Why Not Futbol Torneoan parte hartu dugu
Aurten ere, Aita Menni Ospitaleko pazienteek parte hartu dute Why Not Fundazioak antolatutako Futbol Torneoan. 55 plazako autobus oso bat irten zen Arrasatetik Donostiako Aiete auzoko Puio futbol zelaira, ostiral goizeko 9etan. Han, gure Maldatxo Errehabilitazio Psikosozialeko Zentroko erabiltzaile taldearekin elkartu ziren, hura ere gonbidatuta baitzegoen.
Aita Mennik, osasun mentaleko beste zentro batzuek bezala, txapelketa honetan parte hartu du, berriro ere Realaren laguntzarekin. Garatzen dituen jardueren bidez, Why Not Fundazioa gaixotasun mentala ikusarazten eta nahasmendu mentalak dituzten pertsonen eta haien familien bizi kalitatea hobetzen saiatzen da Gipuzkoan. Kirolaren bidez, helburua da bizikidetza eta errespetua bezalako balioak sustatzea.
Goizeko 10etan hasi ziren taldeetan kamisetak banatzen, eta, jarraian, partidak jokatzen hasi ziren. Jokalariek eta ikusleek goiz polit eta dibertigarri batez gozatu zuten. Lehiarako giro sano batek emozioa jartzen zuen jokaldi bakoitzean. Taldeetako jokalariek kiroltasunez agurtzen zuten elkar, eta batzuk lehenagotik ere ezagutzen zuten elkar, kasu batzuetan ospitalean batera egondakoak zirelako.
Gure taldeak, horiak, hiru partida jokatu zituen. Partida bakoitzean pertsona desberdinek jokatu zuten, eta, beraz, inor ez zen baloiari eman gabe geratu. Golen bat sartu eta penalti bat gelditu zuten. Eta, galdu zuten arren, txalo artean zoriontsu iritsi ziren José Mari Martínez, Mitxel Loinaz, Miguel Fuentes eta Iñaki Alaba Realeko jokalari ohiek gidatutako sari banaketara.
Bukatzeko, mundu guztiak bazkariaz gozatu zuen, eta ez zen barrerik falta izan hain esperientzia positiboaren ondoren. Aldez aurretik begiraleek eta pazienteek Why Not-en irratsaiorako adierazpenak egin zituzten. “Galdu dugu, baina apaltasun handia ikusi dugu”, adierazi zuen gure jokalarietako batek, jardunaldi osoan partekatutako poza nabarmenduz.