa, emozionala eta soziala. Zahartzeari dagokionez, gabeziei eta desgaitasunei lotutako zahartze-prozesua ere kontuan hartuta, OMEk zahartze aktiboa proposatu du azken urteotan. Honako hauek dira zahartze horren alderdi nagusiak:
- Osasuna
- Segurtasuna
- Parte-hartzea
- Ikastea
Gure egoitza-zentroetan lau alderdi horiek zaintzen saiatu behar dugu, egoiliar bakoitzaren gaitasun-mailara moldatuta. Helburua beti izango da ingurune seguru batean osasuna sustatzea. Ingurune horretan parte hartzeko aukera emango diegu egoiliarrei, norberaren inplikazio-mailaren araberakoa. Horrez gain, garapen pertsonalerako aukera berriak eta esperientzia laguntzaileak proposatuko dizkiegu.
Pertsona, arretaren ardatz nagusia
2000. urteaz geroztik azpimarratu da pertsona ardatz nagusitzat hartzen duen zaintza- eta arreta-ereduaren garrantzia, adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetze aldera (Beavis, D. y cols., 2002).
Arreta (zaintza) emateko eredu hori, pertsona ardatz nagusitzat hartzen duena, dementziadun pertsonekin ere erabili da (Van Zdelhoff, E. y cols., 2011).
Autonomia eta parte-hartzea dira pertsona ardatz nagusitzat hartzen duen arretaren oinarriak.
Prozesuaren erdian pertsona jartzen da, jakintza profesionalen eta antolaketa-beharren gainetik.
Pertsonaren dignitatea eta eskubideak uneoro errespetatu eta babestu behar dira.
Hori guztia egoitza-zentro batean lortuko bada, beharrezkoak dira honako hauek: malgutasuna, egokitzapena eta elkarrizketa jarraituak, doiketak etengabe egiteko. Beraz, laburbilduz, beharrezko metodologia garatu behar da, desgaitasunen bat duen pertsona helduak berak bere bizitzari eta bideragarriak diren helburuei buruzko erabakiak antolatu eta har ditzan, ahal duen neurrian.
Bestela esanda, laguntzaren funtsezko planteamendu orokorra zahartze aktiboa sustatzea da, pertsona ardatz nagusitzat hartuta eta parte hartzea bultzatuta.
Lan-metodologia
Diziplina anitzeko taldeak
Hainbat langile adituk osatzen dituzte gure taldeak. Profesional horiek lan bateratua egiten dute, egoiliarren behar fisikoei, psikologikoei, emozionalei, funtzionalei eta espiritualei erantzuteko. Honako hauek dira:
- Medikuak
- Erizainak
- Psikologoak
- Gizarte langileak
- Laguntzaileak (zaintzaileak)
- Fisioterapeutak
- Okupazio-terapeutak
- Aisialdiko monitoreak
Berrikuntza eta etengabeko hobekuntzak
Berrikuntzak egiten ditugu, kalitateko laguntza lortu eta hobetzeko. Horregatik, azken aurrerapen teknologikoak erabiltzen ditugu gure laguntza-ereduan, eta etengabe berrikusten ditugu gure ekintzak, gure jardunaren oinarriei jarraituta.
Gure zentroek ISO: 9001 ziurtagiria dute.
Egoitzetan zaintzea
Egoitzetan arreta emateko zerbitzuaren helburua pertsona bakoitzari arreta integrala eta jarraitua ematea da. Besteren laguntza behar duten 60 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago, baldin eta egoitza batean era iraunkorrean edo behin behinean zain ditzaten behar badute.
Eguneko zentroetan zaintzea
Eguneko Zentro Psikogeriatrikoa sortu zen besteren laguntza behar duten pertsona zaharrei mantentze-arreta eta errehabilitazioa emateko. Horren bidez, hauxe lortu nahi da: adineko pertsonek beren familia-ingurunean ahalik eta denbora gehien jarrai dezaten, eta beraien maila funtzionala eta bizitzaren kalitatea ahalik eta handienak izan daitezen.
Adineko pertsonen zentroak