Senideekin ibiltzen alzheimerren aurkako borrokan
Txurdinagabarri adinduentzako Egoitzako egoiliar, senide eta begirale talde batek Bilboko VIII. Familia Lasterketan parte hartu zuen, joan den apirilaren 7an; bertan jasotako dirua Bizkaiko Alzheimer eta beste dementzia duten pertsona gaixoen senitartekoen elkartera zuzenduta zegoen.
Bigarren aldiz hartu dugu parte famili lasterketa batean, 2017an ere Zierbenako portuan egin zenean parte hartu baikenuen. Oraingoan, ibilbidea Bilboko erdigunean bertan kokatu zen, itsasadarraren parean, Guggenheim museotik irten eta bertan amaituta, guztira 1,8 kilometro eginez buelta bakoitzeko. Talde parte hartzaileek gutxienez 2 lagun eta gehienez 10 izan behar zituzten, belaunaldi berekoak edo desberdinetakoak izanik, eta ibilbidean 5 bueltaraino egin zezaketen, 9 kilometro osatu arte.
Gure taldean, egoiliar batzuek aulki gurpildunean egin zuten bidea, eta beste batzuek oinez; goizean ariketa eginez disfrutatu genuen, beste familia batzuekin batera, Egoitzaren egitekora hain lotuta dagoen helburu garrantzitsu baten alde.