Alfonso Saez de Ibarra psikologo klinikoakEusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekinorain betetako20 urteko lankidetzaren balantzea aurkeztu zuen, hilaren 9an, saio kliniko batean. 1998. urteaz geroztik, jarduera asistentziala dibertsifikatzeko eta kanporantz irekitzeko prozesuaren baitan, Kanpo Kontsulten Zerbitzua laguntza psikologia ematen hasi zitzaien Ertzaintzaren Arabako eta Gipuzkoako agenteei. 2001etik aurrera, zerbitzua Bizkaiko lurraldera ere hedatu zen.
Autobabes psikologikoa
Kanpo lankidetza hori hainbat modutara islatzen da, tartean egonik jarraipen klinikoa egitea eta kasu batzuk gure ospitalean tratatzeko bideratzea, edo laneko arriskuen prebentzioa. Ertzainei osasun mentalaren esparruan ematen diegun zerbitzuaren barruan, prebentzio programa psikohezitzaileen baitan, prestakuntza eta prebentzio ekintzak garatzen dira komisarietan, Erandio-Iurretako baseetan eta Arkautiko Akademian. Lantzen ditugun gaien artean aipa ditzakegu antsietate eta estresari erantzuteko hurbilketak, aukera prebentiboak eta terapeutikoak, egoera zailei aurre egiteko trebetasunak garatzea, taldeak kudeatzeko trebetasun emozionalak, albiste txarren komunikazioa, autobabes emozionala genero indarkeriaren biktimekin, estres postraumatikoa prebenitzeko baliabideak, eta abar.
Alfonso Saez de Ibarrak nabarmendu zuenez, jarraipen klinikoak 20 urte bete dituelarik, polizien kolektiboaren patologia mentala eta gainerako biztanleena ez dira desberdinak, baina armen erabilerak eta arlo horretan diharduten pertsonek egunero aurre egin beharreko arazoek beharrezkoago bilakatzen dute autobabesa, egon daitezkeen gertakari traumatikoen aurrean. Horrez gain, arreta integraleko eta desoreka psikikoak mugatu eta kontrolatzeko filosofiaren barruan, gure psikologo eta psikiatra profesionalen arretak arreta terapeutikoa ere hartzen du bere baitan, egokitzapen koadro erreaktibo desberdinetan.
Tratamendu konbinatuaren onura
Nabarmendu daiteke zentro gutxik dutela Aita Mennirena bezalako gaitasun berezia, tratamendu psikiatrikoa eta psikologikoa konbinatuz hainbesteko sendotasun eskaintzeko. Eta frogatu da modu koordinatuan esku hartzen denean eraginkortasun terapeutikoa eraginkorragoa dela eta sufrimendu psikologikoa gehiago arintzen dela. Saez de Ibarraren iritziz, gure ekarpenak agerian jarri duenez, “beharrezkoa da zaintzaileak zaintzea, poliziaren lanak eragin dezakeen kostu emozionala kontuan hartuta, eta garrantzitsua da patologien prebentzioaren eta detekzioaren kultura sortzea”.
Etengabeko prestakuntzaren garrantzia
Saez de Ibarrak saioa baliatu zuen Aita Menni Ospitaleari eskerrak emateko, Ertzaintzarentzako arretan parte hartu duen taldearentzat hazkunde eta garapen profesionalerako aukera ekarri duelako hainbat teknika terapeutiko berezietan prestatzeko, horien artean egonik debriefing psikologikoa, orientazio dinamikoko teknika laburra, integrazio zerebraleko teknikak eta beste batzuk.