Gure psikologo kliniko Alfonso Saez de Ibarrak Parez pare 2018 jardunaldian parte hartu zuen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, joan den azaroaren 15ean, Kriminologiako Euskal Erakundearekin lankidetzan antolatuta. Gaitzat hartuta ‘Arriskuarekiko eta biktimizazio egoerekiko esposizioa: segurtasun eta larrialdietako langileen autozainketa’, bertan parte hartu zuten kriminologia, biktimologia eta laneko arriskuen prebentzioko zerbitzuetako hainbat espezialistak, segurtasun eta larrialdietako arrisku psikosozial berezietako arriskuak lantzeko.
Poliziako, suhiltzaileen gorputzeko eta larrialdietako sanitario profesionalak dira larrialdi batean esku hartzen duten lehenak, eta larrialdiaren beraren bigarren mailako biktima bihur daitezke, lehen mailako biktimei emandako arretaren ondorioz (zaurituak edo kaltetuak).
Esku hartzen duten pertsonek dituzten arriskuen artean daude estres nahasmendu postraumatikoa eta Burnout sindromea. Alfonso Saez de Ibarrak bere ponentzian agerian jarri zuenez–“Segurtasun eta larrialdietako profesionalen autozainketarako eta bizi kalitatea babesteko estrategiak”–, traumatikoa izan daitekeen gertakari batekiko esposizioaren ondoren, daitekeena da normaltzat jotzen diren hainbat erreakzio agertzea, esaterako, hipereszitazioa, oroitzapen intrusiboak eta anestesia emozionala. Erreakzio horiek behin-behinekoak dira kasurik gehienetan, esku hartu duenak horiei aurre egiteko ardura baldin badauka, lehenbailehen egoera osasungarri batera itzultzeko.
Ildo horretan, familiaren, lantaldearen eta instituzioen laguntza izateko beharra ere landu zen, segurtasun eta larrialdietako profesionalen erreakzio horiek kronifikatzeko eta osasun mentaleko arazoak gertatzeko arriskuak agertzea galarazteko.
Debriefing psikologikoa
Aipatutako neurrien artean arreta berezia jarri zitzaion debriefing psikologikoa bezalako teknikak erabiltzearen garrantziari, esku hartzailearen estres postraumatikoa prebenitzeko tresna gisa. Debriefinga teknika psikologiko berezi bat da, traumatikoa izan daitekeen gertaera baten aurretik aplikatzekoa, zeinean modu egituratuan eta antolatuan hitz egiten den gertakariaz, biktima babesteko eta birtraumatizazioa prebenitzeko elementu bat delarik.