Tratamendua jasotzea eta aldi berean erabilgarri sentitzea lan-talde txikietan parte hartuz
Aita Mennin arreta medikoaz gain zenbait jardueretan parte hartzeko aukera ere badago. Pazienteek tratamendua jaso dezakete eta aldi berean erabilgarri senti daitezke, okupazio-tailerretan parte hartuz, hala nola zentroaren kanpoaldea garbitzekoa eta birziklatzearena. Gaitasunak sustatzea, autonomia garatzea, autoestimua, nortasun okupazionala, talde-lana eta gizarte-erabilgarritasuna dira ospitalearen barruan zenbait programa sortzeko aukera ematen duten helburuetako batzuk.
Antolaketa
Lohihartzekoak eta plastikozko eskularruak jarrita, erratzak eta eskorga bat daramatzatela, birziklatzeaz, zentroaren kanpoaldea garbitzeaz eta lorezaintzaz arduratzen diren taldeko kideek badakite komunitaterako zerbitzu onuragarria egiten ari direla. Normalean, ospitaleko paperontzi guztietako poltsak husten dituzte. Zabor hori hautatzen eta zaborra jasotzeko gunera eramaten dute. Horrez gain, lorategiko eta zentroaren inguruko hostoak kentzen dituzte.
Irten aurretik, tailerreko arduradunek zer egingo den azaltzen dute, nola egiten den gogoratu eta lan bakoitzak nork egingo duen adierazi. Egunaren plangintza (egitekoak, ordutegiak eta atsedenaldiak) parte hartzen duen paziente kopuruaren eta eguraldiaren arabera alda daiteke. Pazienteen bilakaeraren, gogo-aldartearen eta inplikazioaren arabera, Errehabilitazio eta Gizarte Dinamizazio Zerbitzuak erronka berriak proposatzen dizkie, hala nola haize makina erabiltzea.
Zenbat eta lan gehiago, are eta interes handiagoa
Birziklatzearen inguruko tailerra aire zabalean egiten da (patioetan, negutegiaren ingurua eta abar), horrek, abantailak izan ditzake, baina baita eragozpenak ere. Berdin dio euria edo beroa egiten duen, pazienteak oso pozik joaten dira eta parte-hartzaile aritzen dira. Horrela, “zenbat eta lan gehiago are motibatuago sentitzen da taldea, eta interes handiagoa jartzen dute. Hobeto antolatzen dira euren artean, lanak ere hobeto egiten dituzte eta denbora ongi antolatzen dute”, azaldu du taldearen buru den okupazio-terapeutak, Macarena Aspiunza psikologoak. Horrez gain, zentroaren beraren ingurune naturala babesteko egindako hezkuntza-lana beraiena izango balitz bezala egiten dute.
Materia organikoarekin, lorezainak moztutako soropila eta adarrak barne, ongarri moduan erabiliko den konposta egiten dute. Birziklatzea, berrerabiltzea eta murriztea. Tailer hauetan parte hartzea erabaki duten pazienteek hiru Rak darabilte tailer hauetan. Zenbait arrazoirengatik pozik daude hori egitearekin, eta arrazoi horietako bat, ingurumena hobetzen laguntzen dutela da.