Añel doktorea bere hitzaldian
2016tik, Pazientearen Segurtasun Batzordea (PSB) eratu zenetik, Aita Menni Ospitalea lanean ari da pazientearen segurtasunaren kudeaketa hobetzeko. Pazientearen Kalitate eta Segurtasuneko arduradun Susana Fernandez Mongeren eskutik, gure zentroak aurrera egin du segurtasunaren kultura baten garapenean, baita kudeaketarako metodologian ere, eta, horretarako, Pazientearen Segurtasunerako Estrategia bat definitu da, PSBk landu duena, eta Zuzendaritza Kontseiluak duela gutxi onartu duena. Dokumentuak datozen urteetarako bide orri bat ezarri du esplizituki, hasitako bidea bultzatu, sendotu eta finkatzeko.
“Pazientearen segurtasunean lanean aritu garen denbora honetan guztian, hobeto ezagutu dugu gure errealitatea zein den, eta gure eremuan Pazientearen Segurtasun Sistema bat ezartzearen berezitasunez ohartu gara. Ibilbideak gure arriskuak ezagutzeko eta estrategia bat hartzearen garrantzia baloratzeko aukera eman digu”, azaldu du Susana Fernandez Mongek. Pazientearen Segurtasunerako Estrategiak gertakariak jakinarazteko sistema bat du, eta hori oso iturri garrantzitsua da hobetu beharreko eremuak hautemateko. Orain arte, esan dezakegu asko aurreratu dugula arlo hauetan:
- gure testuinguru espezifikoari aplikatutako segurtasunaren ezagutza eta berezitasunak
- gure erakundeari eragiten dioten arrisku nagusiak identifikatzea, eta arrisku horiei aurre egiteko zer hobekuntza ahalmen dagoen
- hainbat kolektibori zuzendutako prestakuntza ekintzak egitea, segurtasunaren kultura garatzen laguntzeko
- Segurtasun Batzorde baten eraketa, 2016an abiatutako hasierako nukleo batetik gaur egungo Batzordera arte bilakatu dena, zeinak erakundearen ordezkaritza, konpromisoa eta sendotasun teknikoa eskaintzen baititu.
Eredu PROPIOA
Pertsona guztiak, paziente, senide eta profesionalak, Aita Mennin seguru senti daitezen lortzea da Aita Menni Pazientearen Segurtasun Estrategiaren eginkizuna. Helburu hori lortzeko, arriskuak hartzetik arriskuak kudeatzera igaro gara.
Aita Menniren estrategia Ahizpa Ospitalarioen Estrategia Orokorraren barruan dago, eta, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen lege araudiari erantzuten dio. Hori egiteko, pazientearen segurtasuna kudeatzeko eredu propio bat diseinatu behar izan da, gure eremu hauetako pazienteentzat: Osasun Mentala, Desgaitasun Intelektuala, Kalte Zerebrala eta Adinekoak. Horren emaitza segurtasunaren ikuspegi integrala duen estrategia bat da: fisikoa, psikologikoa, emozionala eta juridikoa.
Hobetzeko ahalmena
Estrategia konplexu hori diseinatzeko, Aita Mennin pazientearen segurtasunean aditua den Rosa M Añel Rodriguezen lankidetza izan du; Familia eta Komunitate Medikuntzako Espainiako Elkarteko Pazientearen Segurtasun Taldeko kidea da (semFYC), eta esperientzia du Pazientearen Segurtasun Estrategiak diseinatzen eta hedatzen, eta gaiari buruzko kudeaketa programak koordinatzen, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Lehen Arretako zerbitzuetan.
‘Pazientearen segurtasuna espazio soziosanitarioan’ gaitzat hartuta, Bilboko Mediku Zientzien Akademiaren (ACMB) XLIX. Humanitateen Asteak Añel doktorea gonbidatu zuen. Sarrera gisa, adituak azpimarratu zuen patologia anitzeko eta polimedikatutako pazienteen intzidentzia gero eta handiagoa dela, eta profil hori oso ohikoa dela gure dispositiboetan tratatzen ditugun pertsonen artean. “Paziente, prozesu eta ingurune konplexuen konbinazioak arrisku handiko ekosistema bat osatzen du asistentziaren segurtasunerako”, azaldu zuen.
Espainian, biztanleria osoaren %1 zentro soziosanitario batean bizi da, eta %4 65 urtetik gorako pertsonak dira. Landako Osasun Zentroko (Durango) Familia eta Komunitate Medikuntzako espezialistak emandako datuen artean, nabarmentzekoa da COVID-19ak agerian utzi dituela pertsona horien zaurgarritasuna eta hauskortasuna. Horrekin batera -adierazi zuen-, ingurune soziosanitarioak, ingurune sanitarioarekin alderatuta, hanbat berezitasun ditu segurtasunaren kudeaketa lantzeko garaian, izan ere, ingurune asistentzialak izateaz gain, kontuan hartu behar dira elkarbizitza, arreta longitudinala eta etengabea, eguneroko kontaktua, egunean 24 orduz eta astean 7 egunez, eta senideen eta zaintzaileen esku hartzea. Jakinarazpen sistema baten helburu nagusiak hauek dira: pazientearen segurtasun gertakariei buruzko informazioa jasotzea, horien kausak aztertzen lan egitea, metatutako esperientziatik ikastea eta gertakariak berriro gerta ez daitezen beharrezkoak diren hobekuntzak sustatzea. Hizlariak azpimarratu zuen gertakarien azterketa metodologikoak hobekuntzarako ahalmen handia eskaintzen duela.