Kepa Junkera trikitilariaren historia kontatzen duen Berpiztu dokumentalean parte hartu dugu
Duela aste batzuk, komunikabideek Berpiztu dokumentalaren estreinaldia iragarri zuten, Kepa Junkera bilbotar musikariaren historia publiko zabalari kontatzeko. Gutxiago geratzen da! EITB euskal telebista publikoak irailaren 21ean eskainiko du Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioan Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko lehian arituko den film luze honen aurrestreinaldia.
Musikariak, Fermin Aiok zuzendutako dokumental honetan, bere ibilbide musikalaz gain, 2018an Ganten (Belgika) sufritu zuen iktusa eta errehabilitazio prozesua ere partekatu nahi izan ditu. Zuzendariak ‘Cine con Ñ’ komunikabidean azaldu duenez, Berpiztu-ren asmoa da “musikariak bere errehabilitazio prozesuan, bere ondarea ordenatzeko eta berriz ere presente egiteko egiten dituen ahaleginetan transmititzen duen emozio hori atzematea”, eta, gaineratu duenez, bere filmak ez du kultura ondarearen babesa bakarrik aldarrikatzen, osasunaz ere hitz egiten baitu, “ongizate egoera gisa ulertuta, non pertsona bere gaitasunez baliatzen den eta bizitzaren inguruabarrei aurre egiteko gai den”.
Aita Menni Ospitaleko Kalte Zerebraleko Zerbitzua oso harro dago Kepa Junkerari bizi kalitatea hobetzen lagundu ahal izan diolako eta film honen grabazioan parte hartu duelako. Noemi Alvarez neuropsikologoak, Oihana Ramos logopedak eta Iban Arrienfisioterapeutak ordezkatzen dute filmean trikitilaria artatu zuen eta artatzen ari den diziplina askoko taldea, lehendabizi Arrasateko gure Ospitaleratze Unitatean, eta oraindik ere Aita Menniren Bilboko Neurorrehabilitazio Zentroan.
Iktusaren ondorioak direla eta, Kepa Junkerak , ahal den neurrian, bere gorputzaren mugikortasuna, komunikatzeko eta elikatzeko gaitasuna… berreskuratu behar izan ditu. Gaur egun ere, proiektuak izaten eta musikarekin eta, oro har, artearekin hunkitzen jarraitzen du. Burmuineko lesioaren ondoren, bere ibilbideari buruzko liburu bat idazten hasi da, sormen kolektibo gisa pentsatua.
Euskal musika herrikoiaren aitzindaria, 40 urteko ibilbide profesionalean, Kepa Junkerak 30 disko baino gehiago argitaratu ditu eta dozenaka interpreterekin kolaboratu du. Dokumentalean hainbat lekukotza jasotzen dira, horien artean egonik Ara Malikian, Santiago Auseron, Pablo Milanes, Pedro Guerra, Estrella Morente, Dulce Pontes, Joseba Tapia, Ibon Koteron, Motriku eta Sorgiñak taldea.
Bere familiak musikariaren ekarpena film batean islatuta ikusteko duen nahia gauzatzen du Berpiztu-k; Kepa Junkeraren bizitasuna erakusten du, bere ondarea bizirik mantentzeko egunero borrokatzen den eta bizitzak jartzen dizkion erronkei aurre egiten dien pertsonarena.
Eskerrik asko, Kepa, Aita Menni hartzeagatik zure errehabilitaziorako. Onena opa dizugu.