Txurdinagabarri Egoitzaren Aste Nagusi bizia
Hainbeste ekintza egin genuen aurtengo Bilboko Aste Nagusian Txurdinagabarri Egoitzan, ez dugu denborarik izan egindako guztia eta ateratako argazkiak jasotzeko.
Ekintza batzuk Egoitzan egin genituen, eta nahi izan zuten pertsona guztiek parte hartu ahal izan zuten horietan, eta beste batzuk talde txikitan egin genituen, kanpoan, esaterako, irteerak eta txangoak.
Ekintza bereziak festen aurreko astean hasi ziren jada, eskulanen tailerrarekin, zapi urdinak eta paparrekoak prestatzeko, Marijaiaren irudiarekin, jaietan zehar janzteko.
Irteera bat ere egin genuen Etxebarria parkera, barraken inguruan buelta bat eman eta txurroak meriendatzera.
Urtero egin ohi dugunez, txupinazoaren bezperan Areatzaraino jaitsi ginen jai esparrua bisitatu eta konpartsen txosnak nola geratu ziren ikusteko. Txupinazoa Egoitzan ikusi genuen, zuzenean, telebistan, eta dokumental interesgarri bat ere ikusi ahal izan genuen, 1978an Aste Nagusia nola jarri zen martxan eta nolakoak izan ziren aurreneko edizioak azaltzen zuena.
Egoitzan, Marijaiaren bisita hartzeko zortea izan genuen, eta solairu guztietan ibili zen, bere abesti ezagunarekin giroa alaituz eta dantzaraziz.
Jaiek Txurdinagabarri auzoa asko animatzen dutenez, arratsalde batean aprobetxatu genuen pintxopotera irteteko eta auzokoekin harremanetan jartzeko. Are gehiago, auzoko tabernei konpetentzia egitera ausartu ginen eta, sukaldeko tailerrean, egun bat eman genuen Aste Nagusiko pintxo bereziak prestatzen; benetan onak geratu zitzaizkigun.
Su artifizialak dira jai programan oso-oso gustuko dugun emanaldietako beste bat. Gauak laguntzen badu, Egoitzako teilatuko terrazara igotzen gara ikustera, txokolate eta txurroz ongi hornituta, eta beste egun batzuetan telebistan ikusten ditugu zuzenean.
Inoiz ez dugu galtzen Doña Casilda Parkeko Pergolako bilbainaden emanaldia, eta aurten, ostiralean, “Los 5 Bilbaínos” taldeak egindako bi emanaldietako batez disfrutatu genuen. Egoitzan, gainera, telebistan ikusi ahal izan genituen Pergolako beste emanaldi batzuk ere, esaterako, “Los Txikis” edo “Los Chimberos” taldeen bilbainadak.
Eta astelehenean, hilak 26, pena handiz, telebistan ikusi genuen aurreko gauean nola erretzen zuten Marijaia, eta Bilbon Aste Nagusian egiten diren ohiko ekintza garrantzitsuen errepasoa egin genuen. Ekitaldiak hilaren 25ean amaitu baziren ere, oraindik festa gogoz geunden, eta, beraz, beste bi irteera antolatu genituen Egoitzatik kanpo, bat Circo Italianoren emanaldia ikusteko, Etxebarria Parkean, eta bestea Zazpi Kaleetara, Euskal Museoa ikustera; bertan, erakusketa egonkorrez gain, Bilbok dituen 24 erraldoiak eta 10 buruhandiak zeuden ikusgai.