Trauma psikologikoan esku hartzea
2001. urtetik, Aita Menni Ospitalean psikotraumatologiari lotutako patologiak ere artatzen ditugu. Mota guztietako gertaera traumatogenikoak pairatu dituztenek (erasoak, bortxaketak, hondamendiak, larrialdi psikologikoak, atentatuak, torturak, etab.) koadro psikopatologiko espezifikoak izaten dituzte, eta horiekin egin beharreko interbentzioak gainditu egiten du afektibitate edo antsietate nahasmenduen lanketa klasikoa.
Erronka terapeutiko horren ondorioz, trauma psikikoaren arloan interbentzio eta tratamendu espezializatuak sakondu eta garatu ditugu, ibilbide eta esperientzia luzeko Europa erdialdeko eskolekin koordinatuta (Suitzako Psikotrauma Institutua). Ildo horretan, Aita Menni Ospitaleak Gisela Perren-Klinger doktoreak (aipatu institutuaren sortzailea) akreditatutako profesionalak ditu, Lehen Laguntza Psikologikoetan, larrialdietako eta hondamendietako prebentzio tekniketan (debriefing psikologiko indibiduala eta taldekoa) eta trauma osteko nahasmendu psikikoetarako denbora mugatuko terapia espezializatuetan esku hartzeko eta prestatzeko.
Kanpo Kontsulten Zerbitzuan (psikologo klinikoek eta psikiatrek osatzen dute), trauma osteko estresaren nahasmenduari eta trauma psikologikoaren inguruko beste sindrome batzuei lotutako kasuak prebenitzera, krisian esku hartzera eta terapeutikara (psikoterapia eta psikofarmakologia) bideratutako esku hartzeak garatzen ditugu.
Larrialdi eta hondamendietako taldeentzako prestakuntza
Osasun psikikoaren prebentzioaren eta sustapenaren arloan, Aita Mennik prebentzio programak eskaintzen ditu, larrialdietan eta hondamendietan esku hartzen dutenei beren osasun psikikoa zaintzea eta era askotako biktimekin modu eraginkorragoan esku hartzea ahalbidetuko dieten tresnak eta prestakuntza emateko.
Metodologiak hiru alderdi hartzen ditu. Alde batetik, traumaren psikologiari buruzko ikuspegi psikohezitzailea. Bigarrenik, egoera zailei aurre egiteko erabili beharreko tresnetan trebatzeko dinamikak, entrenamendu bidez (role playing, jokabide saiakuntzak). Hirugarrenik, esku hartzen dutenentzako autobabes estrategiak ezartzea eta barneratzea.
Ikastaro horiek batez ere praktikoak dira, eta izaera presentziala dute, prestakuntza jasotzen duen pertsonaren beraren bizipenei bideratuta, gainbegiratze maila handiarekin. Gutxi gorabehera 20 orduko iraupena izaten dute.
Krisian esku hartzea
Krisian esku hartzearen esparruan, banakako eta taldeko esku hartzeak egiten ditugu in situ, larrialdia gertatzen den ingurunera joanez beharrezkoa denean. Adibide gisa, gure Ospitaleko psikologoek parte hartu izan dute atentatuen, heriotza traumatikoen edo suizidio saiakeren ondoren, eta familiak artatu dituzte suizidio burutuak, urgentziazko desoreka psikikoak edo bestelako gertakari kritiko batzuk gertatu direnean. Beste maila batean, gure profesionalek beste krisi handiago batzuetan parte hartu dute, hala nola M-11n.
Krisi osteko esku hartze prebentiboa
Krisiaren beraren ondoren, prebentzio ekintzen bidez esku hartzen dugu traumatikoak izan daitezkeen egoera bereziak pairatu dituzten langileekin. Hau da, Ospitaleko profesionalek egoerarik kritikoenetan parte hartu duten taldeekin lan egiten dute, a posteriori, trauma osteko osasun psikikoa sustatzera bideratutako prebentzio tekniken bidez.
Aita Mennin, debriefing teknikei buruz prestatzeko baimena duten profesional gutxietako batzuk ditugu, Gisela Perren-Klingerren metodoan oinarrituta (Suitzako Psikotrauma Institutua).
Tratamendu psikiatrikoak eta psikoterapeutikoak
Tratamendu psikoterapeutiko eta psikiatrikoaren arloan, bizipen traumatikoen eta horiei lotutako nahasmenduen (trauma osteko estresak eragindako nahasmenduak, etab.) lanketa psikoterapeutiko eta psikofarmakologikoan espezializatutako profesional talde bat dago. Ildo horretan, Aita Menni Ospitaleak Gisela Perren-Klinger doktorearekin lankidetzan eta haren begiradapean lan egiten du (Suitzako Psikotrauma Institutuko psikiatra fundatzailea).
Hitzarmenak eta aholkularitza espezializatua
Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen erakundeak lankidetza hitzarmenak ditu asistentziaren eta prestakuntzaren arloan gobernu erakundeekin eta babes zibilaren arloko erakundeekin. Erakunde horietako kideek era askotako larrialdietan esku hartzen dute, eta egoera potentzialki traumatikoei aurre egin behar dietenean gaixotzeko arriskua dute. Hau da:
Eusko Jaurlaritzako Barne Saila
Poliziaren esparruan hainbat gai lantzeko ikastaroak: arrisku psikotraumatologikoko interbentzioen ondoriozko antsietateko patologiaren prebentzioa, krisietan esku hartzea, gertaera traumatikoen osteko esku hartze prebentiboa eta trauma osteko terapeutika (psikiatria eta psikoterapia).
Espainiako Gurutze Gorria
Espainia osoko Larrialdiei Berehala Erantzuteko Taldeetan (ERIES) Esku Hartze Psikosozialean espezializatuta esku hartzen dutenei eta profesionalei Lehen Laguntza Psikologikoei buruzko prestakuntza ematea.
EAEko Gurutze Gorria
EAEko Larrialdiei Berehala Erantzuteko Taldeetan (ERIES) Esku Hartze Psikosozialean espezializatuta esku hartzen dutenei eta profesionalei Lehen Laguntza Psikologikoei buruzko prestakuntza ematea.
Arabako Gurutze Gorria
Oinarrizko prestakuntza sorospen eta larrialdietako unitateko boluntarioentzat.
Arrasate Gipuzkoa
Aita Menni Ospitalea
Gesalibar auzoa, 15.
20509 Arrasate (Gipuzkoa)
Teléfono: +34 943 794 411
Fax: +34 943 794 411
E-mail: [email protected]