“Ez zaigu arraroa egiten jendeak arteterapiaren berri izatea”
“Tradizionalki ikusi dugu nola margolaritza, musika… artea, oro har, ‘arimarako terapia’ bat izan den, eta buruko gaitzak pairatzen dituzten pertsonen tratamenduari lotuta ezagutu dugu. Ez zaigu arraroa egiten ‘arteterapiaren’ entzutea izatea“. Hitz horien bidez aurkeztu dizkigu Ana I. Domínguez Panchón psikologoak arte-galeria txiki bilakatu diren Egonaldi Luzeko B saileko unitateak.
Bertan, Leire Franco monitoreak bere talentua eta ezagutza piktoriko zabala eta era horretako tailerretan parte hartzen duten buruko gaitza pairatzen duten 17 pertsonenak uztartzen ditu. Ospitaleko gainerako sailetan bezala, jarduerak urtean behin planifikatzen eta hiru hilabetean behin berrikusten dira. “Unitate hauetan garrantzi handia du inguruarekiko kontaktua mantentzeak, maila guztietako estimulazioa ‒kognitiboa, zentzumenekoa eta fisikoa‒ eta jarduera bera sustatzea ahalbidetzen duten jarduerak egiteak”, nabarmendu du Psikologian doktoreak. “Eskulanen zereginetik urrats bat harago jotzea da asmoa. Egitetik sortzerako jauzia”.
Programak eguneroko bizitzaren eta bizi-kalitatearen sustapenaren inguruan pentsatutako plangintza bati erantzuten dio. Oinarrizko beharrak asetzeko laguntza eta erraztasunak behar dituzten mendeko pertsonez ari gara. Guztiok bezala, beste behar batzuk ere badituzte; horien artean, sozializazioa, zentzumenen estimulazioa, denbora zerbaitean ematea, espiritualtasuna eta osasunaren babesa. Alor horien inguruan programatzen eta planifikatzen da jarduera.
“Buruko gaitza pairatzen duten adineko pertsonak eguneroko jarduera erraz eta erakarrien bidez mantendu daitezkeen gaitasunen jabe dira. Adibidez, urtean zehar, urtaroak, jaiegunak edo egun bereziak aipatutako helburuak betetzen dituzten jarduerak abian jartzeko modua edo aitzakia dira. Jardueraren erritmoa egokitzen eta pertsona bakoitzaren gaitasunen arabera moldatzen da”, azaldu du gure adituak. “Buru mailan mugak dituzten pertsonek lagungarri zaizkien baliabideak erabil ditzakete, eta beste komunikazio-modu batzuk erakusten dituzte”.
Baina, horrez gain, asmoa ehundu, josi, idatzi, abestu… edo motrizitate xehea edo hizkuntza bezalako gaitasun oinarrizkoagoak baliatzean eta horiek bultzatzean datza. Horretarako, parte hartzaile bakoitzaren gustuak kontuan hartzen dira, jakina, “nahiz eta beti ez diren zehazten errazak. Jarduerak eta zereginak proposatzen ditugu, eta haien erantzun eta interesari adi egoten gara. Orokorrean ez dute gogo handirik erakusten ezjakintasuna eta ahanztura direla eta, baina jarduera gustuko dutenean, orduan eskatu egiten digute”.
Artearen eta sormenaren funtzioa
Ana I. Dominguezen iritziz, artea edertasuna eta sentikortasuna da, eta espeziearen bilakaera laguntzen du. “Artearekin gozatzen dugu, hura ikusiz, ukituz edo esperimentatuz. On egiten die pertsona guztiei. Bitxia da nola hautematen den eta gaixoak korronte abstraktuagoetara nola hurbiltzen diren ikustea. Baina horrek ez du jarduera baldintzatzen. Helburua aukera ezberdinak ezagutzean eta esperimentatzean datza”.
Margolarien eta obren aukeraketak ere badu zerikusirik jarduera egiteko erraztasunarekin. Giuseppe Arcimboldo ezohiko artista bat zen, eta hainbat koadro-segida egin zituen (gai beraren inguruko aldaerak), non fruituak, barazkiak, animaliak eta objektuak konbinatzen zituen aurpegiak eta siluetak sortzeko, collage bitxiak osatuz. “Jenio horren obretan oinarrituta, hura ezagutzeko eta urtaro bakoitzean zein fruitu eta barazki topa daitezkeen jakiteko asmoz, udazkena irudikatzen zuen collage bat egin genuen zetazko paperarekin eta gure patioan bildutako haziekin. Era berean, landu nahi diren obren arabera, teknika artistiko ezberdinak erabiltzen dira; esate baterako, erretratuen grabatzea azetatozko plantxekin, puntillismoa, txantiloiz pintatua, estanpazioa, ‘frottage’, esgrafiatua, etab.“, zehaztu du Leire Francok monitore gisa.
Ana I. Domínguezek argitu duenez, helburu nagusia estimulazioa eta gozamena dira. Estimulazioa zentzu zabalean ulertzen dute, izan ere, jarduera sortzaile eta artistikoa onuragarria da buruko jarduerarako, eta motrizitate xehea ere bultzatzen du. “Taldean egiten denez eta interakzioa eskatzen duenez, sozializazioa bultzatzen du”.
Jarduera gidatua eta egituratua da. Lanaren plangintza egin eta hiruhilekoan zehar antolatzen da. Horrek nork bere burua ordenatzen ere laguntzen du, oinarrizko buru-funtzioak diren urratsak jarraitzea eta jarduera sekuentziatan banatzea sustatuz. Ikus dezakegunez, haren onurak eskulanetatik harago doaz. “Muga funtzionalak eta intelektualak dituzten pertsonei emaitza ederra duen jarduera bat egiten laguntzea positiboa dela uste dugu eta, horrez gain, emaitza hori ikusi eta besteei erakutsi ahal bazaie, hori edozein artistaren helburua da, ezta? Besteekin beren lana partekatzea, ikus dezatela. Gaixoen koadroak apaintzen dituzte pertsona horiek bizi diren unitateak, eta ikusgai daude, besteek ere goza ditzaten, hemen lan egiten dugun langileok barne“.
Hasierako zailtasunak gorabehera, bi profesionalek pentsatzen dute, jarduera bideragarria izateaz gain, deigarria dela marrazki eta collageen maila artistiko handia. Jarduera egiteko, artista ospetsuengana jotzen dute erreferentzia bila. Azkenaldian lan polita egin dute emakume margolarien inguruan, goiko irudian ikus daitekeen bezala. Kasu horretan, eta oro har, jarduera helburu bat lortzera begira gidatutako margolanen kopiak egitean datza. “Lan gidatua da; pertsona bakoitzari bere gaitasunen araberako zereginak egokitzen zaizkio, kopia egin ahal izan dezan”. Kopia sinpleak dira, teknika ezberdinen bidez eginak. Tailerretan pixkanaka-pixkanaka lan-metodo, kolore, paper edo material berriak baliatzen doaz.
“Ikasten goaz. Hasieran saio hutsak ziren, non urtaroak laguntzen jardun genuen. Hortik Giuseppe Arcimboldoren ‘Udazkena’ sortu zen; gero, martxoaren 8aren harira, emakumeen sorkuntza gisako gizarte gaiak baliatzeko ideiak sortuz joan ziren, hain ezagunak ez diren emakume artisten obraren garrantzia nabarmentzeko -Leonor Fini, Remedios Varo, Luise Bourgeois, Yayoi Kusama, Frida Kahlo, Hilma af Klint-. Monet, Picasso, Miró, Kilmt, Munch eta aurreko mendeko margolari errealistei ere heldu genien. Margolarien eta obren aukeraketak ere badu zerikusirik jarduera egiteko erraztasunarekin”, adierazi dute.
Birziklapen sortzailea
Egin duten azken lanetako bat birziklapena arteari aplikatzean datza. Margolan abstraktu edo errealistetan oinarrituta, kopiak zaborrontzian amaituko zuten eguneroko material arruntak baliatuz egin dituzte. Emaitza oso plastikoa da. Gainera, udan zehar jarduera horren parte hartzaile kopuruak gora egiten du, gaixo berriak iristen baitira. Oraingoan, partaideek Eduardo Txillida hobeto ezagutu dute, soilik margo beltza, papera eta pintzel bat erabiliz haren obra ospetsuenak irudikatzeko. Ana I. Domínguez eta Leire Francoren arabera, “asko gozatu dute artista ospetsuen obrak emaitza onekin birsor ditzaketela ikusita”.
Bada bi profesional hauek asetzen dituen zerbait: edertasuna sortzea. Bistan da hala dela. Saioetan lan ona egiten da, eta besteek ikusi eta goza dezaketen emaitza on bat lortzen da “pixka bat hantusteak izanik –diote, eta ez zaie arrazoirik falta-, artisten antzera”. Teknika piktoriko handirik behar ez dela ziurtatzen dute, Picassok bere obra osoa berriz haur baten moduan margotzean zetzala adierazi zueneko esaldia bere gain hartu besterik ez dutela egiten. “Pertsona hauek margotzen duten haurren modukoak izaten jarraitzen dute… Kopiatuz bada ere, adierazi eta sortu egin dezakete”. Ez dago inolako zalantzarik hori hala dela.