Kalte zerebrala

Ramapoko Unibertsitateak (AEB) interesa agertu du errehabilitaziorako dugun diziplinarteko ereduaz

Bilboko neuroerrehabilitazio zentroak hamar bat ikasle estatubatuarren bisita jaso zuen, eta ikasleek interes berezia erakutsi zuten esku hartzean diziplina aniztasuna integratzeaz eta koordinatzeaz. New Jerseytik iritsi ziren Aita Menni zentrora, internet bidez afasia nola tratatzen dugun ezagutu eta gero.
Ramapoko Unibertsitateak (AEB) interesa agertu du errehabilitaziorako dugun diziplinarteko ereduaz

2019ko udaberrian, sare sozialek batzuetan eragiten duten magiaren txinparta horietako bat jaso genuen: Patricia Ochoa-Werschulzek, New Jerseyko (AEB) Adler Afasia Zentro-ko mintzamenaren eta hizkuntzaren terapeuta batek, mezu bat bidali zigun eskerrak emateko, haien zentroan oso baliagarriak zaizkielako afasiaren tratamendu logopedikoaren gainean  YouTube kanalean argitaratu ditugun bideoak. “Eskerrik asko Interneten afasiari buruzko informazioa izateagatik, espainieraz. Hemen, Estatu Batuetan, zaila da hori aurkitzen”, esaten zigun logopeda iparramerikarrak.  Aldi berean, esaten zigun ea bere pertsona afasikoen talde batek, espainolez hitz egiten zuenak, bideodei bidez harremanetan jartzerik izango zuen Afasiaren taldeko errehabilitazioa bideoan erakusten genituen taldeko saioetako batekin.

Baliabideak eta esperientziak partekatzen ditugu;  ezagutza sortzen eta zabaltzen dugu, kalte zerebrala duten pertsonen zerbitzura. Eta Ahizpa Ospitalarien Kalte Zerebraleko Menni Sarearentzat  oso pozgarria da jakitea zein urrun irits daitekeen laguntza. Lehen harreman hartatik –Álvaro López-Quintanak, bideoan saioak gidatzen zituen Bilboko Aita Menni Neuroerrehabilitazio Zentroko logopedak, gogotsu hartu zuen harreman hura-, grabazio trukaketa batzuk sortu ziren, zuzeneko harremana zaila egiten baitzen, ordutegien arteko aldeagatik. Hasierako harreman hori izan zen uztailaren 1ean Bizkaiko hiriburuko Egaña kalean dugun zentrora hamar ikaslek egin zuten bisitaren abiapuntua.

Eduki hau kanpoko hornitzaile batean dago. Ikusi nahi baduzu, "Besteak" cookie-ak onartu behar dituzu Cookie-en konfigurazioan.

 

Afasia ama hizkuntzan tratatzea

Afasia dagoela esaten dugu mintzamenean eta/edo hizkuntzan zailtasunak daudenean, eta zailtasun horiek besteak beste, garuneko lesio baten ondorio izan daitezke. Nahasmendu horrek eragina izan dezake bai adierazpenean, bai ulermenean, irakurmenean eta idazmenean. Afasiak hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten duten pertsonei eragiten dienean, hizkuntza horietako bat babestuago geratzen da garuneko lesio baten ondoren. Pertsona horrekin babestuago geratu zaion hizkuntzan elkarreragitea onuragarria izan daiteke eguneroko funtzionaltasun komunikatiboa berreskuratzen saiatzeko. Kontuan izan behar da espainiera dela Amerikako Estatu Batuetan hiztun gehien dituen bigarren hizkuntza. Cervantes Institutuaren arabera, 62 milioi estatubatuar baino gehiago, hau da, herrialdeko biztanleria osoaren %18,7, jatorri hispaniarrekoa da, eta %71k espainiera erabiltzen du familia ingurunean.

Elaine Adler, Adler Afasia Zentroaren sortzailea, Ramapo Unibertsitateko Fundazioaren Gobernadoreen Batzordeko kide da, eta unibertsitate horretako Erizaintzako Bikaintasunerako Adler Zentroaren eta azken belaunaldiko laborategien mezenas da, Ramapo Collegeko ikasleen zientzia alorreko hezkuntza hobetzeko. Natalia Santamaría-Laorden, Ramapoko Unibertsitateko espainiera irakaslea, ezagutu egin zuen eta Adler Afasia Zentroko informazio liburuxkak gaztelaniara itzultzea proposatu zion. Itzulpen lan hau egin zuten ikasleen bidez izan zuen irakasle horrek Aita Menniko lanaren berri. Irakasle horrek sustatutakoa da, halaber, ”Laguntza mediko eta giza zerbitzuetako profesionalentzako espainola” izeneko proiektua, osasun langileek gaixo hispaniarrak espainieraz artatu ahal izan ditzaten eginikoa. Álvaro López-Quintana-rekin harremanetan jarri zen etabigarren aldiz AEBko Hezkuntza Sailaren Undergraduate International Studies and Foreign Language (UISFL) programaren beka bat eskuratu ondoren, Espainiatik eta Europako beste herrialde batzuetatik egiteko ibilbide bat diseinatu ahal izan zuen, Erizaintza, Psikologia, Hezkuntza eta Biologia-Medikuntzaurreko ikasle talde honen curriculuma aberasteko, Europan osasunak nola funtzionatzen duen in situ erakutsiz. Bilbon programa koordinatzeko, Ramapoko Unibertsitateak Deustuko Unibertsitatearen Nazioarteko Espainieraren Zentroaren (CIDE) programekin bat egin zuen.

Gasteizen jaioa, Santamaría-Laordenek Deustun  ikasi zuen bere lehen karrera (Ingeles filologia), eta, gero, British Columbian masterrak egin zituen (Espainiako Literatura), eta beste master bat eta doktoretza Harvardeko Unibertsitatean (Hispanikoak). Aita Mennitik, gure bideoek eta afasiari buruzko gainerako edukiek ez ezik Espainian kalte zerebrala duten pertsonak artatzean diziplinarteko lanaz baliatzen den lehen ospitale gisa emandako informazioak ere eman zion atentzioa Ramapoko irakasle honi.

Ramapoko Unibertsitateak (AEB) interesa agertu du errehabilitaziorako dugun diziplinarteko ereduaz

Bisita

Jose Ignacio Quemada doktoreak ikasle taldea hartu zuen, eta Bilboko Neuroerrehabilitazio Zentroa erakutsi zien. Ondoren, Aita Menni Ahizpa Ospitalarien Kalte Zerebralaren Zerbitzuko arduradunak haren azalpenak osatu zituen Aita Menni Ospitalearen eta Ahizpa Ospitalarien historiari buruzko diapositibekin, 1992an Garuneko lesioen errehabilitazioan espezializatutako lehen zerbitzua sortu zen arte.

Nola diseinatzen da errehabilitazio programa? Nola ezartzen dira helburuak? Zer diziplinak parte hartzen dute? Doktoreak gure arreta integralaren eredua azaldu zuen, eta kontatu zuen nola hainbat diziplinatako profesionalak lanean aritzen diren kaltea duten pertsonek ahalik eta ongizate mailarik handiena lortu dezaten; taldearen koordinazioak garrantzia duela adierazita (taldeak arlo fisikoan, psikologikoan, hezkuntzakoan eta okupazionalean esku hartzen du), eta azpimarratu zuen banakako arreta familien parte hartzearekin eta familiei emandako orientazioarekin osatzen dela.

Taldearen interesa piztu zuen gaia afasiaren tratamendua izan zenez, Álvaro López-Quintana logopedak hartu zuen hitza, azaltzeko logopediak kalte zerebaralaren errehabilitazioan duen zeregina, komunikazioaren nahasmenduek kaltea duen pertsonari eta haren ingurunekoei eragiten dizkieten arazoak, dauden afasia motak, afasia balorazio tresnak, zergatik “saiatu behar den beti galdutako gaitasunak ahalik eta gehien lehengoratzen, eta zertarako balio duten komunikazio sistema alternatiboek eta handigarriek (SAAC), areteterapiak eta irakurketa errazak.

Diziplinarteko errehabilitazio eredua

“Guztiek elkarrekin lan egiten dute nahasmenduak lantzeko plangintzan”, esan zuen harrituta psikologiako ikasleetako batek. Bisitaren amaieran, zentroko instalazioak ikusi eta gure profesionalen azalpenak entzun ondoren, taldea harrituta geratu zen gure taldeek diziplinarteko koordinaziorako egiten duten ahaleginagatik eta baterako lan horrek pazienteei eta familiei kalte zerebralak berez dakartzan aldaketei aurre egiteko orduan egiten dizkien onurengatik. “Diziplinarteko errehabilitazioaren aplikazio eredugarria da”, esan zuen bere tutoreak.

Ikasle talde honentzat, Bilboko Aita Menni Neuroerrehabilitazio Zentrora hurbiltzea esperientzia aberasgarria izan zen. Euskal Herrian egon diren bitartean, besteak beste, EHUko Medikuntzaren Museoa, Basurtuko Ospitalea, Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroa eta Deustuko NeuroLab bisitatu dituzte.