“Hartu al dut pilula?” Ahanztura saihesteko, hartu duzulako ziur egoteko edo zaintzen dugun pertsona gogoratu dela jakiteko irtenbidea ingeniarien eta osasuneko profesionalen lankidetzatik etor daiteke.
Biztanleen %25ek 65 urte baino gehiago ditu eta 7 farmako hartzen ditu egunero. Batez ere bakarrik bizi direlarik medikazioa hartu behar duten adineko pertsonengan pentsatuta (Espainian 65 urtetik gorako 2 milioi baino gehiago daude, Espainiako Geriatria eta Gerontologiako Elkartearen arabera), ingeniaritza elektronikoko profesional talde batek tresna erraz bat sortu du, harraldi bakoitza gogorarazi eta prestatzeko.
Taldeko kideak dira Román Vilares, Miren Alvarez, Javier Alonso eta Nagore Sagastibeltza, eta Inbizi, Bizitzarako Ingeniaritza enpresa eratu dute, besteak produktu batzuen artean, pilula kaxa automatiko ekoizteko. Prototipoa aurkezteko, Arrasateraino hurbildu ziren, hilaren 18an, Cesar Perez irakasleak lagunduta.
Saioak interes handia sortu zuen Aita Menni diziplina askoko taldeetan, beti egoten baitira adi arlo soziosanitarioko aurrerapen eta berrikuntza teknologikoari dagokionez. 4.0 pilula kaxaren asmatzaileek ere arreta handia jarri zieten gure psikologia, medikuntza, farmazia edo erizaintzako profesionalek, euren esperientzian eta ezagutzan oinarrituta, emandako ideiei.
Ingeniaritza biomedikoa
Autonomia handiagoa, autoestimu handiagoa arazo kognitiboak dituzten pertsonentzat; bake eta lasaitasun handiagoa familientzat. Hortik hebreerazko izen lagungarria: Noa. Pilulak egunean 3 aldiz hartzeko, astean 7 egunez, baina gaixoaren beharretara egokituta, Noa ez da izango merkatuan aurki daitekeen pilula kaxa bakarra. Baina herritarren artean zabalduena izan daiteke, bere ezaugarriei esker.
“Asko kostatu zaigu erraza izatea”,diote asmatzaileek. Kafe makina baten itxurarekin, konektibitatea duen robot txikia alarma soinu eta argidun baten bidez erabiltzaileari abisatzeko programatuta dago, agindutako pilula emateko. Ordu tarte jakin bat igaro eta gero medikazioa ez bada jaso, sistemak depositu eskuraezin batean gordetzen du, eta mezua bidaltzen dio zaintzaileari, harraldiak nola egiten ari diren ikuskatzeko. Horrenbestez, ahanztea saihesteaz gain, gaixoak gomendatutako dosia baino gehiago ez hartzea ere lortzen da.
Kontuan hartuta mikroprozesagailuak merkatu egin direla, kode irekirako sarbidea eta 3Dko inprimaketa (ez du errodamendurik eramaten), ‘elektromediko’ hau, zeinak bateria bat ere baduen sareko indarrik ez dagoenerako, gaur egun merkaturatzen diren pilula kaxak baino askoz prezio merkeagoan merkaturatu ahal izango da etorkizunean.
Noa, berez, etxean erabiltzeko diseinatu da, baina etorkizunean egitura handiagoetara egokituko da. Egitasmoak, besteak beste, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan du. Hemendik zorterik onena opa diogu.