Aita Menni Ospitalearen aldaketa 80ko eta 90eko hamarkadetan
Demokrazia heltzean gaixotasun mentalen laguntza Herrizaintza Ministerioaren esparrutik kanpo atera eta osasun-laguntza orokorraren barruan sartu zen. beraz, Osasun Ministerioaren eskumenen artean geratu zen (1983ko Kode Zibilaren erreforma). 1986. urteko Osasunari buruzko Lege Orokorrean laguntza psikiatrikoko zerbitzuen plangintza jasotzen zen, eta ospitaletik kanpoko laguntzaren garapenean jartzen zuen arretarik handiena, komunitate-zerbitzuen bidez, hala nola kontsultategien, eguneko ospitaleen, ezgaitasun psikikoetarako lan-zentro babestuen edo komunitatean lagundutako etxeen bidez. Bestalde, unitate psikiatrikoak sortu ziren kasu akutuak ospitale orokorretan eta errehabilitazio unitateetan artatzeko, egonaldi ertaineko erregimenarekin ospitale psikiatrikoetan eta egonaldi luzeko egoitzetan.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan Asistentzia Psikiatrikorako eta Osasun Mentalerako Plan bat egin zuten. Plan horretatik abiatuz, hainbat laguntza-unitate sortu ziren, eta horien artean, osasun mentaleko zentroen sarea eta ospitale orokorretarako egonaldi laburreko unitate psikiatrikoak nabarmendu ziren. Horrekin batera, 1983. urtean Osakidetza sortu zen, autonomia-erkidegoko osasun-zerbitzuak kudeatzeko. Hala ere, 1985. urtera arte foru aldundien esku egon ziren osasun mentalaren arloko eskumenak. Hortik aurrera Aita Menni Ospitaleak bere pazienteen egonaldiak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren mendeko erakunde horiek hitzartu zituen.
Testuinguru horretan, Aita Menni Ospitalea berritu egin zen, gaixotasun mentalak hondatutako funtzio psikiko eta sozialak berreskuratzeko eta terapia-tresna modernoa bihurtzeko. Horrela, ospitalean egonaldi luzea behar zuten pazienteekin batik bat aritzen zen. Horretarako, instalazioak berritzea ezinbestekoa zela eta berrantolaketa orokorra egin behar zutela pentsatu zuten.
Aita Menni Ospitaleak indarreko laguntza-esparruan bete behar zuen funtzioa dela eta, beste ospitale- eta egoitza-eremu bat eraikin zuten. Lanak 1981. urtean hasi ziren.
Aita Menni Ospitalearen ikuspegi orokorra 1981. urtean, instalazio berrien lanak hasi baino zertxobait lehenago.
Ospitale berriaren eremuak diseinatzeko irizpide hauei jarraitu zieten:
- Nortasun propioa zuten paziente taldeak elkarrekin bizitzeko aukera ematen zuten eremuak sortzea.
- Jarduera bideratzen eta komunikazioa sustatzen zuten mugimendu-fluxuak antolatzea.
- Inguruko gizartearen bizitza-estandarretatik hurbil zeuden giroak ezartzea.
- Paziente bakoitzari bere eremu pribatua ematea.
- Laguntza psikiatriko modernoa eskaintzeko baliabide material eta teknikoak ematea ospitaleari.
Instalazio berriak eraikita, eta lana diziplina anitzeko talde batek bere gain hartuta, Aita Menni Ospitalearen egoera berria zen: bere egitura fisikoak sakon berritu ziren eta kezkak eta ekimenak zituzten profesionalak kontratatzeko prozesua hasi zuen. Horrez gain, 1988. urtean Erkidegoko Nagusiaren eta Ospitaleko Gerentziaren erantzukizunak bereizi ziren. Horrenbestez, pertsona bat obra ospitalaria berariaz garatzen arituko zen. Horrela, laurogeiko hamarkadaren amaieran baldintza egokiak sortu ziren erronka berriei ekiteko, inguruko gizarteari zerbitzu bat eskaintzen saiatzeko.
Laurogeita hamarreko hamarkadan ospitalearen laguntza-eginkizuna eguneratu zuten, zerbitzuak dibertsifikatuz. Horrela, egonaldi luzeko emakumezko gaixo psikiatrikoez gain, bi sexuetako eta zenbait adin-taldetako pazienteak ere artatzen hasi ziren, ez bakarrik ospitaleko laguntza-esparruetan; komunitate-esparruetan ere bai. Kasu guztietan programa terapeutikoak eta errehabilitazio-programak egiten zituzten, eta patologia mental berriak aztertzen hasi ziren, hala nola garuneko kaltea. Aldaketa-prozesu horretan, laguntza-jarduera finantzatzeko beste iturri batzuk bilatzeari ekin zioten, eta finantzazio-publikoa bakarrik izatetik eredu mistoa izatera pasa zen.
Laurogeita hamarreko hamarkadan ospitalearen etorkizuneko garapenean eragina izan zuten proiektu berriak egin zituen. Hauek dira garrantzitsuenak:
- 1991. urtea. Gaixotasun mental larria duten pertsonentzako eguneko ospitalea, Arrasateko hirigunean.
- 1992. urtea. Egonaldi ertaineko unitatea akutuen unitateek eskain dezakeena baino luzeagoa den arreta eskatzen duten paziente psikiatrikoentzat.
- 1992. urtea. Garuneko Kalteen Unitatea, garuneko lesioren bat izan duten pazienteak errehabilitatzeko.
- 1997. urtea. Eguneko Zentro Psikogeriatrikoa, Arrasaten, Debagoieneko eskualderako, urritasun kognitiboak eta funtzionalak dituzten adinekoentzat.
- 1997. urtea, Neuroerrehabilitazio Zentroa, Bilbon, diziplina anitzeko errehabilitaziorako, erregimen anbulatorioan.
- Hamarkada osoan zehar 6 etxebizitza prestatu ziren Arrasaten gaixotasun mental larria zuten pertsonak komunitatean txertatzeko.
Ahizpa Ospitalarioen Kongregazioaren mendeurrena
1981ean, Jesusen Bihotzaren Ahizpa Ospitalarioen Kongregazioaren mendeurrena ospatu zen, hainbat ekitaldirekin, horien artean nabarmentzen direlarik Donostiako gotzain Jose M. Setien presiditu zuen eukaristia eta San Jose pabiloian egindako festa.
Benito Menniren beatifikazioa
1985eko ekainaren 23an, Erromako San Pedro Basilikan, Ahizpa Ospitalarioen Ospitalearen eta Kongregazioaren fundatzaile Benito Menni beatifikatzeko zeremonia egin zen. Ekitaldia Joan Paulo II.a Aita Santuak zuzendu zuen eta Aita Menni Ospitalean indar handiz bizi izan zen. Ahizpa, laguntzaile eta paziente talde bat Erromara joan zen zeremoniara, Santa Agedako Komunitate Ospitalario osoaren ordezkari gisa.