Gaur egun musikoterapia hainbat gaixotasun tratatzeko erabiltzen da, hala nola alzheimerra, parkinsona, autismoa zein gaixotasun mentalak. Arrazoi hori tarteko, Irungo EPSZ adimen musikalaren inguruko proiektu batean sartu da, eta helburua da erabiltzaileentzat kalitatezko aisialdia lortzea, eta, hainbat azterketak frogatu dutenez, autoestimua handitzen laguntzea, harreman sozialak sustatzea, mina arintzea eta, are, musika errealitatearekin kontaktuan egoteko metodo gisa erabili ahal izatea.
Musikoterapiaren xedea da musika erabiltzea motibazioa, espresioa eta komunikazioa sustatzea lortzeko, baina batez ere erabiltzaileek disfrutatzeko, eta horrela pertsonei laguntzea euren osasun mentala eta fisikoa hobetzen, pertsonen arteko askatasuna bultzatuz. Gainera, norberaren buruaren zein ingurunearen gaineko ezagutza estimulatzeko ere balio du, eta arlo sentsoriomotrizetan pertzepzioa garatzeko.
Marisa Etxepare eta Peio Fernández profesionalek emango dute tailerra datozen hiru hilabeteetan. Musikoterapia saioa astean behin egingo da, eta bertan erabiltzaileak musikarekin duen harremanari buruzko bestelako perspektiba bat lortu dezan saiatuko dira, bere sentsorialitatea esperimentatu dezan, eta libreki espresatu dadin, espresioa eta komunikazioa bultzatzen dituen ingurune batean. Tailerra parte hartzailea izango da, eta erabiltzaileek beraiek instrumentuak joko dituzte, horietako tresna batzuk modu errazean egin ere egingo dituzte, eta beraientzat motibagarriak diren musika generoekin esperimentatuko dute.