1931ko erreforma psikiatrikoa

1931. urtean, ospitale psikiatrikoetan sartzeko eta bertatik irtetzeko betebeharrak errazten zituen lege erreforma bat burutu zen. Lege honetan ospitale berriak eraikitzeko araudia xedatzen zen eta era berean, ospitale orokorretan klinika irekiak zabaltzeko plangintza ere aipatzen zen, ospitaleetako sorospen psikiatrikoaren lehenengo ardatzak ezarriz. Gainera, Administrazio Publikoak osasun mailan ez baztertuenganako bakarrik baizik eta herritar guztienganako zituen erantzukizunen jabe egitea suposatu zuen. Pixkanaka pixkanaka, eredu italiarra jarraituz sortu ziren Gizarte Segurantza eta Gaixotasunen Nahitaezko Asegurua hedatzen joan ziren gizartean. Nolanahi ere, sorospen psikiatrikoa osasun zirkuitu honetatik kanpo geratu zen, Diputazio ezberdinen Benefizentzia sailen esku mantendu zelarik. Dena den, Diputazioek gaixotasunentzako aseguru mota berezi bat jarri zuten martxan, beraien osasun erakunde guztietan eskeinitako sorospen guztia, psikiatrikoa barne, babesten zuena alegia. Eskatzen zuen edozein herritarrek laguntza ekonomikoa jaso zezakeen kontsultarako edo ospitaleratzeko, bere ahalmen ekonomikoaren arabera zati bat ordaindu behar zuelarik. Horrela, familiak baliabiderik ez zuenean, Diputazioak ospitaleratzearen kostu osoa hartzen zuen bere gain. Bestalde, Gerra Zibila medio, garaiko pentsioek erosketa ahalmenaren beherakada nabarmen bat jasan zuten, ondorioz gaixo asko pentsiodun bezala egotetik Diputazio ezberdinen benefizentziakoak bezala egotera pasa zirelarik.

Vista de las instalaciones en Gesalibar

Aita Menni Ospitaleak harreman instituzionalak zituen Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Burgosko Diputazioekin eta bertan zaintzen ziren gaixoak herrialde hauetatik etortzen ziren.

Gipuzkoako Foru Aldundiak etengabe mantendu zituen Aita Menni Ospitalean bere zaindaritzapean zituen gaixoak, bainan 1932tik aurrera, egoera akutuetarako sortu ziren sorospen baliabide berrien zabaltzearen ondorioz, ospitalea gaixo kronikoen osaketarako erresidentzi zentro bat bilakatu zen, eta bertara etortzen ziren aipatutako Foru Aldundiaren zaindaritzapean zeuden gaixo kronikoak.

Bizkaiako Foru Aldundiak berriz, Bermeoko eroetxea erabiltzeko aukera zuen eta ondorioz, lurralde honetatik etorritako gaixoen kopurua ez zen oso esanguratsua izan lehenengo urteetan. Dena den, ondorengo urteetan gaixo gehiago etortzen hasi zen eta kopurua hazitzen joan zen, gaixoen talde osoaren zati handi bat osatu arte.

Arabako Foru Aldundiak bazuen berea zen ospitale psikiatriko bat eta beraz, gaixo arabarren presentzia beti oso urria izan da. Burgosko Diputazioa 1898. urtean hasi zen bere gaixoak bidaltzen, eta berdin egingo zuen azkenengoak sortu berria zen Oñako eroetxera eramango zituen arte, 1977an.

Instalakuntzak

Garai honetan, eroetxearen zabalkuntza lanak atsedenik hartu gabe jarraitu ziren. Zaindutako gaixoen kopuruaren etengabeko hazkundeak pabilioi berriak antolatzea eskatzen zuen, ingresatzen ziren gaixo berriak hartu ahal izateko.

1932an solairu bateko pabilioi bat eraiki zen “Sagrado Corazón” Pabilioiari itsatsia eta bertan pentsiodun partikularrentzako zerbitzuak jarri ziren. “Santa Teresa” Pabilioia zen, beranduago ospitaleratutako erlijiosentzat erabilia izango zena. Duela urte gutxiago, pabilioi hau bergizarteratze programa burutu ahal izateko eraberritua izan zen eta gaur egun, Egonaldi Ertainetarako Unitatearen zati bat da.

1932 eta 1933 urteen bitartean, berreziketa eta berregokiera erregimenean zeuden Gipuzkoako gaixoei zuzendua zen “Santa Isabel” Pabilioia ere eraiki zen. Berau “San Rafael” eta “San Juan de Dios” pabilioien artean aurkitzen zen.

Bestalde, garai honetan berrikuntza teknologiko garrantzitsu bat ere gertatu zen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza bati esker, 1933an gaixo akutuen pabilioian garai hartako aurrerapen guztiak biltzen zituen balneoterapia gela bat prestatu zen. Sufredun uren iturriaren eraikin zaharraren kokalekuan, pabilioi berri bat egin zen 1939an eta bertan jarri ziren bulego medikuak, oftalmologia eta odontologia gelak, farmazia eta analisiak egiteko eta ikerkuntzarako baliabide aurreratuenak biltzen zituen laborategi orokorra.

Garai hartako egoera sozioekonomikoaren ondorioz, janari eta osagai beharrezkoenak eskuratzea zaila gertatzen zen eta horregatik, Aita Menni Ospitaleak autarkiarako joera hartu zuen, hau da, lur sailak landuz eta abelzaintzaren bitartez, ospitaleko beharrak hasetzeko janaria ekoizten zen. 1945ean, Aita Menni Ospitaleak lur sail gehiago erosi zituen, bai soroak eta baita belardiak eta zuhaitz sailak ere, janariak lantzeko eta abereentzat behar zuten bazka izateko. 1946an lur sail hauetan behi-ikulu bat eta hegaztien granja bat eraiki ziren, bertan gaixo askok lan egin zutelarik ordurako Santa Agedan aski onartua zen okupazio terapiaren kontzeptuari jarraituz.

Comedor
Dormitorio en el Hospital Aita Menni
Establos
Hermana Hospitalaria atiende a una paciente

Talde asistentziala

Garai hartako talde asistentziala oraindik ere pertsonal fakultatiboak eta erlijiosa ospitalariek osatzen zuten, lan ezberdinetarako langile kopuru txiki baten laguntzarekin. Komunitatea osatzen zuten ahizpen kopurua hazitzen joan zen 1930, 40 eta 50. urteetako hamarkadetan. Erizaintza arloan lan asistentziala egiten zuten ahizpez gain eta komunitatean berezkoak diren Ama Gorena eta Ekonomoa bezalako erantzukizunak zituztenez gain, zenbait ahizpek okindegia, sukaldea, ofizioen buruzagitza, garbitegia eta baratzen arduradun lanak betetzen zituzten. Kasu guztietan gaixoen laguntza izaten zuten, laborterapiaren inguruan, lan hauek betetzen zituztenena hain zuzen.

1931ko erreformak eroetxeetako erizaintza pertsonalak psikiatrian izan beharreko formazioa arautu zuen eta ondorioz, Ahizpa Ospitalarien ospitaleetan irakaskuntza teorikoa martxan jarri zen, ondoren hauek bere tituluak unibertsitatean lortzeko aukera izan zezaten.

Hermanas Hospitalarias
Facultativo de la Casa de Salud e Santa Águeda

Diagnostikoa eta tratamendua

Garai honetan Krapelinen nosologia sartu zen, gaixoen diagnostikoak sailkatzeko erabilia izan zena. Diagnostikoa zalantzan izaten zenean, astero ospatzen ziren saio klinikoetan eztabaidatzen ziren kasu bakoitzaren gora beherak. Diagnostikoaren inguruan orduan egindako ekarpenik garrantzitsuena orduko Zuzendari Medikua zen Dr. Olaranek bultzatutako laborategi klinikoa izan zen.

Dr. Olaran Zuzendari Mediku izan zen garaian tratamendu berrienak sartu zituen, hala nola sosa nukleinatoa, sulfosina, malaria, txertoak eta neosalvarsanak. Espainiako Neuropsikiatren Elkartearen kide bezala, Higiene Mentaleko Ligaren kongresuetan parte hartzen zuen, garai hartan sortzen ziren aurrerapen teknikoen gora beherak gertutik jarraituz.

1939an Sakelen osaketa sartu zuen, hasera batean Manfred Sakelek morfinaren abstinentziaren sintomen tratamendurako 1933an erabili zuena alegia. Intsulina dosi handiak erabiliz, koma hipogluzemikoak eragitea zuen helburu eta teknika hau eskizofrenia paranoide kasuetan erabiltzen zen. Talka bustia, hau da, izerdi ugariaren fasearainoko hipogluzemien sorreraren teknika, eskizofrenia eta delirio kronikoak zituzten gaixoetan erabiltzen zen.

1938an, kardiazola eta pentazola bezalako eragile kimikoen bidez eragindako konbultsioak sortzeko teknikak sartu ziren. 1942an sartu zen ospitalean Bini eta Cerlettik 1938an sortu zuten elektroshock izeneko prozedura, konbultsioak eragiteko deskarga elektrikoak erabiltzen dituena alegia. Astean hiru aldiz administratzen zen, tentsio baxua denbora luzez erabiliz, modu honetan konbultsioaren fase tonikoa ahalik eta bortizkeri gutxienekoa izan zedin.

Gudaren ondorengo egoera sozialaren eraginez, Aita Menni Ospitaleak, ahal izan zuen neurrian, bere kabuz lortu behar izan zituen janariak eta gainontzeko materialeak. Egoera honen ondorioz, okupazio terapiaren arloan aktibitate ugari jarri ziren martxan. 1945ean, gaixo guztien %59 arlo honetako lan batetan ari ziren. Aita Menni Ospitalean beti erabili izan den laborterapiak garrantzi berezi bat izan zuen autarkiaren garai honetan.

Revisión oftalmológica en Santa Águeda
Instrumental de electroterapia