Mundu inklusibo, irisgarri eta jasangarriago baterantz covidaren ondoren
Abenduaren 3a Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna da. NBEk 1992an aldarrikatu zuen egunaren xedea da desgaitasuna duten pertsonen eskubideak eta ongizatea sustatzea eta bultzatzea. Komunitatea kontzientziatzeko eguna ere bada, pertsona guztien integrazioa, berdintasuna eta inklusioa bermatzeko.
2020. urte honetan, bestela ezin izan eta, lema honekin garatuko da: “Hobeto berreraiki: mundu inklusibo, irisgarri eta jasangarriago baterantz COVCID-19aren ondoren, desgaitasuna duten pertsonengatik, pertsonentzat eta pertsonekin”.
Aita Menni Ospitaleak bat egiten du egunarekin, bereziki Desgaitasun Intelektualaren eta Autismoaren Arloak, zeina azken urteetan zerbitzu berriak garatzen ari baita, Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako Foru Aldundiekin koordinatuta, arreta eredu inklusibo bat bermatzeko laguntza sare baten barruan.
UDITRAC TRANSICIÓN Gipuzkoako Foru Aldundiarekin koordinatuta sortu berri diren dispositiboetako bat da. desgaitasun intelektuala eta jokabidearen nahasmendua duten 10 laguni zuzenduta dago, eta xedea da etxe, gizarte eta komunitateko trebetasunak eta trebetasun okupazionalak eta laboralak trebatzeko, ondoren dispositibo komunitario batean sartzeko.
Garai hauetako konplexutasunak gizarte osoari eragin dio, baina bereziki kolektibo zaurgarrienei, esaterako, desgaitasun intelektuala edo autismoa duten pertsonei, eta haien senideei.
Jon Alcaide Suarez 19 urteko gazte bat da, orain dela ia urtebete sartu zen dispositiboan, eta egunaren aldarrikapena baliatu nahi izan du bere esperientzia transmititzeko, garai konplexu hauen ondoren.
– Abenduaren 3a Desgaitasun Intelektualaren Nazioarteko Eguna da.Uste duzu garrantzitsua dela eguna gogoraraztea?
Bai, oso, izan ere, desgaitasun intelektual bat dugun arren, gizakiak gara, eta hori goraki ospatu behar dugu. Oso egun garrantzitsua da, jendeak ikusi gaitzan eta laguntzeko eta eskua luzatzeko aukera izan dezan.
– Zer esan nahi du zuretzat desgaitasun intelektualak?
Niretzat, desgaitasun intelektualak esan ahi du gehiago kostatzen zaigula ikasketen edo lanaren inguruko gauzak ikastea. Arazoak konpontzeko zailtasunak ditugula ere esan nezake, baina, laguntzarekin, denak konpontzen ditugu. Baina, ezeren gainetik, eguneroko errutinetan eta oro har bizitzan arazoak ditugun arren, gizakiak gara.
– Nola deskribatuko zenuke UDITRAC TRANSICIÓN?
UDI Unitate bat da, non maitasun handia jasotzen baitugu, eta norberak dituen arazoak konpontzeko laguntza jasotzen baitugu. Sartu nintzenetik, ikusten dut asko hobetu dudala, nire haserreak autokontrolatzen dakidala, baina oraindik luzatu egin behar dut ‘metxa’.
– Urtebete baino gutxiago daramazu gure Unitatean.Nola ikusten duzu zure burua etorkizunean?
Orain Aita Mennin nago, nire trebetasunak entrenatu ahal izateko. Etorkizunean, pisu babestu batean ikusten dut nire burua, non dirua eta gastuak kudeatzen lagunduko baitidate, gehiago aurrezteko eta autonomoago izateko. Orain badakit nire autonomia hobetzeko laguntza behar dudala, baina nire espazioa eduki nahi nuke, nire kabuz autogestionatzeko, hainbeste laguntzaren beharrik gabe.
– Nola bizi izan duzu covida?
Oso deprimituta egon naiz. Nire ikuspegitik, ‘bum‘ bat izan da, ez soilik nire bizitzan, baizik eta Espainian ere. Tabernak itxi dituzte, saltokiak, kafetegiak… Ikusten dudana da txerto bat atera behar dutela jada.
– Hausnartu ahal izan dituzun gauza positiboak eta negatiboak…
Gauza positiboen artean dago heldutasunerako modu bat dela, adibidez, gurasoak ez ikustea edo beste pertsona batzuekin kontaktu fisikoa ez izatea. Egiazki non nagoen konturatzen lagundu dit.
Negatiboen artean, Espainian eta munduan jende asko hil dela pandemia honen erruz, eta injustizia moduan ere ikusten dut.,
– Nola izan da zure etxekoekin kontakturik ez izatea?
Gaizki, oso zaila eta konplikatua mundu guztiarentzat, Ospitalean eta kanpoan.
– Nola mantendu duzu zure sare soziala denbora honetan guztian?
Teknologia berriei esker, sare sozialen, deien eta bideodeien bitartez komunikatu ahal izan naiz.
– Heziketa soziokulturalari dagokionez, zer aukera galdu dituzu bitarte honetan?
Nahiko gaizki eragin dit, ni, lehenago, sartu nintzenean, astero joaten ginelako merkatu txikira, irteerak egiten genituen… eta bat-batean, pandemia bategatik, covid agerraldi bategatik, ezin gara kanpora irten, eta ulertzen dut, horrela da bizitza.
– Nola uste duzu izan daitekeela covid ondoko mundua?
Musukoarekin. Ez da aurreko bizimodua izango, hitzak berak esaten du. “Covid ondoko” bizitza izango da. Bizitza ez da berdina izango, ezingo gara elkartu 20 lagun baino gehiago, ezingo dira egin jaiak lehen bezala, esaterako, sanferminak.
– Mezuren bat bidali nahi diezu desgaitasuna duten pertsonei?
Desgaitasun intelektuala duten pertsona guztiak animatu nahi nituzke, aurrera jarraitu dezaten indartsu, desgaitasun bat dugun arren, gizakiak garelako.