Txurdinagabarri Egoitzako Oroipen Tailerra Ibaiganen eta San Mamesen egon da
Txurdinagabarri Egoitzan antolatu duten seigarren Oroipen Tailerrean Athleticen egoitzara joan dira. Horrela, Ibaiganen eta San Mameseko zelai berrian izan dira. Tailerra Futbolari Beteranoen Elkarteen Espainiako Federazioak (FEAFV) antolatu eta finantzatzen du. Hemen duzue Federazioak web-orrian argitaratutako informazioa:
Bilbon, 2015eko otsailaren 18an. Futbolari Beteranoen Elkarteen Espainiako Federazioak antolatutako eta finantzatutako seigarren Oroipen Tailerra Ibaiganeko Jauregian egin zen, hots, Athletic taldearen egoitzan. Saioaren lehen zatian (Oroipen Terapia) futbolarekin zerikusia duten zenbait objektu ikusi eta ukitu zituzten parte-hartzaileek (antzinako elastiko eta botak, bota modernoagoak, antzinako baloiak eta modernoak, antzinako San Mames zelaiaren maketa, Ibaigane egoitzaren beraren maketa, banderak, trofeoak…), eta futbolaren barruan duten erabilgarritasunarekin ezagutzen ea lotzen saiatu egin ziren. Horrez gain, han zeuden objektuak beraien bizipen eta oroitzapenekin lotu zituzten.
Saioaren bigarren zatian (Oroipen jolasa), entzuten zituzten himnoak lehen mailako zer taldetakoak ziren asmatu behar zuten parte-hartzaileek. Amaitzeko, Athleticen himno berria eta zaharra entzun zituzten; denek abestu zituzten. Himnoen ondoren lehoiekin eta gabarrarekin lotutako herri-abesti bat abestu zuten. Poz handiz abestu zuten saiora bertaratutakoek.
Saio berezi honetan, narriadura kognitiboa duten zazpi parte-hartzailez gain, Txurdinagabarri Egoitzako langile espezializatuak (terapien ohiko zentroa da), haien zuzeneko senideak, Athletic Fundazioko kideak, Alzheimerra eta bestelako erotasunak dituzten Pertsonen Senideen Elkarteen Espainiako Konfederazioko ordezkariak (CEAFA), Koldo Aulestia presidentearekin, eta Athletic taldeko jokalari ohien elkarteko kideak eta tailerreko laguntzaile ohiak diren Athleticeko lau futbolari ohi ere izan ziren: Ángel Sertutxa, Fidel Uriarte, Juan Maria Zorriketa –FEAFVko presidentea– eta Andoni Ayarza –FEAFVko komunikazio-zuzendaria–.
Saioaren amaieran San Mamesera joan ziren bertaratutakoak, zelai berritik bisita gidatu bat egiteko. Lehoiak bezala autobusez heldu ziren parte-hartzaileak ere ipar harmailaren behealderaino. Oinez joan ziren aldageletara eta zelaira jaitsi ziren aldagelen irteeran dagoen kolore gorrian bilduta.
Eremu mistoan eta palkoan izateaz gain, altxor zuri-gorri berri honen bazter guztietatik ere ibili ziren.