Udako jarduerak Durangoko Barandiaran Egoitzan
Uda hasi zenez gero, Durangoko Joxe Miel Barandiaran Adineko Pertsonen Egoitzan hamaikatxo jarduera egin ditugu.
Ekainean, esaterako, Durangaldeko adineko pertsonentzako gimnasia topaketan parte hartu genuen. Aurten, Elorrioko kiroldegian egin zen. Gure koreografiarako aukeratutako abestia, berriz, “Aldapan Gora” izan zen. Entsegu ugari egin genituen, eta ahaleginak eman zituen bere fruituak: ederto atera zitzaigun! Ospatzeko, bazkaria egin genuen Durangoko Gran Hotelen. Janari ederra dastatzeaz gainera, arratsalde bikaina igaro genuen, musika eta dantza giroan.
Ekainean zein uztailean, ostegunero, Betixu jatetxera joan gara, autobusez. Han, muztioa edanez eta patata frijituak janez, Iurretatik dauden ikuspegi zoragarriez gozatu dugu, baita taldeko hizketaldiez ere.
Gehien gustatzen zaizkigun txangoak, berriz, hondartzara egindako irteerak dira. Aurten, dagoeneko birritan joan gara Gorlizko hondartzara.
Argazkietan ikus dezakezuen bezala, hondartzara egin genuen lehen irteeran, nahiz eta goizean lainotuta egon, pixkanaka argitzen joan zen, eta udako egun ederra geratu zitzaigun azkenerako.
Joan den ostiralean, uztailak 20, uztaileko azken jarduera berezia egin genuen: beste txango bat hondartzara. Ordukoan, baina eguraldia ez genuen lagun izan, eta haizea eta lanbro pixka bat eduki genituen. Dena den, gu ez gaitu ezerk beldurtzen, eta Arkoten kafesne bat hartzea erabaki genuen, zerua noiz argituko zain. Ogitartekoa ere hantxe jan genuen, eta eguraldiak hobera egin zuenean, hondartzako pasealekuan ibili ginen. Argazki batzuk atera genituen, eta itsasoari begira egon ginen, benetan zoragarri baitzegoen.