Zenbait unitatetatik etorritako eta behar desberdinak dituzten hamabi eta hamalau paziente inguru joaten dira zenbait egunetan, astero, ikuztegira. Han, eskaera-maila handiagoko edo txikiagoko lanak egiten dituzte, pertsona bakoitzaren arabera. Arropa garbi eta lehor dagoenean tolesten laguntzen dute, eta unitateko ordenatzen dute. Halaber, errobot baten laguntzaz, langileen zenbait jantzi lehortu eta lisatzen dituzte.Goizetan, josi ere egiten dute paziente horiek, eta konponketa txikiak egiten dituzte jantzietan. Lan horrek arreta handia eta mugimenduen kontrol ona eskatzen ditu.
Taldea heterogeneoa da, izan ere, egonaldi ertain eta luze psikiatrikoko pazienteak dira. Haientzat, tailer honetan parte hartzea osasuntsua izateaz gain, lasaitasuna ere ekartzen die, goizetan altxatzeko arrazoia, erabilgarri sentitzea, eta kidekoen arteko harremana izatea.
Lan egitearen antzeko okupazioa
“Pazienteek beren interesa pizten, autoestimua sustatzen eta lanak malgutasunez eginez beren bizi-kalitatea hobetzen duen zeregin bat izatea da gure helburua. Lan horiek, unitate bakoitzaren berezko jardueren osagarriak dira, hala nola gimnasia edo eskulanak”, azaldu du Errehabilitazio eta Gizarte Dinamizazio Zerbitzuko buruak, Macarena Aspiunza psikologoak.
Tailer hauetara joaten diren pazienteek zenbait pribilegio edo sari dituzte jarduera horietan parte hartzeagatik. Psikologoek fitxen ekonomia-sistema bat ezarri dute. Horren arabera, pazienteak zenbait errefortzu ditu tailer batean parte hartzeagatik, eta lana egokituta eta jarrera- edo elkarreragin-arazorik gabe egiteagatik.
Onura terapeutikoak
Gaixotasun mental larria duen pertsona batek zenbait onura terapeutiko izan ditzake lan hauetan parte hartzean:
– Portaera autonomoak garatzea.
– Bere buruarengan duen iritzia eta hautemandako autoeraginkortasuna sustatzea.
– Norberaren pertzepzioa, nortasun pertsonala eta gizarte-erabilgarritasuna lantzea.
– Frustrazioaren eta nekearen aurrean duen tolerantzia maila lantzea.
– Ekimen eta portaera sortzaileak garatzea.
– Taldekako lanetan parte hartzera ohitzea.
– Gizartean harremanetan jartzeko eta elkarri eragiteko gaitasunak sustatzea.
– Lan arloko eskaeren aurrean portaerazko jarraibide soziokulturalak bereganatzen ikastea.
– Jarrera- eta motibazio-alderdiak sustatzea.
– Lanetan gaitzea (emankortasunari dagokionez): besteak beste, lanetan lortutako kalitatea eta produktibitate-indizea baloratzen dira.
Begiraleek eta terapeutek beren partaidetzari buruzko zenbait alderdi azaldu dizkiete paziente horiei. Oro har, gogobetetasun-maila handia agertu dute.