Arte-adierazpenaren domina irabazi zuen eskolan eta irakasle batek pinturari ez uztea eskatu zion. Eta Manu Lantxasek, Fernanz ezizenarekin sinatzen duenak, ez dio harrezkero margotzeari utzi. Bere estudioa Aita Menni Ospitalean bertan du, eta azken urteetan bere etxea izan da.
Donostian jaio zen 1967. urtean eta Irunen hazi. Han, Alfredo Pittó perutar margolariarekin erretratua lantzen hasi zen. Hamazazpi urterekin “bizitzaren unibertsitateak” deitzen ziola sentitu zuen, eta ikasketa guztiak utzi eta mendira bizitzera joan zen. Bizitza naturala eta “bake handikoa” aukeratu zuen. Avilan, Katalunian, Pirinioetan eta beste hainbat lekutan bizi izan zen. Larrua lantzen, ispiluak, eskumuturrekoak, kometak eta bestelakoak egiten eta erretratu hiperrealistak margotzen ateratzen zuen bizibidea.
Azkenean, 1991. urtean profesional moduan margotzea erabaki zuen; erretratuak eta Hondarribiko eta Bidasoa arroko itsas pinturak batik bat. Artelan ugari egin arren, familia-arrazoiak direla eta ez zuen 1995. urtera arte erakutsi.
Geroago goitik behera aldatu zituen bere margo-lanak. Fernanz berarentzat garrantzitsuenak diren lanak margotzen hasi zen: ‘Biluzik gelan’, ‘Aurpegiak’, ‘Paisaia erromantikoa’, ‘Haitzulo magikoa’, martelé eta Pollocken dripping (harea eta ehundurak) teknikak erabili zituen ‘Hondartzak’ -egunsentian, ilunsentian eta ilunabarrean-, eta ‘Androginoak’ saila. Tamaina handiko koadroak dira. “Lehen androginoa mitikoa da; 20 urterekin margotu zuen eta nire maisulana da. Erdi gizona erdi emakumea, erdi sukuboa erdi inkuboa, erdi deabrua erdi aingerua…“, azaldu du margolariak.
“Ez dut jeniotzat neure burua, eta ez nago burutik ere ez”
Garai horretatik “art brut” (arte gordina) taldearekin zuen harremanaz gogoratzen da. Harekin zenbait erakusketatan parte hartu zuen arren, bat ez etortzen zen talde marjinala zen. Horietako bat, ‘Art Brut-Genio y delirio’, 2006. urtean egin zuen, Donostiako Kutxaespacio kubo-kutxa aretoan, eta han ohorezko liburuan sinatu zuen. Bere izaera eklektikoa erakutsiz, hauxe azpimarratu du: “Ez dut jeniotzat neure burua, eta ez nago burutik ere ez”. Egile artistiko garaikidea naiz. Autodidakta. Eta bai nire estiloak bai nire teknikak eklektikoak dira. Oro har, espresionismo abstraktua, figuratiboa eta puntillismoa menderatzen ditut. Eta orain pintatzen margotzen dut. Espatulaz ere bai, eta hori nik bakarrik ikasi dut. Vegap erakundekoa naiz, artista plastikoen egile-eskubideen alde lan egiten duen erakundea dena”.
Manu Lantxasek askotan erakusten ditu bere lanak gure ospitalean, eta ospitaletik kanpo, noski. Eta saltzen ditu. Bere lan berrienak “Hodeiak” eta “Geometriak” dira. Lan koloristak dira eta espresionismo abstraktuaren barruan koka ditzakegu. Koadro horiek, aerosolez margotutako metafisika iradokitzen dute. Azken lanetan, Familien Eguneko merkatu txiki solidarioan ikusi dugun moduan, zirkuluak ere badaude. Zentroko langileek bat baino gehiago irabazi dizkiote. “Erretratuak ongi saltzen dira. Goibelak eta ilunak dira. Horietan nire barruari begiratzen diot. Duela zenbait urtetatik bizitzen ari naizen aroa da”, adierazi du artistak.
“Hemen nire tailerra dago, eta Interneterako konexioa duen ordenagailu bat ere badut”
“Ospitalean, margotzeko aukera ematen didate. Tailer bat eta ordenagailu bat dut. Internet bidez saltzen ere laguntzen naute. Asko baloratzen dut hori; baita saltzen eta nire lanak ikuslearekin bizitzen erakustea ere. Erakusketa gehiago egitearen zain nago, eta baten bat beste hiru edo lau egilerekin batera egingo dut”, adierazi du esker onez.
Baina Manuren arlo artistikoa ez da hor amaitzen. Artea erostea gustukoa du, beste artista batzuek sinatutako lanen bilduma egiten du, eta besteak beste Iñigo Arregi, Jon G. Balenciaga, Mikel Rezola eta Valentín Arana margolariekin harremana du sarearen bidez. Artearekin zerikusia duen guztiak erakartzen du. Baita argazkilaritza ere, hala ere, ez duela menderatzen du adierazi du.
Iaz, 2013. urtean, “Arte, vida y pintura” liburua idatzi zuen. “Beretzat” idatzi zuela dio. Guztira, 185 orrialde, 16 erakusketa eta 80 koadro baino gehiago dira, eta ez du argitaratzeko asmorik. Hala ere, Emmanuel Lantxasek 90 orrialdeko “Poesías completas” poema-liburua argitaratu egin du, Interneten. Eta idazten duen bitartean, koloretako arkatzak, aerosolak eta ikatz-ziriak erabili ordez, boligrafoa eta ordenagailuaren teklak erabiltzen dituenean, beste hizkuntza batean igortzen dizkigu Manuk bere sinboloak, bere bizitzaren kontzeptua eta bere esperientzia.