“Paradisu pertsonalak”, Barandiaraneko egoiliarrekin egindako arte proiektua
Joxe Miel Barandiaran Egoitzatik igaro ondoren, urriaren 27an, ostirala, 18:00etan, Durangoko San Agustin antzokian “Paradisu pertsonalak” (“Paraísos personales”) erakusketa inauguratuko da. Helena Gonzalezen proiektu artistikoa da, eta gure bost egoiliarrek hartu dute parte: Marije Sanz, Txema Azpitarte, Jesus Gonzalez, German de Cos eta Luisma Tangidok.
Erakusketan, Helena Gonzalez artistak bultzatu, eta hiru hilabetean zehar beraiekin egin duen lan prozesua ikus dezakegu. Egoiliar bakoitzaren interesetatik abiatuta, artistak bere paradisu txikia sortu du erakusketa honetan aurkezten diren maketetan. Eskalarekin egindako jolasa protagonista izan da prozesu honetan: lehenik eta behin, marrazkiaren, argazkiaren, keinuaren edo collagearen bidez, eta are aurrerago animazioarekin, maketazio irudiak erabilita.
Egin dituzten eszenetan, norberaren irudia beste testuinguru batzuekin lotu da, eta beren munduak sortu dituzte miniaturan. Helenak sorkuntza artistikoan sinesten du, garapen pertsonala bultzatzeko eta bizikidetzaren bidez jakintzak partekatzeko elementu gisa.
Proiektu hau BBK Fundazioak finantzatzen duen eta ANTespacio elkarteak koordinatzen duen BBK Art(e)gileak egoitza programaren barruan dago. Ekimen honetan, artisten egoitzak bultzatzen dira gizarte zentroetan, baterako sorkuntza artistikoko proiektuak gauzatzeko, Bizkaiko gizarte zentroetako erabiltzaileekin elkarrizketak eginda sorkuntza testuinguruak eratzeko helburuarekin. Asmoa da sortzaileen eta haien laguntzaileen trukea, sormena, esperimentazioa, irudimena eta berrikuntza sustatzea.
Argazkiak: Helena González.
Sorkuntza prozesua eta amaierako emaitza: