Informaciones Psiquiátricas aldizkariaren zenbaki berria
Ahizpa Ospitalarioen Informaciones Psiquiátricas aldizkariaren 253. zenbakiak bost artikulu espezializatu argitaratu ditu 2024ko lehen hiruhileko honetan.
Bartzelonako Mare de Déu Ospitaleko neuropsikiatriako Eguneko Ospitalean aplikatutako diziplina anitzeko lanketaren esperientzia
Lehenak Bartzelonako Mare de Déu Ospitaleko neuropsikiatriako Eguneko Ospitalean aplikatutako diziplina anitzeko lanketaren esperientzia jasotzen du (2015etik 2022ra). Misericòrdia Floriach i Robert doktorearen artikulu bat da, Ahizpa Ospitalarioen Unitat Polivalent Barcelona Nord unitatearen Neuropsikiatriako eguneko ospitaleko kidearena.
Mare de Déu de la Mercè Ospitaleko Neuropsikiatriako eguneko ospitalea sektorez gaindiko baliabide sanitario espezializatu bat da, eguneko egonaldiko erregimena duena, 18 eta 65 urte bitarteko pertsona helduak artatzeko, zeinek narriadura kognitiboa baitute garuneko kalte baten ondorioz, substantzien erabileragatik, Huntingtonen gaixotasunagatik edo hasiera goiztiarreko dementzia neurodegeneratiboengatik.
Azken urteetan ikusi da buruko nahasmendua eta hauskortasuna duten pertsonak ugaritu direla, eta horien arreta egokia oso konplexua dela, arreta oso espezializatua behar dutelako eta osasun eta gizarte zerbitzuak eraginkortasunez integratu behar direlako, besteak beste. Pertsona helduak eta heldu gazteak dira eta, gaixotasun mentalaz gain, klinika erantsia ere izan dezakete, hala nola adikzioak, jokabidearen nahasmendua, narriadura kognitiboa, komorbilitatea eta distozia soziala. Konplexutasun handiko egoera kliniko horien jatorria hartutako kalte zerebral bat izan daiteke, hala nola garezurreko traumatismo bat, istripu zerebrobaskular bat edo kalte zerebrala eragiten duen beste edozein noxa; toxikoak oso ohiko kausa dira. Horrez gain, hasiera goiztiarreko gaixotasun neurodegeneratibo batzuek, narriadura kognitiboarekin edo dementziarekin agertzen direlarik, edo baita beste gaixotasun neurodegeneratibo batzuekin ere, horrelako koadro klinikoak eragin ditzakete, gaixoaren gaineko oso begirada holistikoa eskatzen dutenak, diziplina desberdinetatik, zerbitzuak integratzeko gaitasun handiarekin, eta, aldi berean, duintasuna eta tratu gizatiarra zainduz.
«Long Covid» eta funtzionamendu mentalean duen eragina
Bigarren artikuluak «Long Covid» eta funtzionamendu mentalean duen eragina lantzen du. Artikulua Ane Iturrate eta Naiara Mimentza neuropsikologoek idatzi dute, Jose Ignacio Quemada psikiatra eta lankidearekin batera, guztiak ere Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen Kalte Zerebraleko Zerbitzuko kideak.
Covid-19a SARS-Cov-2 birusak eragindako gaixotasun bat da. Gaixotasunaren ohiko arnas sintomez harago, afekzio multisistemiko bat gertatzen da, Nerbio Sistema Zentrala (NSZ) ere barne hartzen duena. Infektatutako pertsonen %15,2tan sintomek irauten dute, edo infekzioari lotutako sintoma berriak garatzen dira fase akututik suspertu eta gero. Nekea eta narriadura kognitiboa nabarmentzen dira Long Covid/Covid Iraunkorra duten pertsonen sintoma nagusien artean, eta batez ere arretarako zailtasunak, mnesikoak eta exekutiboak aipatzen dituzte. Sintoma kognitiboen multzo horri “laino mentala” esaten zaio. Horrek guztiak, nahasmendu psikopatologikoekin batera – antsietatea, depresioa edo loaren nahasmenduak –, eragin nabarmena du eguneroko funtzionamenduan eta kaltetutako pertsonen bizi kalitatean. Long Covidaren sintoma mentalei buruzko ezagutzan aurrera egitea ezinbestekoa da esku hartze terapeutikoak diseinatzeko. Gaixotasuna aitortzea ere garrantzitsua da lanerako gaitasuna baloratzeko garaian. Berrikuspen honen helburua da Covid-19aren osteko disfuntzio kognitiboari eta nahasmendu psikopatologikoei buruz eskuragarri dagoen informazioa modu didaktikoan aurkeztea.
Covid eta patologia psikiatrikoko Unitatea Mare de Déu de la Mercè Ospitalean
Hirugarrenean Mare de Déu de la Mercè Ospitaleko Covid eta patologia psikiatrikoko Unitatearen funtzionamendua azaltzen da. Artikulua Monica Bifano neuropsikologoak, Betzabeth Suarez psikiatrak eta Monica Guasch Ahizpa Ospitalarioen Mare de Déu ospitaleko psikiatriako koordinatzaileak idatzia da.
Artikuluan honetan, Bartzelonako Mare de Déu de la Mercè ospitaleko COVID Unitateak pandemiaren urteetan izandako funtzionamenduaren deskribapena egiten da (2020tik 2022ra).
Maitasuna, desioa, sexualitatea eta osasun mentala
Laugarren artikuluak “Maitasuna, desioa, sexualitatea eta osasun mentala” lantzen du, Jose Manuel Bertolin-Guillen doktore eta Medikuntza eta Kirurgiako lizentziadun, Psikiatriako mediku espezialista eta Psikologiako lizentziadunak idatzi du. Maitasunari eta desio sexualari buruzko artikulu bat da, eta horren neurofisiologiari buruz dokumentazio urria aipatzen du; halaber, osasun sexualaren eta mentalaren arteko harremanak aipatzen ditu, azken horren barruan nahasmendu mentalak, portaerarenak eta neurogarapenarenak sartuta.
Garunaren aldaketa estrukturalak eskizofrenian: sintomekin eta narriadura kognitiboarekin duten lotura
Azken artikuluaren gaia “Garunaren aldaketa estrukturalak eskizofrenian: sintomekin eta narriadura kognitiboarekin duten lotura” da, eta Ahizpa Ospitalarioen FIDMAGeko ikertzaileek idatzi dute (G15 CIBERSAM), erakunde hauetako ikertzaileekin batera: Ahizpa Ospitalarioen Benito Menni CASM, Granollerseko Ospitale Orokorra, Ahizpa Ospitalarioen Bartzelonako Sant Rafael Ospitalea, Ahizpa Ospitalarioen Mare de Déu de la Mercè Ospitalea, Ahizpa Ospitalarioen Martorelleko Sagrat Cor Ospitalea eta Mataroko Ospitale Orokorra.
Egileek azterlan bat argitaratu dute Schizophrenia Research-en (Q1, IF: 4.5), eskizofreniaren alterazio estrukturalei eta gaitza ezaugarritzen duten sintoma nagusiekin eta narriadura kognitiboarekin duten harremanari buruz:
García-León, M. Á., Fuentes-Claramonte, P., Soler-Vidal, J., Ramiro-Sousa, N., Salgado-Pineda, P., Salavert, J., Torres, L., Guerrero-Pedraza, A., Tristany, J., Karuk, A., Barbosa, L., Del Olmo-Encabo, P., Canut-Altemir, P., Munuera, J., Sarró, S., Salvador, R., McKenna, P. J., & Pomarol-Clotet, E.(2024). Cortical volume abnormalities in schizophrenia: Correlations with symptoms and cognitive impairment. Schizophrenia research, 266, 50–57. https://doi.org/10.1016/j.schres.2024.01.031
Eskizofreniaren sintomak hiru “sindrometan” multzokatu ohi dira. Errealitatearen distortsioa delakoak eldarnioak (sinesmen irrazional eta iraunkorrak) eta haluzinazioak hartzen ditu. Sintoma negatiboen artean daude motibazioa galtzea, adierazkortasun emozionalik ez izatea eta hizketaren ekoizpena murriztea.
Informaciones Psiquiátricas aldizkariaren 253. zenbakia hemen eskuratu dezakezu.