Nola lantzen dugun errehabilitazio fisikoa kalte zerebralaren ondoren
Gure fisioterapeutek lagundu egiten dute lesio zerebralak eta beste desgaitasun neurologiko batzuk dituzten pertsonak zaintzen, horien eta senideen bizi kalitatea hobetzeko. Konfinamendu egun hauetan, gure YouTubeko kanalen eta saio telematikoen bitartez, pazienteei areta ematen eta euren ezagutzak partekatzen jarraitzen saiatzen dira, hartutako kalte zerebrala duen pertsona orori laguntzeko.
Lesio zerebral batek pertsonaren ibiltzeko, zutik egoteko edo are esertzeko gaitasunari erasan diezaioke. Ahizpa Ospitalarien Kalte Zerebraleko Menni Sareko diziplina arteko taldeen Fisioterapia arloan programa indibidualak antolatzen dira, helburua izanik funtzionamendu motorra hobetzea, balantze artikularrak mantentzea, postura, bipedestazioa eta oreka normalizatzea eta ibilera berreskuratzea, besteak beste.
Ildo horretan, Aita Menni Ospitaleko Kalte Zerebraleko Zerbitzuko Fisioterapiako arduradun Iban Arrienek azaldu duenez, bere lan arloan hartutako kalte zerebralari lotutako mota guztietako patologiak tratatzen dituzte: hemiparesiak, tetraparesiak, ataxiak, etab., bai helduengan bai haurrengan. “Patologia bakoitzaren, pertsonaren eta sintomatologia klinikoaren arabera, landu beharreko hainbat helburu zehazten ditugu, errehabilitazio erregimen intentsiboan izan zein mantentzeko erregimenean. Beraz, kasu bakoitzean tratamendua desberdina da”.
Tratamendu indibiduala
Ez gara soilik mugikortasun arazoez ari, arazoak izan daitezke hipertonia, posturaren kontrola, oreka, koordinazioa, ibilera, etab., zeinek funtzionaltasunari eragiten baitiote, eta, zehazki, eguneroko bizitzako jarduerei. “Gure fisioterapeutak saiatzen dira lesio zerebralaren aurreko funtzionaltasun maila lortzen; pertsona horien arazo fisiko eta funtzional errealak ebaluatzen dituzte; estrategiak garatzen dituzte mugitzeko gabeziak lehengoratzeko eta/edo konpentsatzeko, edo sedestazio egokia lortzeko; koordinazioa eta oreka berrikasteko entrenatzen dute, izan estatikoa zein dinamikoa, eta mina eta tonu muskularraren nahasmenduak saihesten laguntzen dute, hala nola espastizitatea edo zurruntasuna. Gainera, gure pazienteei eguneroko bizitzako ekintza ugari egiten laguntzen diegu, norberaren arazoen arabera. Familiei ere erakusten dizkiegu ohiko mobilizazio eta transferentziei lotutako hainbat alderdi, erortzeko arriskua prebenitzeko teknikak, bizkarraren higiene posturala edo ingurunea egokitzea. Finean, zenbait teknikaren bitartez, pazienteari ahalik eta konfortik handiena ematen diegu. Horrek eragiten du kaltetutako pertsonaren zein zaintzaileen bizi kalitatea hobetzea, eta lagundu egiten du kaltetutako pertsona etxean ahalik eta denbora gehien egon ahal izatea”, baieztatzen du gure adituak.
Tratamenduak zentroan egiten dira, baina baita etxean ere. Taldean ere egin daitezke. “Egia da taldeko fisioterapia saioetan parte hartzen duten pertsona gehienak egonkortze eta mantentze fasean daudela, eta/edo mantentze saio indibidualen batekin osatzen dituztela taldeko saioak. Aldiz, terapia intentsiboan dauden pertsona batzuek taldeko saioekin osatzen dute euren programa indibiduala”, argitzen du Aita Menniko Fisioterapiako arduradunak.
Mobilizatzeko eta posturak lantzeko estrategiak
Paziente asko iristen dira Kalte Zerebraleko Menni Sarearen zentroetara, baina, gainera, harremanetarako postontzietan, gure webgunearen erabiltzaileen mezuak jaso ohi ditugu, hainbat alderdiri kontsultatzeko, horietako batzuk desgaitasun neurologikoa duten pazienteen mugikortasun arazoei eta mobilizazioari lotutakoak. “Iktusa izan nuenetik, min handia daukat sorbaldan, zer egin dezaket?”, “Geldirik geratu zaidan ezkerreko aldean ez dut orekarik, zer ariketa egin behar dut berreskuratzeko?”, “Aholkuren bat emango didazu jakiteko nola eseri behar den pertsona bat aulki gurpildunean?”, Zein da aulkitik ohera eramateko modurik onena?”.
Iban Arrienek azpimarratzen du paziente bakoitzaren zailtasun fisiko eta funtzional errealak baloratu behar direla. Horrez gain, ezberdintasunak zehaztu ditu ohean maneiatzearen, sedestazioaren, bipedestazioaren edo ibiltzen laguntzearen artean. Ohiko transferentzietarako: ohetik aulkira, aulkitik komunera/besaulkira, aulki gurpildunetik autora eta abar eramateko, gomendatzen du Menni Sarearen kanaleko bideoak ikustea, esaterako, lerro hauen azpian ikus daitezkeenak.
Ahal dugun heinean, webgunearen tea sare sozialen bitartez informazioa eskatzen diguten erabiltzaileei erantzuten saiatzen gara. Hala ere, Aita Menniko Fisioterapia Zerbitzuko buruak azpimarratzen du zaila dela aholku generikoak ematea, “pertsona bakoitza desberdina delako, arazo eta sintoma kliniko berdinak izanda ere. Profesionalak baloratu behar du pertsona bakoitza eta jarraibide zehatzak eman”.
“Edonola ere, gutxi edo ezer ez mugitzen diren pertsonek gehiago mugitzen direnek baino aukera gehiago dute okerrera egiteko”, baieztatu du adituak, mugikortasunaren garrantzia azpimarratuz. “Arrazoi hori tarteko –gehitu du–, oro har, ohikoena izaten da posizionamendu egokia ematea eta gorputza eta adarrak ongi lerratuta egotea; arnasa hartzeko ahalmena ona izatea; deformitate osteoartikularrak eta lesio trofikoak ekiditea, hau da, larruazaleko alterazioak, presioagatiko ultzerak, etab. Eta, horretarako, beharrezkoa da pertsona horri mobilizazioak egitea, postua sarri aldatzea, bai ezker alboko dekubitoan, bai eskuin alboko dekubitoan, dekubito supinoan… eta, gainera, gorputzaren adar guztien mobilizazio pasiboak edo aktibolagunduak egitea, eta berdin buruan eta lepoan ere. Ondoren, ahal bada, enborra mobilizatzen saiatu behar da, eseri eta zutik jartzen, nahiz eta lagunduta izan”.
“Fisioterapia neurologikoan jartzen dugun helburu nagusia da ahalik eta autonomia fisiko eta funtzionalik handiena lortzea, kaltetutako pertsonen eta senideen bizi kalitatea hobetzeko”, amaitzen du Aita Menniko Fisioterapiako buruak –Euskadiko Fisioterapeuten Elkargoko lehendakaria eta Espainiako Fisioterapeuten Elkargoen Kontseilu Orokorreko lehendakariordea ere bada–, azpimarratuz zaila dela aholku generikoak ematea.