Osasun mentala

Iosu Lasa: “Gauzak egiteko gai naizela sentitzen dut”

Beasaingo gure EPSZko artistak, seigarren urtez, urtero egiten duen erakusketa inauguratuko du Tolosako 3Tabernan. Jarduera horrek rol garrantzitsua jokatzen du bere errehabilitazioan, eta ezingo genuke Iosu ulertu bere zeregina gabe: arteak nola egituratzen duen bere egunerokotasuna, besteekiko harremana, barne munduaren eta kanpo munduaren arteko zubia, bere buruari jartzen dizkion helmugak eta lortzen duen gogobetetze sentimendua.
Iosu Lasa: "Gauzak egiteko gai naizela sentitzen dut"

Marrazkia da Iosu Lasak bere barne mundua zentsurarik gabe, zuzendu gabe, adierazteko erabiltzen duen modua. Irudi polimorfoz betetako imajinario bat, lehen begiratuan naif dirudien eta xehetasunez behatutako bestiario bat, bere elementu ugariekin harritzen gaituena. Norbaitek Iosuri marraztean zer sentitzen duen edo marrazketak berarentzat zer esan nahi duen galdetzen dionean, hauek izaten dira erantzunak: “betetzen nauela sentitzen dut”, “emaitza gustatzen zaidalako ondo sentiarazten nau”, “menderatzen dudan zerbait da”, “burutik pasatzen zaidana kanporatzen dut”, “lasai sentitzen naiz marrazten dudanean”.  Hilaren 19ra arte bere lanetako 35 ikusi ahal izango ditugu Tolosako 3Tabernan (Oria kalea, 12).

Iosuren ustez, une honetan, urtean behin erakusketa egitea helburu bat da. Komunitateak bere lana nola baloratzen duen ikusten du, eta erakusketetara joateaz gain, koadroak ere erosten ditu.

Iosu Lasa: "Gauzak egiteko gai naizela sentitzen dut"Bere lanak duen onarpenak bultzatuta, duela bi urtetik hona Iosu Beasaingo akademia bateko pintura eta marrazketa eskoletara ere joaten da. Bertan, beste pertsona batzuekin teknika desberdinak probatzen ditu, komunitatean parte hartuz. Integrazioa, maila pertsonalean zein sozialean, bere jarduera artistikoaren lorpena da.

“Ezingo genuke Iosu Lasa ulertu bere zeregina gabe: arteak nola egituratzen duen bere egunerokotasuna, besteekiko harremana, barne munduaren eta kanpo munduaren arteko zubia, bere buruari jartzen dizkion helmugak eta horri esker lortzen duen gogobetetze sentimendua. Adierazpen artistiko horrek, finean, garapen pertsonala errazten du, maila emozionalean, kognitiboan eta sozialean”, adierazi du Agus Tena Beasaingo Errehabilitazio Psikosozialeko Zentroko (EPSZ) psikologoak; Iosu egunero joaten da bertara.

Jarduera hori funtsezkoa da haren errehabilitazioan; hala uste dute terapeuta taldeak eta arrebek, eta horixe berretsi du Legazpiko artistak berak. 

Iosu Lasa: "Gauzak egiteko gai naizela sentitzen dut"

Terapia taldea eta Beasaingo EPSZko erabiltzaileak

Ikerketa zientifiko ugarik azpimarratzen dute arteak, oro har, prozesu psikologikoetan eragiten dituen onura terapeutikoak. Horien artean, Schmidek (2005) egindakoak nabarmentzen dira. Horien arabera, jarduera artistikoek autoadierazpena, autoestimua eta emozioak desblokeatzea sustatzen dute, eta estresa arindu eta antsietatea murrizten dute.

Sormen jarduerek gizarteratzea eta hazkunde pertsonala sustatzen dute. Svensk et al. (2009) autoreen arabera, halaber, agerian geratu da arteak helburu berriak eta autoeraginkortasun zentzua ezartzen laguntzen duela.

Osasun mentalaren arloari aplikatutako errekuperazio ereduak pertsonek beren bizi prozesuan aktiboki parte hartzea aurreikusten du, bizitzan lortu beharreko helburu pertsonalak ezarriz, nahiz eta horretarako prozesuan lagunduko dieten kanpoko laguntzak behar izan. Pertsonarengan zentratutako arreta funtsezkoa da errehabilitazio prozesuan.

Oraingoan, Iosuk prozesuaren fase guztietan parte hartzen du: obraren sorrera, beharrezko materialaren erosketaren kudeaketa, erakusketetarako lokal posibleen lokalizazioa, diru bilketaren kudeaketa, GKE jakin bati emandako dohaintzen kudeaketan, etab. Horrela, bere autoezagutzan sakontzen du (potentzialtasunak eta mugak) eta, zentroko taldearen laguntzarekin, marrazketarako grina garatzen du erabat inklusiboa den espazio sozial batean.

Ildo horretan, gure artistari hau esaten entzuten diogu: “egiten dudana partekatzen dudanean, poza sentitzen dut”, “zoriontsu egiten nau irudimenean daukadana islatu ahal izateak”, “marrak egiten gozatzen dut, eta ez dakit nora eramango nauten”, edo “gauzak egiteko gai naizela eta besteei gustatzen zaizkiela iruditzen zait”.

Iosu Lasa: "Gauzak egiteko gai naizela sentitzen dut"

Iosu bere arreba Arantxarekin

Marivi eta Arantxa Lasa dira Iosuren arrebak, eta duela urte asko ohartu ziren jendeak haren marrazkiak preziatzen zituela, eta hainbat erakusketa antolatu zituzten, dezenteko onarpena izan zutenak; baina uste dute orain dela zazpi urte-edo hartu zutela kontzientzia obraren balioaz, Agus Tenak Iosuren marrazkiak ikusi eta urtero antolatutako erakusketetan (denak oso arrakastatsuak) promozionatzen hasi zenean. 

Nolanahi ere, etxean beti balioetsi izan da haren obra. Familiak berak animatu zuen Debako Marrazketa Eskolan matrikulatzera, eta, gaixotasuna zela eta, ezin izan bazuen jarraitu ere, Kutxan erakusketa bat egiteko aukera izan zuen, Donostian, erakusketa bateratu batean. “Poz handia sentitzen dugu ikusita Iosu oso pozik eta animatuta sentitzen dela bere koadroak saltzen direla eta jendeak bere obra asko estimatzen duela ikusten duenean. Gainera, konturatu gara marrazten duenean erabat kontzentratuta egoten dela eta horrela bere beldurrak uxatzen dituela, gero gogobeteago sentitzen dela. Gainera, ikusten dugu zein garrantzitsua den berarentzat intimitatean egiten duen zerbait publiko mota orok ikus dezakeela ikustea”.

ARTISTAREN HITZETAN

–          Noiz eta zergatik hasi zinen marrazten?

Txikitatik izan dut forma artistikoetarako joera. Idazle edo margolari izatearekin amesten nuen, artisten bizitzek beti eragin didate, nire kezkengatik, uste dut. Eskolan antzerkia egiten nuen eta poemak ere errezitatzen nituen. Bi urtez jarraian irabazi nuen olerkiak errezitatzeko lehiaketa, eta hirugarrenean ez nuen parte hartu gaixorik nengoelako. Geroxeago hasi nintzen marrazten, nerabezaroan, eta neure kabuz ikasi nuen. Aurrerago Debako Arte eta Ofizio Eskolan ikasi nuen eta prestakuntza formalagoa izan nuen. Eta ondoren, Bilbon, marrazki eta pintura akademia batera joan nintzen. 

–          Harrezkero, marrazkia beti izan duzu bidelagun, edo zure bizitzako tarteetan ezin izan diozu edo duzu nahi izan zure denboraren zati bat eskaini?

Oroimena dudanetik etengabe marrazten dut.

–          Zer esan nahi du zuretzat marrazteak?

Zabaltzea esan nahi du, zerbait konstruktiboa egitea, eta emaitzarekin pozik sentitzea.

–          Hori egiteak eragin terapeutikoa duela uste duzu? Zergatik?

Bai, jakina. Nolabait, nigandik, nire izaeratik, nire mundutik zerbait ematen ari naiz, nire barnean dagoena islatzen dut eta besteekin partekatzen dut.

–           Zure lanaren ezaugarria izaki fantastikoen marrazkiak dira. Zertan oinarritzen zara?

Nik irudimentsuak direla esango nuke. Ez dut inspirazio argirik, paperaren aurrean jartzen naizenean neure buruari eramaten uzten diot, eta gauza bat ateratzen da, eta gero beste bat, eta horrela ehuntzen dut konposizioa.

–          Ez duzu kolorea erabiltzen. Zergatik?

Marra garbia gustatzen zait, esplizituagoa iruditzen zait, adierazkorragoa bere sinpletasunean.

–          Zeintzuk dira zure artista erreferenteak?

Picasso aipatzen dut beti. Van Gogh ere gustuko dut. Baina ez nuke esango nire erreferenteak direnik, miresten ditudan artistak dira. Nire marrazkiek ez dute haien eragina islatzen. Artista handiagoak dira, beste maila batean daude. Nire marrazkiak espresatzeko modu bat dira.

Iosu Lasa: "Gauzak egiteko gai naizela sentitzen dut"

EPSZko kideak erakusketa ikusten

–          Hau zure seigarren erakusketa da. Urtean behin erakustea proposatu duzu, eta lortzen ari zara; gainera, zure koadroak saldu egiten dira eta We are like you proiektuan laguntzen dute. Zer esan nahi du horrek zure bizitzan?

Osasun mentaleko arazoa dudanez, nire egoera berean dauden beste pertsona batzuei laguntzea indargarria dela iruditzen zait. Horrela gizartea, oro har, buruko gaixotasunaren inguruan kontzientziatzen laguntzeak bete egiten nau. Buruko gaixotasunen inguruan oraindik estigma handia dagoela uste dut, eta ikusgarritasuna ematea positiboa da.

–          Artistikoki hazteko kezka izaten jarraitzen duzu, marrazketa eta pintura eskoletara joaten jarraitzen duzulako, ikasteko eta ezagutza trukatzeko. Zer ematen dizute?

Artea ikusteko eta sentitzeko beste modu bat da. Akademian ikasten dudana eta nik egiten dudana oso desberdinak dira.

–          Zerbait geratu zaigu esateke?

Eskerrak eman nahi nizkieke proiektu honetan laguntzen didaten pertsonei, Beasaingo EPSZko langileei, nire familiari, bikotekideari, zentroko kideei, eta baita Patxi Egilazi ere, Tolosako 3Tabernakoari, bigarren urtez nire lanak erakusteagatik.