Osasun mentaleko eta adimen desgaitasuneko euskal erakundeek jardunaldi bat egin dute Chillida Lekun
Euria zegoen iragarrita. Eta euria egin zuen. Hala ere, Aita Menni ospitaleak hilaren 9an, larunbata, Chillida Leku museoan antolatutako ‘Osasun Mentaleko eta Adimen Desgaitasuneko Euskal erakundeen I. topaketak’ ez zuen distirarik galdu. Alderantziz; urak distira eman zion berez magikoa den museoko giro horri. Gidariak bakoitzari bere txandan erakutsi zien Eduardo Chillidaren lana eta esan zien eskulturak, bustita daudenean, are politagoak direla, biziago daudela diruditela.
Chillida Lekura joatea amets bat betetzea zen gurekin eguna igarotzera etorri ziren askorentzat. Hala zioen, adibidez, Rosa Beasaingo EPZko erabiltzaileak. Autobusez iritsi zen errehabilitazio psikosozialeko eta ospitaleko beste berrogeita hamar kide ingururekin batera. Ilusioz beteta eta programaz –tartean piknika– gozatzeko prest etorri ziren denak.
Ingurua eta eskultore donostiar bikainaren lana miresteko aukera izan zuten eta erakunde kolaboratzaileek egiten duten lanaren berri eman zieten informazio postuetan, baina sorpresa ugari ere izan zituzten: perkusio afrikarra, saltsa eta zumba eskolak, fotomatoi dibertigarri bat eta Radio Why Not irratiaren zuzeneko saioa, txikiparka…We Are Like You proiektuaren aldeko elkartasunezko merkatuan izan ziren gauza berriak ere: lore ihartuekin eginiko sortak, Ereiaro-Ekoudalatxek eginiko xaboiak eta kosmetika naturala HAM tailerretako pazienteek eginiko aurkezpen zainduekin eta abar. Aipagarriak izan ziren estilo afrikarreko panpinak, papera lantzeko tailerrean ahizpa ospitalariek laster Liberian abian jarriko duten osasun zentroari laguntzeko eginikoak.
Aita Menni Ospitaleko taldeak, Mikel Tellaeche zuzendariak gidatuta, ahalegin handia egin zuten buruko profesionalak eta gaixotasunak edo adimen desgaitasunak dituztenak eta haien familiakoak ospitaletik kanpoko giro batean eta giro lasaian biltzeko eta ahaleginak izan zuen saria: denak oso pozik agertu ziren harremanetarako eta interakziorako aukera hori eremu normalizatu eta lasai batean izan zutelako, ez baita hori oso ohikoa izaten.
Harreman “teknikotik” harago
Desgaitasun intelektualeko sailetik, Errehabilitazio eta Dinamizazio sozial zerbitzutik eta EPSZetatik etorritako Macarena Aspiunza eta Vicente Hueso oso gustura azaldu ziren topaketak izandako erantzunarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere begi onez ikusi zuten. Bi psikologoek nabarmendu zuten sustatu egin behar direla honen gisako ekimenak komunitatean bizikidetza integratzailea eta ludikoa dadin eta nabarmendu egin behar dela Aita Meni Ospitale osoko kide guztiek, modu aktiboan parte hartzeagatik, honako hauei erakutsitako esker ona: Acasgi, Agifes, Atzegi, Caser Betharram, Gurutze Gorria Donostia, Gautena, Gizaide, Goienetxe, Gureak, Hurkoa,Katea-Legaia, Orden Hospitalaria de San Juan de Dios, Sharma-Ausolan, Uliazpi, Why Not eta We Are Like You.
Iritzi horrekin bat etorri zen José María Irazusta, Agifes (Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkartea) elkarteko presidenteordea ere eta kontatu zuen asko hunkitu zela dantzako eskolan denak dantzan eta ondo pasatzen ikusita. “Familien, buruko gaixotasunak dituzten pertsonen eta profesionalen arteko kontaktu ‘teknikoa’ egunerokoa izaten da, baina beharrezkoa da ‘beste maila bateko’ harremana ere”, esan zuen. Karpan izan ziren Pilar Aramendi eta Álvaro Solano Sentsibilizazio Batzordeko kideak ere. Agifeseko presidente izandakoak nabarmendu zuen buruko gaixotasunen heziketan lan gehiago egin behar dela gizarte osoa aintzat hartuta eta, bereziki familiekin, “beldurrari beldurra galtzeko eta gehiegizko kezka eta gaixoak gehiegi babesteko joera ekiditeko, besteak beste”.Eta profesional batzuekin ere lan egin behar dela adierazi zuen. Aramendik aipatu zuen, halaber, kolektiboko parte diren pertsonen autonomia pertsonala lan munduan sartzetik hasi behar duela.
Musika solidarioa eta integratzailea
Arratsaldean, 140 lagun baino gehiago etorri ziren jardunaldira; gehienak osasun mentalarekin eta adimen desgaitasunarekin lotutako profesionalak eta familiak. Juan Carlos Irizar musikari oñatiarrak, Marian Larrearen eta Iñaki Revueltaren ahotsez lagunduta, elkartasunezko kontzertua eskaini zuen eta harekin amaitu zen jardunaldia. Ospitaleko Pastoraltza Zerbitzuko arduradun Egoitz Zabalak aurkeztu zuen ekitaldi hunkigarria eta han izan ziren Luis Chillida, eskultorearen semea, eta Mikel Chillida biloba ere. Ospitaleak, sor Montse Esparza Arrasateko Ahizpa Ospitalarien komunitateko Ama Nagusiak ordezkatuta, eskerrak eman nahi izan zizkien han egoteagatik eta Aita Menniren ekimenetan erakutsitako inplikazioagatik.