Villabonan entzierro txikia ikusten
Villabonako Santiago Egoitzako aitona-amonei ikaragarri gustatzen zaie herrian antolatzen diren ekintzetan parte hartzea, eta, horregatik, joan den uztailaren 7an, udaletxeraino gerturatu ziren, San Fermin eguna ospatzera.
Lepoan ohiko zapi gorria jantzita, egoiliar talde bat Errebote plazan izan zen txupinazoaren jaurtiketan eta, ondoren, udalekuak direla-eta herrian dabiltzan neska-mutilek protagonizatu zuten entzierro txikian ere izan ziren.
Santo Domingoko aldapa balitz bezala, ohiko egunkariez horniturik, neska-mutikoek santuari kantatu eta urduri itxaron zuten zezenak noiz agertuko; azkenean, plazan korrika eginarazi zieten puska batean. Entzierro garbia izan zen, erorikoengatik egindako urraketa txikiren bat beste gorabeherarik gabe.
Gure aitona-amonek alai eta ilusioz disfrutatu zuten jai giro apartaz.
Gora San Fermin! Viva San Fermín!