Desgaitasun Intelektualeko Trantsizioko Unitatea

Desgaitasun Intelektualeko Trantsizioko Unitatea

10 leku

2020ko urtarrilean, Gipuzkoako Foru Aldundiko batzorde soziosanitarioarekin koordinatuta, Desgaitasun Intelektualeko Trantsizioko Unitatea (UDITRAC Trantsizioa) sortu zen. Unitate espezializatu bat da, trebetasunak lantzeko eta garatzeko, pertsonak epe labur-ertainera ingurune komunitario batean sartzeko, desgaitasun intelektual eta nahasmendu mentalaren testuinguruan jokabidearen nahasmendu arinak dituzten pertsonei zuzenduta.

Helburu asistentzialak

Proiektuaren helburu orokorra erabiltzaileen zein senitartekoen bizi kalitatea hobetzea da, banakako programa terapeutiko errehabilitatzaileak erabiliz, erabiltzaileei komunitatean normaltasun osoz moldatzeko beharrezko gaitasunak ikastea edo berreskuratzea eta beraien ingurune sozialean ahalik eta erarik aktibo eta autonomoenean parte hartzea ahalbidetzeko.

Programa asistentzialak

Gaur egun, UDITRAC Trantsizioko 10 erabiltzaileak Aita Menni Ospitale barruko pisuan bizi dira elkarrekin; etxe baten berezko instalazioak ditu, eta hor eguneroko bizitzako jarduera oinarrizko eta instrumentalen garapenean eta trebetasun soziokomunitarioetan trebatzen dira, arlo horietan noizbehinkako laguntza edo laguntza mugatua behar duten pertsonen profilaren testuinguruan.

Interbentzio ereduak hiru zutabe nagusi ditu, elkarren artean lotura estua dutenak eta multzo koherentea osatzen dutenak:

Laguntzen paradigmak ideia hau defendatzen du: gehiago zentratzen gara pertsonaren laguntza beharretan, bere diagnostikoan baino, haren autodeterminazioari eta inklusioari erreparatzeko. Laguntzak garapen, hezkuntza eta ongizate pertsonala sustatzea helburu duten baliabide eta estrategia gisa definitzen dira, horrela, eguneroko bizitzako hainbat eremutan funtzionamendua hobetzeko eta pertsona horien bizi kalitatea sustatzeko.

Laguntzaren ikuspegi horretatik, Pertsonarengan Oinarritutako Plangintza entzuteko eta ikasteko etengabeko prozesu gisa egituratzen da, bakoitzarentzat garrantzitsua dena jakiten saiatzeko, bai egungo bizitzari dagokionez, bai etorkizunerako bizi planei dagokienez. Gainera, prozesu kolektibo bat da, eta bertan parte hartzen dute Unitateko erabiltzaileek eta horiekin lotura handia duten hurbilekoek, senitartekoek, lagunek eta beste profesional batzuek, betiere kide bakoitzak aldez aurretik horien parte hartzea onartzen badu.

Aldi berean, bizi kalitatearen kontzeptua kontzeptu konplexua da, honela ulertu daitekeena: “ongizate objektiboa eta subjektiboa uztartzea, norberaren kulturan eta denboran garrantzitsuak diren hainbat bizi eremutan, betiere giza eskubideen estandar unibertsalei atxikitzen bazaie”. Bizi kalitatearen paradigmak azpimarratzen du pertsonak parte hartzen duela talde profesionalak egiten duen jarduera, programa eta abarren plangintzan, eta desgaitasuna duten pertsonen helburuak planifikatzeko beste modu bat sortzen du: Laguntza Plan Indibidualizatuak.

Horregatik, UDITRAC Trantsizioko interbentzioan pertsonak beren bizitzaren parte hartzaile bihurtzen dira, laguntza indibidualizatuekin, baliabide komunitarioetan bizi proiektu indibiduala garatzeko behar duten arloetan, beren bizi kalitatea hobetzeko.

Egonaldien batez besteko denbora

Errehabilitazio prozesu indibidualizatu bat da, non kasu bakoitzean baloratzen den egonaldiaren beharra, ezaugarri klinikoen eta jokabidearen ezaugarrien arabera; egonaldiaren denbora zehazteko, berriz, autonomia maila handiagoa izatea eta ondoren ingurune komunitario batean sartzea ahalbidetuko duten egokitzapenezko jokabideak noiz lortzen diren begiratzen da.

Pazienteak

  • Diagnostiko hau dutenak (ICD-10 irizpide diagnostikoak): Mugako Adimena, Desgaitasun Intelektual arina, moderatua edo larria edo Espektro Autistaren Nahasmendua edo elkartutako Nahasmendu Mentala (eskizofrenia, nahasmendu bipolarra…), Jokabidearen Nahasmenduarekin.
  • 15 eta 55 urte bitarteko adina (ez da baztertzen 15 urtetik beherako nerabeak noizbait hartzeko aukera)
  • Nortasunaren Nahasmendu Antisozialak kanpo uzten dira.

Talde asistentziala

Erabiltzaileentzako zerbitzua integrala da, hau da, osasun eta ongizate eredu globala lortzera jotzen du, osasuna, gizartea, psikologia, ingurunea, bizikidetza, kultura eta antzeko alderdiak kontuan hartuta. Horretaz guztiaz diziplina anitzeko talde terapeutiko bat arduratzen da, partaide hauekin:

  • Medikuak
  • Erizainak
  • Erizaintzako laguntzaileak
  • Gizarte langileak
  • Ekintza eta aisialdiko langileak
  • Psikologoak

 

Arrasate  Gipuzkoa

Aita Menni Ospitalea

Osasun mentala Desgaitasun intelektuala Kalte zerebrala Adineko pertsona

Gesalibar auzoa, 15.

20509 Arrasate (Gipuzkoa)

Teléfono: +34 943 794 411

Fax: +34 943 794 411

E-mail: [email protected]