Joxe Miel Barandiaran egoitzak bostehun erabiltzaile inguru artatu ditu sortu zenetik igaro diren 10 urteetan
Durangoko Joxe Miel Barandiaran egoitzak lehen hamarkada bete du dagoeneko, eta guztira Eguneko Zentroan etengabe dauden 400 erabiltzaile eta etengabe ez dauden beste 167 artatu ditu. Horrez gain, 48 erabiltzaile zaindu ditu asteburuetan senideek eta zaintzaileek atseden hartzeko programaren barruan.
Joxe Miel Barandiaran egoitza Bizkaiko Egoitzen Foru Sareko egoitza publikoa da, Aita Menni Ospitaleak kudeatutakoa. Itxi zuten Durangoko antzinako Ospitalearen ondoren abian jarri zen 2005eko ekainaren 20an. Egun berezi hori ospatzeko, jardunaldi berezia antolatu zuten egun guztian joan den ostiralean egoiliar, senide, lagun eta langileentzat zentroan bertan.
Goizean eukaristiarekin hasi ziren eta gero zenbait txapelketa egin zituzten: tragabola-jolasa, igela, bola-jokoa, uztaiak edo diana. Diplomak banatu ondoren, egoiliarrek eta erabiltzaileek menu berezi batekin bazkaldu dute.
Horren ondoren, Aita Menni Ospitaleko zuzendaritzak langileek egindako lana eskertu zuen eta lore-sorta eman zion María Pilar Gonzalez, Mª Angeles Poza, Miren Nekane Barrenechea, Eider Bravo, Mirari San Anton, Nagore Mardaras eta Elisa Garcia-ri. Jose Ezquerrak, 10 urte hauetan egoitzako zuzendaria izan denak, San Benito Mennik Santa Agedako Bainuetxean (Arrasate) bere ospitale psikiatrikoa sortzeko erosi zituen lurrak mugatzeko erabili zuen harrizko mugarri bat jaso zuen Aita Menni ospitaleko zuzendari-kudeatzailea den Mikel Tellaecheren eskutik. Opari bera eman zioten Maria Villarri, Duangoko antzinako egoitzako zuzendaria izan zenari. Aita Mennin Ahizpa Ospitalarien Nagusia den ahizpa Montserrat Esparzaren hitzetan, “baldintzarik gabeko laguntza eskaini zuen trantsizioan, egoitza berrira pasa ziren familia eta egoiliarrak animatu zituen eta oso aholku praktiko baliotsuak eman zizkigun gure hastapenetan”. Ahizpa Montserratek Joxe Miel Barandiaran Egoitzaren lehen momentuak nola izan ziren gogoratu zituen eta esker berezia eman zien “egunero lan egiten duten langileei, gure adinekoak artatzen agertzen duten gogo handiarengatik, gure ospitaleko misioan oinarritzen diren printzipioei jarraituz”. Izan ere, hori dela eta, hainbat senidek eta erakunde publikok Aita Menniren lanean konfiantza handia dute. “Gure lanak bere saria izan du, gaur egun ere badu eta izaten jarraituko du”, adierazi zuen.
Ondoren, Juan Carlos Irizar musikari, konpositore eta zuzendari oñatiarrak kontzertu bat eman zuen, Ahizpa Ospitalariak Liberian (Afrika) garatzen ari diren osasun mentaleko “We are like you” proiektuaren alde egiten ari den kontzertuen bira solidarioaren barruan.
Arratsaldeko ekitaldien artean ortu bat inauguratu dute, eta dagoeneko hiru dituzte. Egoiliarrek egunero zaintzen dituzte, eta beraientzat jarduera entretenigarria eta gustagarria da.
Egunaren amaieran euskal dantzetako Durangoko Tronperri Taldea aritu zen. Dagoeneko 50 urte daramatza euskal dantzak irakasten eta haiekiko maitasuna igortzen haurrei, gazteei eta nagusiei. Azkenik, askaria egin zuten, akordeoiek eta trikitilariek egindako musikarekin girotuta.