Aita Menni Ospitaleak doktore berri bat du langileen artean urtarrilaren 29tik. Lankide asko zeudela, Ana Isabel Domínguez Panchón psikologo klinikoak doktorearen Europako titulua eskuratu zuen Deustuko Unibertsitatean. Bere tesia “Esku-hartze psikosozialeko programa batek dementzia-sindromea duen pazientearen zaintzailearen gainkarga prebenitzeko edo murrizteko duen eraginkortasunaren diseinua eta azterketa (Educa-Dos azterlana)” izan da edo Manuel Martín Carrasco eta Imanol Amayra Caro aritu dira zuzendari gisa. Tesiak bikain cum laude nota jaso zuen.
Ana Domínguez, laugarrena ezkerretik, bere tesiaren zuzendariekin eta epaimahaikideekin.
Sarrera gisa, Ana Domínguezek azaldu zuen dementzia duten adineko asko bere etxean egoten direla bere familiako emakume baten zaintzapean -lau emakumezko zaintzaile daude gizonezko zaintzaileko, eta normalean gaixo dagoen pertsonaren alabak edo ezkontideak dira-, eta haien gainkarga zaintzeak zaintzaileen osasunean dituen eragin negatiboen ondorioa dela. Gainkarga horrek ekartzen dituen kalteek zaintzeko gaitasunean eragin dezakete.
Zaintzaile informalaren arazoak
Gainkarga handitzeak zaintzailearen osasun psikologikoan eta fisikoan eragiten du, eta oro har, bere bizi kalitatean ere bai. Horrez gain, pazientearengan ondorio hauek ere ekar ditzake: bizi kalitate okerragoa, sintoma psikiatrikoen handitzea eta lehenago sartzea erakundeetan. Horregatik guztiagatik zaintzailearen arreta helburu garrantzitsua bihurtu da dementzien arretan.
Hori horrela, zenbait esku-hartze prestatu dira, psikosozialak nagusiki, zaintzaileen gainkarga txikiagotzeko edo prebenitzeko. Hala ere, oraindik ez da frogatu haien eraginkortasuna, batik bat oso azterketa gutxi egin direlako edo daudenen muga metodologikoengatik.
Ana Domínguezek eta bere laguntzaileek aukeratutako esku-hartze psikosozialeko programak, Educa-Dos programak alegia, gainkarga detektatzea, prebenitzea eta murriztea du helburu, zainketa bera errazten duten eta zaintzaileen bizi kalitatea hobetzen duten gaitasunak ikasteko eta estresa arintzeko estrategien bidez. Taldeko esku-hartze psikosozialeko programa hori (Educa-Dem) talde handi bati aplikatu zioten, baina emaitza ez zen abiapuntuko hipotesiaren aldekoa izan, ezin izan baitzen frogatu gainkarga murrizteko tresna horren eraginkortasuna.
Ikerketaren ekarpenak
Emaitza alde batera utzita, epaimahaikideek doktoregaiaren zintzotasuna eta lan handia goraipatu zuten. Zehazki, Carrasco Zabaleta doktoreak gizartean aplikatzen den ikerketa bat aukeratzeagatik zoriondu zuen Ana Dominguez, eta “zaintzen duten pertsonak zaintzeko erronkari aurre egin nahi” izateagatik. Salaberria doktoreak ikuspegi sozial, psikologiko eta ekonomikotik gaiak duen garrantzia eta interesa aipatu zituen, eta aztertutako taldeak eta laginaren tamaina ebaluatzeko zailtasuna nabarmendu zuen. Epaimahaiko presidenteak, Bulbena doktoreak, azterketa egiteko tresnen sendotasun metodologikoa eta proposamenaren ausardia nabarmendu zituen, “laguntzari eta zientziari ongietorria egiten dielako“.
Doktoregaiak aipatu zuen moduan, azterlana, baliozkotutako esku-hartze psikosozialeko tresnak bilatzeko prozesu baten barruan dago. Ikerketa egiteko 238 zaintzaile bildu zituen 20 eguneko zentrotan (115, esperimentua egindako taldeari esleituta, eta 123, kontrol-taldeari). Educa-Dem programak ez zuen eraginkortasun handirik izan zaintzailearen gainkargan, baina hobekuntza nabaria izan zuen bigarren mailako distress aldagaian (estres negatiboa, antsietatea, insomnioa eta bestelakoak ekartzen dituena). Esku-hartzearekin lortutako eraginak luzaroan iraun zuen eta gainkarga eta distress aldagaien bilakaeran dosi eragin posible bat aurkitu zen, tratamenduaren intentsitatearen arabera.
Educa-Dem, dementzia duten eta eguneko laguntza-baliabideekin artatzen diren pazienteen zaintzaileen gainkarga prebenitzeko edo murrizteko diseinatu zuten programa da. Azterlanak “ekarpenak egiten ditu”, eta erakundeek, hala nola Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailak, egindako beste lan batzuen ildo beretik doa, adierazi zuenImanol Amayrak. Lanak azpimarratzen du ikertzen jarraitu behar dugula, iraupen luzeko gaixotasunak dituzten pazienteen zaintzaile informalen gainkarga prebenitzeko eta murrizteko, eta Martin-Carrasco doktoreak adierazi zuen moduan, azterlan hori, Ikerketa Psikiatrikoen Institutuaren Educa Proiektuaren barruan kokatzen da.