Joan den apirilaren 24an ofizialki ireki zutenetik (egun hori aukeratu zuten San Benito Menniren jaieguna izateagatik) Liberiako hiriburuan dagoen Ahizpa Ospitalarien Benedict Menni Osasun Zentroa lanean ari da dagoeneko eta beterik dago.
Ahizpek gure sortzailearen jaieguna aukeratu zuten zentroko zuzendaritzarekin eta langileekin Osasun Zentroa abian jartzeko. Ospakizunean hainbat pertsona ospetsu izan ziren, horien artean Monroviako artzapezpikua den Lewis Ziegler; Charles Boyce, bikario jenerala, eta Monroviako Artxidiozesiko osasun-zentroetako koordinatzailea, Yah Gausi.
Apirilaren 24a egun garrantzitsua izan zen “Benedict Menni Centre” zentroaren historian. Programa hasteko eukaristia bat egin zuten Sortzez Garbiaren Parrokian. Eukaristia horretara langile guztiak eta Sortzez Garbiaren eskolako ikasleak bertaratu ziren. Mezan kristau-elkarteko beste kide bat bataiatu zuten, eta lehen jaunartzea eta sendotza ere egin zituzten. Ongietorria egin eta gero, ahizpa Feliciak, zentroko nagusiak, Aita Menniren bizitzari buruz hitz egin zuen, eta ospitaleko misioa bete zuela eta erronkei emandako erantzuna nabarmendu zituen.
Geroago, Yah Gausik ebolaren birusaren epidemiaren ondoren herrialdea geratu den egoerari buruz hitz egin zuen. Horren ondoren, “Triage and isolation building” eraikin berriaren giltzak eman zizkioten ahizpa Feliciari. Lewis Zieglerrek, Monroviako artzapezpikuak, ur bedeinkatua bota zuen sail guztietatik, “irekitzeko zinta” ebaki eta bi eraikin berriak bedeinkatu zituen. Ospakizunaren amaieran harrera handia eta dantzak egin ziren.
Benedict Menni osasun zentroa apirilaren 9an jarri zen martxan, eta egun berean, txertaketa-kanpaina hasteaz gain, instalazio berriak (hondakinak bereizteko eremua eta isolamendu-eremua) ere estreinatu zituzten. Bere osasun mentaleko proiektuak Apezpikuaren eta Gobernuaren laguntza jaso du.