Otsailaren 11n Gaixorik dauden Pertsonen Munduko Eguna ospatzen da eta Aita Menni Ospitalean modu berezi batean ospatu nahi izan genuen: aurten, Realeko ordezkariak zentroa ezagutzera etorri ziren. Zehazki, Juan Arrieta eta Aitor Diaz de Mendivil zuzendariak eta Arrasateko atzelaria den Mikel Gonzalez de Martín izan ziren.
Harreran Unitate guztietako pazienteak bertaratu ziren, eta ekitaldi-aretoan izan zen. Han, gure hiru pazienteren laguntza izan genuen, talde txuri-urdinaren ordezkariak elkarrizketatu baitzituzten. Hainbat galdera egin zituzten bertaratutakoek, bai jokalariari bai zuzendariei. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu bisitarengatik eta tratu hain atsegin eta hurbila izateagatik gurekin guztiekin.
Realeko ordezkariek opari asko ekarri zituzten pazienteentzat. Guk, geure aldetik, zenbait gai banatu genizkien Aita Menni Ospitalearen oroitzapenean, eta kirolarekin duten konpromisoa nabarmentzeko. ADAM, Aita Menni Kirol Elkartearen berri eman genien, eta We are like you proiektu solidarioa azaldu genien. Opariak trukatu ondoren denok elkarrekin Realaren himnoa abesten amaitu genuen arratsalde polit hau.
Argazkiak: Real Sociedad Fundazioa