Psikofarmakoen sarrera
1940ko hamarkadaren bigarren erdian, nerbio sistema zentralarengan ekintza sedagarriak aurkeztu zituen antihistaminiko eraginkor bar aurkitu zen. Prometazina (Fenergan®) zen. Gaixotasun mentalen arloan aurkikuntza honek sortu zuen ikusminaren ondoren, ikerkuntza berriak egin ziren azken emaitza 1950eko abenduan gertatutako clorpromazina (Largactil®) izeneko farmakoaren aurkikuntza izan zelarik. Iraultza psikofarmakologikoa hasia zen.
Une honetatik aurrera, arlo honetan gertatutako aurrerapenak abiadura handian etorri ziren bata bestearen atzetik: 1952an Rauwolfia serpentina-ren zainetatik reserpina isolatu zen; 1955ean clordiazepoxidoa sintetizatu zen, antsiolitiko bentzodiazepinikoen bidea zabalduz; 1956an iproniazidaren efektu antidepresiboa aurkitu zen, monoaminooxidasaren inhibitzaileen aitzindaria izan zena; 1957an lehenengo antidepresibo triziklikoa aurkitu zen, imipramina.
Legearen aldetik aldaketarik izan ez eta 1931ko Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera jarraitzen bazen ere, aurkikuntza hauek orokorki sorospen psikiatrikoan eta zehatzago Aita Menni Ospitalean garrantzi handi bat izan zuten, farmako hauek ospitalean sartzen joan ziren heinean gaixo askok bilakaera on bat izan bait zuten eta beraz, gaixoen kopurua murrizten hasi zen lehenengo aldiz ospitalearen historian. Guzti honen ondorioz, urte hauetan lanak mantenimendura eta egiturak behar ezberdinei egokitzera zuzendu ziren bereziki.
Talde asistentziala
1950. hamarkadatik aurrera, Santa Agedako komunitatea osatzen zuten ahizpen kopuruak behera egin zuen, alde batetik, zaintzen ziren gaixoen kopuruak jasan zuen etengabeko beherakadarengatik, eta bestetik, 1970. urteetatik aurrera pertsonal laguntzaile laikoa sartzen hasi zelako.
Aurreko garaietan bezala, gaixoen sorospenaren erantzukizuna pertsonal fakultatiboaren eta Ahizpa Ospitalarien esku zegoen. Dena den, 1969an aldaketa garrantzitsu bat gertatu zen talde asistentzialaren konposaketan, disziplina berri bat sartu zelarik gaixoen sorospenean: Gizarte Laguntza.
Diagnostikoa eta tratamendua
Garai honen zati handi batean Kraepelinek sortutako gaixotasunen sailkapen sistemak jarraitu zuen indarrean, nahiz eta Bleuler, Krestchmer, Jaspers eta Kurt Schneider bezalako autoreen ekarpenak kontutan hartu beharrekoak izan ziren. 1970aren inguruan sartu zen Aita Menni Ospitalean nazioarteko sailkapen baten erabilpena, ICD-8.
Tratamenduaren inguruan, aurkituz joan ziren psikofarmako berriak ospitalean erabilitako multzoa handituz joan ziren. Bai antidepresiboak, antsiolitikoak eta batez ere antipsikotikoak, gaixoen sintomen aurka erabiliak izan ziren, eta kasu askotan emaitza positiboak lortu ziren, bai gaixoei alta eman ahal izateko modukoak edo, gutxienez, hauen bizitza kalitatea modu garrantzitsu batean hobetzeko balio zutenak, besteak beste bere denbora ekintza produktiboetan erabiltzeko gai izateko aukera izaten zutelarik.
Hain zuzen, gure eskualdean gertatutako industrializazioa medio, gaixoek ospitalearen inguruan kokatutako enpresentzat eskulanak egiteko aukera sortu zen eta horrela, 1959an, tailer txiki bat jarri zen martxan, bertan gaixo talde txiki batek Bergarako lantegi batentzat lanerako erropa josten zutelarik. Tailer honek oso azkar hazi zuen bere ekoizpena eta josteko 38 makina izatera iritsi zen. 1962an beste tailer bat zabaldu zen, puntu lanak egiten zituena Donostiako enpresa batentzat. Nahiz eta hasera batetan gaixoek lan hauetan parte hartzeari erresistentzia jartzen zioten, laster gainditu zuten, bai pertsonal asistentzialarengandik etengabe jasotzen zuten eraginarengatik eta baita egindako lanaren truke jasotzen zuten diruarengatik ere eta honek gastu pertsonaletarako sarrerak izateko aukera eskeintzen zien.
1968a eta 1975a bitartean, pabilioi ezberdinetan, tailer osagarriak zirelakoak jarri ziren martxan. Hauetan grapak, belarriak, kateak, erretxinazko moldeak, aparrezko panpinak, banden, gablen, torlojoen eta bestelakoen ontziratzea, eta abar egiten ziren eta 1972 hasi ziren lanean oraindik ere bere horretan jarraitzen duten kartoien tailerrak eta giltzen tailerrak.