Adineko pertsona

Neurri bereziak: bisitak bertan behera, bideo deiak, jarduerak indartzea…

Bideo deia Txurdinagabarri adinekoen Egoitzan

Covid-19 koronabirusaren epidemiak Aita Menni Ahizpa Ospitalarietako adineko pertsonen zentroetan neurri bereziak hartzera behartu gaitu, baita gure jardueraren inguruabar ugari aldatzera ere, besteak beste, antolaketa kontuak eta artatzen ditugun pertsonen eta haien senideen arteko komunikazio moduak.

Eguneko zentroak itxita

Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiek eskatuta, gure eguneko zentroak itxita daude, eta egoitza hauek bakarrik daude zabalik: Gipuzkoan, Oñatiko San Martin, eta Bizkaian, Txurdinagabarri (Bilbo) eta Barandiaran (Durango).

Bisitak bertan behera

Kutsatzeko aukera ahalik eta gehien murrizte aldera, egoitzetan kanpoko bisitak bertan behera uztea beste erremediorik ez dugu izan. Alarma egoera izendatu aurretik, egoiliar bakoitzeko pertsona batek zeukan bisitarako baimena, eta egunero denbora mugatuarekin.

Langileak

Gure langileek lanean jarraitzen dute artatzen ditugun pertsonei kalitatezko zerbitzua emateko, gure balio ospitalarioek eskatutako dedikazio, sentsibilitate, etika eta gizatasunarekin, gainera. Langileak euren balioa erakusten ari zaizkigu, orain inoiz baino gehiago. Gauero, milaka lagunek txalotzen dituzte osasun langileak etxeko leiho eta balkoietatik, eta txalo horiek adinekoek egoera ahalik eta ondoen pasatu dezaten egoitzetan dena ematen dutenentzat ere badira. Eskerrik asko!

Jarduteko protokoloak

Aita Menni Ahizpa Ospitalarien egoitzek langile guztiek nahitaez bete behar dituzten argibideei jarraitzen diete; tartean, honako prozedura hauek daude:

  • Laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuek SARS-CoV-2 koronabirus berriarekiko esposizioaren aurrean jarduteko prozedura. Osasun Ministerioa (2020/02/28).
  • SARS-CoV-2 koronabirusa zaintzeko protokoloa. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila (2020/02/26).

Instrukzio horrek, halaber, Aita Menni – Ahizpa Ospitalarietan berariazko batzorde bat edukitzea aurreikusten du. Batzordea egoera bereziari dagokion guztia kudeatzeaz arduratzen da, eta prebentzio eta euste neurri berezi batzuk ezartzen ditu. Neurri horiek gure erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen zentro guztiei eragiten diete, eta zenbait alderdi arautzen dituzte, hala nola kasuei aurre egiteko jarduketa, zentroetako sarreren eta irteeren erregistroa, garbiketako jarraibideak edo norbera babesteko ekipamenduen erabilera.

Telefono bidezko komunikazioak

Gure adinekoen egoitzetan, familiei deitzeko programazio bat ezarri dugu, Gizartegintza, Psikologia eta Erizaintza sailetatik astean behin gutxienez jakinaraz diezaieten nola doazen gauzak eta nola dagoen haien senidea, baita egin nahi dituzten galderei edo planteatu nahi duten edozein gairi erantzuteko ere.

Familiei jakinarazi zaie, halaber, telefono zenbakiak ditugula egoiliarrekin komunikatzeko, ordutegi hauetan: 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara Txurdinagabarrin, 10:30etik 12:30era eta 17:00etatik 19:00etara Joxe Miel Barandiaranen, eta 10:30etik 12:30era eta 16:30etik 19:00etara Oñatiko San Martin egoitzan. Ia familia guztiek dagoeneko egunero erabiltzen dute komunikatzeko bide hori.

Bideo deiak eta argazkiak, whatsapp bidez

Egoiliarrek arreta eta maitasuna jasotzea garrantzitsua denez, eta ez bakarrik gure langileen aldetik, baizik eta baita maite dituztenen aldetik ere, bideo deiak antolatzen hasi gara egoitzetan, sakelako telefono baten bidez familiekin harremanetan jartzeko. Gure amama eta aitita guztiek etxekoekin hitz egin eta haiek ikusteko poza izaten dute; senitartekoak, berriz, lasai geratzen dira adinekoak ondo daudela eta egoitzan eguneroko jarduerak egiten jarraitzen dutela egiaztatzean.

Kanal pribatua YouTuben

Txurdinagabarrin, bideo kanal pribatu bat jarri dugu martxan, eta egunero igotzen ditugu artatzen ditugun pertsonek egiten dituzten jardueren hainbat uneren grabazioak. Ekimenak oso harrera ona izan du egoiliarren eta familien artean, eta batzu-batzuek jada zoriondu gaituzte. Eskerrik asko!

Jarduerak

Beharrezko prebentzio neurriek, halaber, solairuetako egoiliar taldeak espazio berean elkar daitezen saihestera behartu gaituzte, eta, horregatik, orain taldeek beren solairuan egiten dituzte jarduerak, eta, kasuren batean, Txurdinagabarriko teilatu lauaren terrazan edo Barandiarango patioan, toki egokiak baitira airea eta eguzkia hartzeko; izan ere, paseatzeko irteerak eta kanpoko jarduerak eten egin dira.

Eduki hau kanpoko hornitzaile batean dago. Ikusi nahi baduzu, "Besteak" cookie-ak onartu behar dituzu Cookie-en konfigurazioan.

Nolanahi ere, beharrezkoa balitz egoiliarren bat zentroetatik ateratzea salbuespenezko arrazoiren bat dela tarteko ?adibidez, urgentzietako mediku kontsulta baterako?, Erizaintza Sailak ebaluazio protokolo bat ezarrita dauka adinekoa bere egoitzara itzultzen denerako.

Alde batera utzi behar izan dugun beste ohiko jarduera bat meza da, baita edozein ospakizun mota ere.

Jardueren kronogramak aldatu ditugu, eta jarduera horietan emandako orduen kopurua eta horien barietatea handitu ditugu.

Eutsi goiari!

Txurdinagabarri egoitzako adinekoen talde batek animoak eta umore ona helarazi nahi izan dizkigu, egungo egoerari aurre egiteko. Haien hitzetan, “egun grisek badute gauza on bat: kolorez margotu ditzakezula”.

Eduki hau kanpoko hornitzaile batean dago. Ikusi nahi baduzu, "Besteak" cookie-ak onartu behar dituzu Cookie-en konfigurazioan.

Jakin badakigu familientzat eta bertan bizi direnentzat egoera hau zaila dela eta urduritasuna sortzen duela. Osasun krisiaren inguruabarrek salbuespen neurriak hartzera garamatzate, eta gure esker ona adierazi nahi diegu familiei, izan ere, zentroetako langileak erabat ulertu eta babestu dituzte. Ziur gaude gure profesionalen ahaleginarekin eta familien elkarlan zein ulermenarekin egoera hau konpondu ahal izango dugula, duela 120 urte baino gehiagotik egiten ari garena ardatz hartuta: premia handiena duten pertsonak zaintzea, alegia.