Aita Menni Ospitaleak, Zaporeak GKEarekin batera, elikagaiak premiaz jasotzeko kanpaina bat hasiko du, Turkiako eta Siriako lurrikarek kaltetutako milaka pertsonari laguntzeko. Laguntza eman nahi dutenek elikagaiak utzi ahal izango dituzte, otsailaren 10etik 19ra, gure ospitaleko harreran, Arrasateko egoitzan (Gesalibar, 15).
Aita Menni Ospitaleko Elkartasun arduradun eta kanpainaren koordinatzaile Egoitz Zabalak azaldu duenez, “behar diren eta jasoko diren” elikagaiak honako hauek dira: kontserbako lekaleak, arroza, pasta, kontserbako arraina eta esnea. Gainera, bilketa gunean itsulapiko bat ere egongo da, ekonomikoki lagundu nahi dutenentzat.
“Beste behin, Aita Menni eta Zaporeak berriro elkartu dira tragedia triste baten aurrean elkarrekin lankidetzan aritzeko, 2019an Lesboseko (Grezia) eremuetako errefuxiatuentzat egin genuen bezala”, gogorarazi du Egoitz Zabalak. “Orduko hartan, 2.000 kilo janari bildu genuen, 3.000 euro Zaporeak GKEaren merchandising salmentetan, eta Benito Menni Fundazioak 7.000 euro eman zituen produktu galkorrak erosteko”.
Aldez aurretik, Aita Mennitik berriro eskertzen dugu herritarren elkartasuna eta hurbiltasuna.
Eman zure ekarpen ekonomikoa
Txartel, transferentzia eta Bizum-en bidez eman dezakezu zure ekarpena Zaporeak Elkartearen dohaintzen orrian.