San Blaseko kordoiak bedeinkatzea eta erretzea
San Blas apezpiku eta ermitau izan zen, K.o. 316. urteko otsailaren 3an hil zena, eta esan ohi da hilzorian zegoen haur bat salbatu zuela, eztarrian hezur bat trabatuta zuena, eta, hedaduraz, giza gorputzaren zati horren babesletzat hartzen da.
Euskal Herriko herri askotan, batez ere Bizkaian, zabalduta dago egun horretan koloretako kotoizko hari batzuk bedeinkatzeko ohitura, lepoan jarri eta 9 egunez eraman behar direnak. Denbora hori igarota, kordoiak erre egiten dira, eta, horrekin batera, tradizioaren arabera, katarro eta eztarriko mineko arazoak saihesten dira.
Ohiturari jarraituz, hilaren 1ean, Txurdinagabarri Egoitzan, kordoiak bedeinkatu genituen –aurten moreak eta berdeak ziren–, eta bederatzi egun geroago, solairuetatik igaro ginen, erretzeko.