Aita Menni Ospitaleak 120 urte bete zituen joan den ekainaren 1ean. Egun horretan, 1898. urtean, Agate Deunako Osasun Etxea inauguratu zuten Gesalibaren (Arrasaten), Agate Deunako antzinako bainuetxean. Horrela, Aita Benito Mennik, Jesus Bihotz Sakratuaren Ahizpa Ospitalarien Kongregazioko sortzaileak, Euskadiko laguntza psikiatrikoko lehen zentroa sortu zuen.
Garai hartan, gaixotasun mentala zuten pertsonentzat hurbilen zeuden ospitaleak Valladolid edo Zaragozakoak ziren, eta ez zen erraza haietan sartzea. Bere lehen proiektua 1876. urtean abian jarri zuen Eskoriatzan, baina gerra amaitzean, erakunde publikoetako indar politikoetan gertatu ziren aldaketak zirela eta, urte berean itxi zuten.
Zenbait urte geroago, Aita Mennik bere ametsa errealitate bihurtzeko aukera izan zuen Agate Deunako bainuetxean, Gesalibaren. Agate Deunako antzinako bainuetxeko bezero berezien artean zegoen orduko Gobernuko lehendakaria, Cánovas del Castillo, 1897ko abuztuaren 8an han bertan hil zutena. Hilketa horrek erabiltzaileen errefusatzea eragin zuen eta horri esker, Aita Mennik merke erosi zuen establezimendua.
1898ko ekainaren 1ean Aita Benito Mennik, Añibarro doktoreak, zenbait Ahizpa Ospitalarik, San Joan Jainkoarenaren anai batzuk eta 50 gaixok Agate Deunako Osasun Etxea estreinatu zuten. Horrela, aintzako bainuetxea Euskadiko laguntza psikiatrikoko lehen zentro bihurtu zen.
Eremu berrien arreta
Aita Menniren eginkizuna gaixotasun mentala eta adimen desgaitasuna eta desgaitasun fisikoa duten pertsonen osasuna zaintzea, gaixoak hartzea eta laguntzea izan da, beste patologia batzuk baztertu gabe. Azkenaldian bere lana beste arlo batzuetara hedatu da, gizartearen beharren arabera. Horrela, laguntza psikiatrikoa emateaz gain, hartutako kalte zerebrala duten pertsonen errehabilitazioaren esparruan, mendetasun eta narriadura kognitiboko maila desberdinak dituzten adinekoen arretan eta osasun mentalarekin lotutako eremu soziosanitarioan lanean jarraitzen du.
Bere jardueran zehar gure zentroak une bakoitzaren gizarte- eta kultura-inguruabarrei erantzun die, bazterkeriari, sufrimenduari eta gaixotasunak, mentalak bereziki, eragindako desgaitasunari bereziki arreta emanez eta eragindako pertsonen eskubideak eta beharrak defendatuz.
Aita Menni gizartearen eta baztertuta dauden pertsonen etengabeko eskaeretara egokitu da. Horren erakusgarria dugu Arrasatetik harago hedatu duela bere jarduera, eta gaur egun, Euskadiko 20 herrietan dago, 30 laguntza-zentro baino gehiagorekin, pertsonengandik hurbil egotea eta haien beharrei erantzuteko.
1998. urtean, gure zentroaren mendeurrenaren ospakizunaren barruan, ordura arte Aita Menni Ospitalearen bizitzan gertatu ziren aldaketa garrantzitsuenak jasotzen zituen liburu bat aurkeztu zuten. Horren bidez, han bizitako gertaeren lekuko eta ekarpen bat baino gehiago, historiako protagonistei omenaldia egin nahi zien. Orri hauetan jasotzen ditugun gertaerei buruzko informazio grafikoa eta idatzizkoa da argitalpen horretan agertzen dena.