Nerea Gutierrez Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen Erizaintzako zuzendariak “Zainketen ekonomiari eta bizitza luzerari buruzko upskilling-a” izeneko mahaian parte hartu zuen, Beatriz Laskurain Mondragon Unibertsitateko irakasle eta aholkulariarekin, M. Jesus Goikoetxea Deustuko Unibertsitateko Etika irakaslearekin, Olga Martin Aclimako zuzendari nagusiarekin eta Santiago Canales IMQ Igurkoko zuzendari nagusiarekin batera. Solasaldia urriaren 5ean izan zen, Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak antolatutako ‘Enplegu aukerak eta gaikuntza zainketen ekonomian eta bizitza luzeran’ izeneko jardunaldian.
Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak inauguratu zuen jardunaldian, ZainLab proiektuaren emaitzak ezagutarazi eta aztertu ziren; proiektua Sailak bultzatzen du, beste instituzio eta gizarte erakunde batzuekin batera, enplegu estrategia bat diseinatzeko, bizitza luzearen gizartea berrikuntzaren ikuspegitik kudeatzeko. Estrategia horren barruan etxeko zainketen sektorearen profesionalizazioa sartzen da.
Euskal Autonomia Erkidegoan, milioi erdi pertsonak baino gehiagok 65 urte bete dituzte; horietako laurdenak bakarrik bizi dira, 20.000 egoitzetan, eta 50.000 baino gehiago dira 80 urtetik gorakoak. Hainbat egoerari erantzun behar zaie, eta erantzun tradizionalek “ez digute uzten etorkizuneko erronkei aurre egiten”, esan zuen Mendiak.
Trebetasun eta konpetentzia berriei buruzko lanbide heziketa
Topaketa Guggenheim Museoko auditoriumean egin zen, eta agerian utzi zuen beharrezkoa dela zainketen “sektorea” profesionalizatzea, Euskadin kalitatezko 40.000 lanpostu ere sor ditzakeena. Nerea Gutierrezek parte hartu zuen mahaian upskilling-ari buruz eztabaidatu zen: anglizismoa bat da, trebetasun eta konpetentzia berriei buruzko lanbide heziketari erreferentzia egiten diona, pertsona batek bere laneko jardunean hazteko aukera izan dezan.
Betiere, zahartzea «arazotzat» hartzeari utzi eta profesional kualifikatuak izango dituzten enplegu nitxo berriak sortzeko «aukera» bihurtzeari begira, ideia bateratu eta osagarriak aurkeztu ziren, “ingurune berri batera egokitu beharko gara; antolatu beharko gara” adieraziz.
“Zaintzea ez delako besterik gabe lan bat”, azpimarratu zuen M. Jesus Goikoetxeak, “hauskortasun egoera batean egonik zaintzea merezi duen pertsona batekiko konpromisoa da”. Erakundeek argi izan behar dute zertarako dauden: pertsonak ondo zaintzeko”, gaineratu zuen, eta zainketetan profesionaltasuna, malgutasuna eta pertsonalizazioa eskatu zuen. “Profesional bat ez da teknikari bat, eta pertsona bat zaintzea ez da pertsona hori kontrolpean edukitzea. Pertsona bat ondo zainduta dago duintasuna eta eskubideak dituen pertsona gisa aitortzen bada”, azpimarratu zuen.
Erakundeek zaintzan duten esperientziak, teknologiak, monitorizazioak eta datuen analisiak aukera emango digute zainketen unibertsoan modu proaktibo eta prediktiboan jarduteko. Kulturartekotasuna eta diziplina aniztasuna bezalako kontzeptuak jarri ziren mahai gainean, jasangarritasuna ahaztu gabe.
Gure Erizaintzako taldeko arduradunak ekarri zuen egungo errealitatea solasaldira, Osakidetzako langile gisa izandako esperientzia ere kontuan hartuta: “Lana geratzen zaigu zaindu nahi dugun bezala zaintzeko. Komunitatearen beharren atzetik goaz, egokitzea kostatzen zaigu, egunerokoan oso lanpetuta gaudelako. Gauza batzuetan ondo gaude eta beste batzuetan hobetu egin behar dugu. Profesionalek ahalik eta erantzunik onena ematen dute, jakinik ez dutela behar besteko arretarik jartzen, ez baitago denborarik erabiltzaileekin eta haien familiekin hitz egiteko”.
Nerea Gutierrezek ziurtatu zuen zaintzen ari direnak “errealitate horrekin zerbait egiteko” eskatzen ari direla, “zaintzan profil desberdinak txertatzeko moduari buruz pentsatzeko”. Horrez gain, une honetan, eta are gehiago udan, profesionalak aurkitzeko zailtasunak daudela adierazi zuen. Zer laguntza instituzional behar da? Galdera horren aurrean, gure Erizaintzako zuzendariak ukiezin batekin erantzun zuen: koherentzia, eta Pertsonarengan Oinarritutako Arreta politika guztietan sar dadila.