Zentro psikiatriko handi bat bezala sendotzea
Diputazioek beste herrialdeetako ero etxeetan babestuta zeuzkaten gaixoen kopurua aintzat hartuz, Aita Menni Ospitaleak hasera haseratik ekin behar izan zion bere asistentzi ahalmena handitzeari. Horrela, bere historiaren lehenengo garai osoaren ezaugarriak etengabeko eraberritze lanak eta pabilioi berrien eraikitzeak dira.
1900. urtean Elezgarai, Ugalde eta Errotaetxe baserriak erosi ziren, zenbait lur sailekin batera. Honela, ospitaleak bere instalakuntzak zabaltzeko aukera izango zuen edo bestela, baserri hauek zeuzkaten nekazaritza eta abelzaintza baliabideak erabili ahal izango zituen lekaimeen eta gaixoen beharrei aurre egiteko.
Urte horretan bertan, “Sagrado Corazón de Jesús” Pabilioia eraiki zen, gaixo pentsiodun partikularrak zaintzeko erabilia izan zena.
1904 eta 1910 urteen artean, Diputazio Probintzialek pentsionatutako gaixoentzat “San Benito” Pabilioia eraiki zen. Bi zutoiarte paralelok osatzen zuten, hertz batetan galeria batek, eta beste hertzean hiru solairuko eraikin batek lotzen zituztelarik. Pabilioi honek solaserako gela bat, jangelak, sukaldea, gaixotasun somatikoetarako erizaindegia, logelak eta bainurako eta garbiketarako sail bat zituen.
Lanak ia ia etengabe jarraitu zuten Arrasatetik Aramaiora doan errepidearen bi aldeetan eta 1921ean, errepide honen azpian tunel bat egin zen bi aldeetako pabilioiak lotuz, batzuetatik besteetara joateko errepidea gurutzatu beharrik ez izateko.
1923an, gaur egun egonaldi luzeko gaixoentzat erabiltzen den “San José” Pabilioia eraiki zen.
Urte horretan bertan, Ahizpen Klausura izango zen beste pabilioi bat egin zen. 130 pertsonentzat prestatua zen eta bere ekipamenduen artean pentsiodun gaixoentzat sukalde bat, etxe guztiaren sukaldea, erropategia, jostundegia, despentsa, eta abar zituen. “San José” eta Klausura pabilioien eraikuntzarako 60 metrotan zehar ibaia estali beharra izan zen, eta era berean garbitegi zaharrak, zenbait lotura galeria eta Errotaetxe baserria bota behar izan ziren.
1924an Klausura bukatua izan zen eta benefizentziako gaixoentzako pabilioi berri bat altxa zen, “San Juan de Dios” Pabilioia.
1927an Gasteizko Gotzain Jaun Txit Gorenak, Dr. Leopoldo Eijo y Garayk, Osasun Etxeko Eliza konsagratu eta inauguratu zuen, probintziako eta udaleko agintariekin ospatu zen ekitaldi batetan. Proiektua Urcola jauna arkitektoarena izan zen eta lehenengo harria Toledoko Artzapezpiku Kardenala zen Dr. Reigek bedeinkatu eta jarri zuen.
Aita Menni Ospitalearen lehenengo garaia instalakuntzen etengabeko zabalkuntza eta eraberritze lanez betea izan zen. Zabalkuntza lanek zekarten kapazitatearen handitzearen islada bezala, ospitalean zaindutako gaixoen kopurua etengabe hazitzen joan zen.
Lehenengo garai honetan, pabilioiak ur edangarriaz eta erabilpen higieniko, sanitario eta hidroterapikoetarako ur beroaz hornituak izan ziren, eta petroliozko kinke zaharren ordez, argindar elektrikoa jarri zen.
Eraikiz joan ziren pabilioien inguruan lorategi zabalak zeuden eta bertan zuhaitzak landatu ziren, gaixoek “bere egoerarekin bat datorren askatasuna goza zezaten”.
Talde asistentziala
Ahizpa Ospitalarioak ospitaleratutako emakume pazienteen etengabeko arretaz arduratzen ziren. Ahizpen Komunitatearen tamaina ospitaleratutako pazienteen kopuruarekin batera hazi zen, eta 1898an 12 ahizpa izatetik 1930ean 78 izatera igaro ziren.
Lehen garai horretan, asistentzia taldea fakultatiboek eta Ahizpa Ospitalarioek bakarrik osatzen zuten. Kanpoko langile gutxi batzuk hainbat lanbidetako berezko lanak egiteko kontratatuta zeuden.
Gaixotasun mentalaren ikuskera eta bere tratamendua
XIX. mendearen lehen erdian, Esquirol sailkapena zen nagusi, gaixotasun mentalak oinarri sintomatiko eta psikologiko hutsen arabera taldekatzen zituena. Aita Menni Ospitalea inauguratu zenean, psikiatria bere benetako etapa zientifikoari ekiten hasita zegoen, eta Añibarro doktoreak Morelen sailkapena hartu zuen, gaixo mentalean gertatzen den “herentziazko endekapenaren” edo inboluzio biologikoaren ideian oinarritzen zena, gizakiaren genealogia baino beheragoko edo lehenagoko giza barietateetara jaitsita.
Gaixotasun mentalak sendatzeko baliabide terapeutiko espezifiko eta eraginkorrik ezean, garai hartako tratamenduen helburua zen gaixotasuna modu naturalean sendatzeko baldintza egokienak sortzea.
Pazienteen eguneroko bizitza hainbat aisialdi jarduerarekin aberasten zen, esaterako, antzezlanak eginez edo paseoak emanez erietxearen inguruan. Irakurketa areto bat ere bazegoen, literatura lanez hornitutako liburutegi batekin, eta, jaiegunetan, gaualdiak antolatzen ziren sainete emanaldiekin, proiekzio zinematografikoekin eta gramofonoko entzunaldiekin.
Pabiloiak inguratzen zituzten espazioetan, sarbide errazeko baratze eta kortak zeuden, eta horietan, gaixoek aire zabaleko laboreterapia jarduerak egiten zituzten. Terapia okupazionala hasieratik erabili zen Aita Menni Ospitalean, eta horrelako jarduera ugari egiten ziren. Tailer bat ere bazegoen, pazienteek hainbat joste lan egiteko.
Mendearen hasieran erabilgarri zeuden medikamentuak insomnioari aurre egiteko hipnotikoetara –klorala, bromuroa edo opioa– eta antsietatearen aurka erabilitako lasaigarrietara –opioaren, haxixaren, belladonaren eta eskopolaminaren deribatuak– murrizten ziren. Gainera, paziente maniakoak digestio arazoak izaten dituela oinarritzat hartuta, elikagaiak behar bezala mastekatzen ez direlako, bizkorgarriak eta libragarriak erabiltzen ziren.
Garai hartako metodoen artean, narkosi luzearen metodoa asko erabiltzen zen, pazienteak hainbat egunez hipnotikoen eraginpean edukitzean zetzana, horien eragina soilik pazientearen bizi funtzioak egiteko etenez. 1917tik aurrera, piretoterapiaren teknika sartu zen; hainbat eragileren bidez, sukarra eragiten zen, hala nola urrezko edo zilarrezko esekidura koloidalak erabiliz, sodio edo litio nukleinatoa, trementina esentzia, albumina bakterianoak, sufre esekidura oliotsuak edo paludismoaren forma onberak.
Asko erabiltzen zen beste tratamendu bat hidroterapia zen, Kraepelinek unibertsalizatu zuen antzinako metodo bat, zeinean bainua erabiltzen zen tenperatura desberdinetan eta denbora desberdinetan, koadro klinikoen arabera. Oro har, pazientea asaldura egoeran lasaitzea edo makalaldian estimulatzea zen helburua.