Hospitalitatea Covid garaian
“Nire unitateko erabiltzaileen artean kutsatzeak zeudela jakin nuenean, zera pentsatu nuen: ‘Zenbat hilko dira?’. Horrek tristura handia eragiten zidan. Nire esku zegoen guztia egin beharko nuen, inortxo ere hil ez zedin. Alabaina, beldur nintzen euren bizitzak nire esku egon zitezkeela pentsatzean. Behin, erabiltzaile batekin nengoela, hauxe esan nion neure buruari: ‘Bizitza kanalizatu ezin badut, nire erruz hilko da’. Paradoxikoki, pentsamendu horrek berak indarra eman zidan, eta orduan jakin nuen ez nuela handik alde egingo nahi nuena lortu arte”.
Nagore Urzelaik kontatzen digu hori guztia, Aita Menni Ospitaleko Benito Menni III Unitateko erizainak. Azaroan, bi erabiltzaile hil ziren SARS-CoV-2aren eraginez, hots, tristeki ezaguna den Covidaren eraginez. Denbora asko da dagoeneko inork ez duela txalorik jotzen balkoietan, baina Aita Menni – Ahizpa Ospitalarioetako langileek, oraindik ere, euren bizkar daramate 850 paziente ingururi egoera oso zailetan arreta emateko lan eskerga; horietatik, ia 600 dira desgaitasuna edo narriadura kognitiboa duten adinekoak, eta 250, berriz, gaixotasun mentala edo desgaitasun intelektuala duten pertsonak.
Nagorerekin batera, beste sei kidek —Ainhoa Gandarias, Mertxe Sagarna, Tere Izquierdo, Nora Ibarra, Charo Murillo eta Macarena Aspiunza— kontatu digute nola igaro dituzten ezohiko 10 hilabete hauek: euren sentipenak, sentimenduak, emozioak… bai eta egoerari aurre egiteko indarra nondik ateratzen duten ere. Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen kolaboratzaileen taldea osatzen duten mila pertsonetatik oso lagin txikia dira, baina ziur asko haien testigantzak beste lankide askok bizi izandakoa islatzen du.
“Nahiz eta tratamendu egokia jaso, paziente hura izan zen hil zenetako bat —ekarri du gogora Nagorek—. Oso erabiltzaile adinduak ditugu, aldez aurretik ere patologiak zituztenak, eta baliteke beste uneren batean horietako edozein patologiaren eraginez hiltzea; baina, hala izanez gero, Covid gabe, modu lasaiagoan lagundu eta artatzeko aukera izango genuen. Tristura eta ezintasun handia sentitu nuen, baina konturatu nintzen errua ez zela ez nirea ez inorena: Covid birusarena baizik”. Birus horrek 3.000 pertsona baino gehiago hil ditu 2020. urtearen hasieratik Euskal Autonomia Erkidegoan, 56.000 Espainian eta 2 milioi baino gehiago mundu osoan. Birusak ez du inolako zailtasunik izan Lurreko herrialde boteretsuenetako presidenteak infektatzeko, pertsona ahulenei erasotzeko zailtasunik izan ez duen bezalaxe. Birusak hankaz gora jarri zituen gure bizitzak, eta dagoeneko urtebete da mundu osoa moteltzen ari dela.
Beldurrari aurre eginez
“Hasiera batean, informaziorik zein hornidurarik eza ziren nagusi maila nazionalean —gogoratu du Charo Murillok, Nagoreren unitate bereko arduradunak; hots, Gesalibarko Benito Menni III unitatekoak—. Pertsonalki, beldurra nion Covidari, ez genuelako behar bezala ezagutzen. Beldur nintzen ez ote nuen ospitalera eramango, eta han guztiekin akabatuko. Baliteke telebista gehiegi ikusi izanak edukitzea horren guztiaren errua”.
“Jakin banekien non ari nintzen lanean, eta banuen guztiok genituen arriskuen berri —ekarri du gogora Tere Izquierdok, Aita Menni Ospitaleko URDP-UDITRAC unitateko arduradunak—, baina lehenengo neurriak ezarri genituen, nola pertsonalak, hala lanaren arlokoak. Ohiturak aldatu genituen, eta elkar zoriontzen genuen Unitatean kasu bakar bat ere ez geneukalako”.
Mertxe Sagarna Bilboko Txurdinagabarri Egoitzako zuzendari eta psikologoak gogorarazi du pandemiaren hasieran beldur izan zen arren, martxoko eta apirileko konfinamendu neurri zorrotzek “kontrol sentsazio subjektibo bat” eragin ziotela, eta horrek “beldurrik gabe lanera joatea ahalbidetu” ziola. “Une hartako egoerak eta, batez ere, une hartan komunikabideetan zeukaten ezjakintasunak eta ematen zuten informazioak ez ziguten lagundu”.
Tere abuztuan kutsatu zen; Charo, azaroan; eta Mertxek abenduan eman zuen positibo. Aita Menniko XX lankideetatik hiru dira, hirurak ere langile taldean egindako XXXX testen artean positibo eman dutenak.
“Abuztuan —gogoratu du Terek— guztia aldatu zen: nire unitatean positibo bat azaldu zen. Garairik txarrena zen, eta unitate konplikatu batean gainera: erabiltzaileak euren geletan bakartuta; eskarmentu handiko langileak, berriz, bakartuta edo oporretan; txandetan, gutxienekoekin eta eskarmenturik gabeko langileekin lanean… Ez zen erraza izan, ez horixe. NBEek asko mugatzen zizkiguten mugimenduak, eta elkar ulertzeko trabak jartzen zizkigun. Gainera, bero handia ematen ziguten, eta protokoloak egunero aldatzen ziren. Ezin genuen geletan sartu, eta erabiltzaileek nola erantzun ez genekien galderak egiten dizkiguten. Egunaren amaieran, etxera iristen ginenean, negar egitea besterik ez zitzaigun geratzen, metatutako ezintasun guztiaz husteko eta hurrengo egunean itzultzeko indarrak biltzeko”.
“Eta horren guztiaren erdian… gelditu egin behar izan nuen —jarraitu du kontaketa—. Ezin nuen gehiago. Uste nuen akidura zela, baina ez: Covidarekin kutsatu nintzen. Amorrua sentitu nuen, han gauza asko zegoelako egiteko, eta kezka eta larritasuna ere sentitu nituen, ez nekielako norbait kutsatu ote nuen”.
“Frustrazioa sentitu nuen. Han egon nahi bainuen nire ‘amonatxoak’ zaintzen”,Charo Murillo, Aita Nenni Ospitalea
Charok eta Mertxek antzeko sentimenduak dituzte. “Positibo eman nuela jakin nuenean… guztia izan zen gogorra —azaldu du Charok—. Frustrazioa sentitu nuen. Han egon nahi bainuen nire ‘amonatxoak’ zaintzen. Horixe izan zen gogorrena: jakitea dagoeneko ezin nuela ezertxo ere egin”. “Kutsatzeko beldurra pena bihurtu da, pena handia, baita erantzukizunaren eta ezintasunaren sentimendu ere, hori konpontzeko ezer egiterik ez dagoelako”, adierazi du, bestalde, Txurdinagabarriko zuzendariak, zeinak etxean bakartuta jarraitzen duen, zentroan ia 10 hilabetez birus baten aurka borrokatzen jarraitzen duten bitartean. “Egunero, orduro eta minuturo daukat buruan Egoitzan gertatzen ari dena. Osasun larrialdiko egoera dugu, eta kutsatzeen arduradun sentitzen naiz, bai eta honek guztiak gure egoiliarrengan zein langileengan eragiten duen minaren arduradun ere”.
Nora Ibarra psikologoa da, Mertxe bezalaxe, eta Durangoko Barandiaran Egoitzako zuzendaria. Bere kideak duen sentimendu berbera dauka: “Nolabait, guztion ongizatearen arduradun sentitzen naiz, adinekoen eta egoitzako taldearen arduradun. Azkenean, izaten dituzten bizipen pertsonalak eta egoerak ezagutzen dituzu”.
”Baina kezka ez dator soilik norberari, erabiltzaileei edo lankideei gerta dakiekeenetik. Baita etxean gertatzen denagatik ere”, kexatzen da Mertxe. “Nire senitartekoak kutsatu ditut, eta sentipen hori ez dut batere gustuko. Hilabeteetan ohartu dira gehiegi inplikatu naizela, eta beraiek jasan dute nire denbora falta. Etxean, gauzak pasatzen jarraitu dute, eta nik ezin izan dut parte hartu. Horrek pena handia sortzen dit. Guztiok ari gara galtzen”.
“Etxekoek ezkutatu egin dituzte beldurrak, baina batzuetan begiradek ere transmititzen dituzte beldurrak”, Nagore Urzelai, Aita Menni Ospitalea
Nagoreri bere semeetako batek botatako galdera etorri zaio burura —‘Ama, ez zara hilko, ezta?’—. “Bakartu egin behar izan dugu, eta aurretik geneukan harreman estua bertan behera utzi behar izan dugu. Orain, gure artean ez dago muxurik edo besarkadarik, eta gela desberdinetan egiten dugu lo. Etxekoek ezkutatu egin dituzte beldurrak, ni are gehiago ez kezkatzeko, baina batzuetan, begiradek ere transmititzen dituzte beldurrak, etxetik ateratzen naizen bakoitzean entzuten dudan esaldiak bezalaxe: ‘Zaindu zaitez, faborez. Asko maite zaitut’”.
Macarena Aspiunza Gesalibarko Desgaitasun Intelektualaren Unitateko psikologo eta koordinatzaileari ere kosta egiten zaio kontaktu fisikorik ez izatea. “Gizakiaren oinarrizko premia da; afektuaren erakusgarri izatetik harago doa. Besarkatzean edo musukatzean bestearen gorputzean eragiten dugun presioak garunaren eremuak aktibatzen ditu, non oxitozina eta serotonina askatzen diren, eta hala, estres eta antsietate maila murriztu egiten da, eta gure aldartea hobetu”.
Macak beti dauka gogoan kutsatzeko arriskua daukala, eta bereziki, gainerakoak kutsatzeko arriskua. “Badakit kutsatzeko arrisku handia daukadala, baina bereziki kezkatzen nau gainerakoak kutsatu ahal izateak. Kezkatu egiten nau neu izateak unitateko kutsatze arrazoia, eta kezkatu egiten nau, halaber, horrek erabiltzaileen eta taldearen osasunean izan dezakeen eraginak, eta horrek asko zaintzera eraman nau, ez bakarrik lanean ari naizen bitartean, baizik eta baita nire bizitza pertsonalean, sozialean eta familiarrean ere”.
Erantzukizuna
Erantzukizunaren zentzu hori etengabe agertzen da gure protagonista guztien gogoetetan, erakundeko edozein langileren gogoetetan egongo litzatekeen bezala, ziur aski.
Terek aitortu du “bakardade sentimendua hain handia izan arren, eta gaixotasun honek gure bizitzetan hain beharrezkoa den giza kontaktua albo batera utzarazi arren”, bere bizitza sozial eta familiarra ahalik eta gehien murriztu duela. “Horixe da oraintxe dagokiguna”, onartu du etsipenez. Era berean, Nagorek uste du “konfinatuta edo erdi konfinatuta” bizi behar duela, “erantzukizunagatik eta kontzientzia moralagatik”.
Ainhoa Gandarias Desgaitasun Intelektualaren Unitateko ikuskatzaileak udako egun korapilatsuak partekatu zituen Tererekin. “Izandako unerik zailenetako bat izan zen —gogoratu du—; izan ere, langile ugarik etxean konfinatu behar izan zuten. Egoera latza izan zen. Martxan jartzea oso gogorra izan zen, lanordu asko izan baitziren atsedenik gabe, tentsioa, ziurgabetasuna, beldurra, nolabaiteko kaosa eta, nola ez, bakardadearen eta ulertu ezinaren sentimendua; izan ere, erasandako eremu bakarra ginen Ospitale osoan, eta berria zen gu guztiontzat, erabiltzaileentzat zein langileontzat”.
“Ezin genien merezi zuten arreta eman, NBEak soinean genituenez ez ziren gai gu ezagutzeko, erabateko ezintasun sentsazioa zen”, Ainhoa Gandarias, Aita Menni Ospitalea
“Egunetik egunera, ikasten edo egokitzen joan ginen, baina erabiltzaileekin bizitako egoerak oso gogorrak izan ziren —jarraitu du kontaketan—: ezin genien merezi zuten arreta eman, NBEak soinean genituenez ez ziren gai gu ezagutzeko, erabateko ezintasun sentsazioa zen, etengabeko frustrazio sentimendua”.
Norak ere gogora ekarri ditu bere lantokian izandako unerik latzenak: “Maratoiaren pareko lanaldiak eta etengabeko kezkak”. ”Oso gogorra izan da, gure zaintzapean dagoen pertsonaren bat gaixotu denean, lankideen larritasuna antzematea; bereziki, gaixoa azkenean hiltzen den kasuetan (gutxitan izan da, baina oso une latzak dira). Benetan gogorra izan da —aitortzen du kezkatuta— etxeratzean seme-alabek ni negarrez ikustea. Negarrez, ezintasunagatik eta nekeagatik, bai eta deskonektatzeko ezintasunagatik ere, asteko 7 egunetan, 24 orduan izaten ditugulako barneko zein kanpoko eskariak”.
Pazienteak eta erabiltzaileak
Non aurkitu dute Ahizpa Ospitalarioen kolaboratzaile hauek hainbesteko indarra, egoera zail hau luzaroan jasateko? Erabiltzaileekiko harremana eta haien ongizatea bermatzeko konpromisoa dira zama jasaten lagundu dieten oinarrietako bat.
“Gure erabiltzaileek zur eta lur utzi gintuzten: ez zuten bisitarik, ez oporrik, ezta inolako kontakturik ere, nahiz eta ahal zenean bideodeiak egiten genituen familiekin… eta beraiek ezin hobeto egokitu ziren, eta ahal zuten guztian lagundu zuten”, kontatu digu Ainhoak. Egunero animatzen genituen eta haiek taldearentzako mezuak ematen zizkiguten. Egia esan, guztiok osatzen genuen taldea: erabiltzaileek zein langileok. Eta lortzeko bidean ginen. Oraindik ere hunkitu egiten gara hartaz gogoratzean”, ziurtatu du.
“Erabiltzaileen ongizateari eustea izan da atsedenik gabe jarraitzera eta lana hobetzeko modua bilatzera bultzatu gaituen indarra, guretzat gure familiakoak baitira —dio Nagorek, zalantzarik gabe—. Gorputz eta arima, dena eman dugu, inolako garrantzirik eman gabe inbertitu beharreko denborari eta indarrari edo horrek maila pertsonalean dakarrenaz ohartu gabe. Gure senitartekoek ere galdetzen zuten pazienteen egoerari buruz. Horrek are gehiago ohartarazten zaitu erabiltzaileei diegun maitasunaz”.
Atzera begiratzen duenean eta psikogeriatriako erabiltzaileek egoera nola igaro zuten pentsatzen duenean ere hunkitu egiten da. “Beldur eta tristura handia pasa zuten, batez ere beren laguna hil zenean. Beraiek ere hiltzera ote zihoazen galdetzen ziguten, eta eskatzen ziguten handik ez alde egiteko. Era berean, atseden hartzeko esaten ziguten, eta pixkanaka sendatzen ari zirenek okerxeago zeudenak animatzen zituzten. Umorezko uneak izan ditugu haiekin, abestu egin diegu, eskua eman diegu eta isilik egon gara elkarri begira, edo, hobeto esanda, begietara begira, hori baitzen ikus zezaketen gauza bakarra”.
Norak adierazi du miresmena sentitzen duela Joxe Miel Barandiaran Egoitzako adinekoen jarrera dela eta: “Bizitza osoa egoera zailak onartzen eta kudeatzen igaro ondoren, gaur egun ere erakusten digute itxaropena dagoela bakarrik ez gauden bitartean, eta, bat eginez gero, enpatia, indarra eta erresilientzia aurkitzen ditugula era honetako krisialdiak gainditzeko”.
Era berean, Macak uste du “miresgarria” dela pazienteak eta erabiltzaileak egiten ari diren ahalegina. Tristura eta etsipen uneak egon badaude, gertukoak eta etxekoak ezin dituztelako ikusi, baina, hala ere, aurrera egiteko indarra eta adorea ateratzeko gai dira, gure laguntzarekin”.
Taldea
Artatzen dituzten pertsonen ongizateari buruzko erreferentziez gain, bada haien narrazioetan maiz errepikatzen den hitz bat: “taldea”.
“Bakartuta egon garenean, etxean geunden kideon eta lanean ari ziren kideen arteko komunikazioa etengabea izan da; beti babestu izan dugu elkar, eta une oro hartu dugu kontuan han ari zirenek egindako lana eta ahalegina —dio Charok—. Talde zoragarria dugu: oso jende arduratsua gara, oso jarrera ona dugu eta asko gustatzen zaigu egiten duguna; gure lana oso gogorra izan daitekeen arren, gure ‘amonak’ zaintzeko eta maitasuna emateko gogo berberarekin gabiltza egunero”. Eta honako hau gehitu du: “Egoera hau modurik onenean konpon zitekeela pentsatzen gehien lagundu didan gauzetako bat izan da, hain zuzen, gure unitateko buru klinikoak nigan pizten duen konfiantza. Hori oso garrantzitsua da; izan ere, gure lana zaintza pertsonala eskaintzea da; gu ez gara medikuak”.
Charok aipatzen duen buru klinikoa Agustin Sagasta doktorea da, Osasun Alertako Lantaldeko medikua —pandemiaren ondorioz sortua—, eta Ospitalean hartu diren erabaki mediko guztien erreferentea. Kasu bakoitza gainbegiratu du, eta denei egin die jarraipena, alta epidemiologikoa eman arte. “Konfiantza osoz lan egin dut, profesionalki egin behar nuenaz ziur, berari esker —gaineratu du Nagorek—. Une oro egoeraren berri eman digu, eta, beregan ohikoa den bezala, lantokian eta lantokitik kanpo inplikatu da, paziente bakoitzaren osasun egoerari erreparatuta, eta diagnostiko azkar eta oso egokia egin du. Nire uste apalean, bera alboan izan ez bagenu, emaitza okerragoa izango zen, zalantzarik gabe. Bajan zegoen gainerako taldeaz arduratu da, eta logeletatik eguneroko mediku kontsulta egitera pasatzen zenean, paziente guzti-guztiak bisitatzen zituen; oso hurbileko harremanarekin beti, eta itxaropena piztuz”.
“Harro nago osatzen dugun taldeaz, eta erabiltzaileek asko erraztu ziguten lana beren portaera onarekin, bizi zuten egoera halakoa izanda ere”, Tere Izquierdo, Aita Menni Ospitalea
Terek inolako zalantzarik gabe adierazi du: “Harro nago osatzen dugun taldeaz. Guztiok egiten dugu lan; denetan, gainera. Langile batzuek txandak aldatu zituzten eta opor egunak galduz laguntzera joan ziren, eta erabiltzaileek asko erraztu ziguten lana beren portaera onarekin, bizi zuten egoera halakoa izanda ere. Hitz batekin defini ditzakegu: TXAPELDUNAK! Letra larriz, gainera”.
“Bakoitzak daukan lanpostua zeinahi dela ere, adiskidetasun eta elkartasun handia dago —azaldu du Nagorek—. Borondate eta prestutasuna izugarria izan da: pertsona bakarra ginela sentitu dut. Gutakoren batek estropezu egin, eta erortzen bazen, hor zeuden gainerakoak altxatzen laguntzeko. Denetariko sentimenduak partekatu ditugu, kanturen bat abestu dugu, eta kide batek bideo pertsonal bat ere grabatu zuen. Bideo hark irribarre eraginarazi zigun guztioi, eta pozez kutsatu gintuen”.
Beste unitate batzuetako langileentzako esker hitzak ere baditu. “Ezin genuen jaso haiek eskainitako laguntza; animo hitzak, ordea, bai. Bakardadea sentitzen genuen, baina era berean, haien laguntza ere sumatzen genuen. Egun haiek gogora ekartzean, hunkitu egiten naiz. Hori guztia ez dugu berehalakoan ahaztuko!”, aitortu du Terek.
Nagorek dioenez, nabarmentzekoa da, halaber, beste zerbitzu eta unitate batzuen prestasuna eta inplikazioa: “Guk bezainbeste edo gehiago lan egin zuten mantentze lanetakoek, farmazialariek, garbiketako langileek, garbitegikoek, erizain laguntzaileek zein erizainek”. Oso lagungarria izan da ikustea nola beste lankide batzuek gure pazienteen egoeraz eta gureaz galdetzen zuten, bai eta, une oro, beren burua edozer gauzatarako eskaintzen zutela ikustea ere. Korridoreetan zehar sumatzen genituen begiradek, hitzik esan gabe, babes eta indar osoa ematen ziguten. Eta guk esker oneko begiradak itzultzen genizkien, eta gure desioa zen ez euren erabiltzaileek ez eurek sekula egoera hori bizi behar ez izatea”.
Baliabide pertsonalak
Kide bakoitzak bere formula pertsonalak ditu salbuespenezko egoera hau ahalik eta ondoen jasateko. Charo, esaterako, baikor egoten ahalegintzen da: “Guztiok jarduten dugu dakigun modurik onenean. Eta hori garrantzitsua da nire sinesmenetan, ezerk ez baitu arima hertsatzen erresuminak eta gaitzespenak baino gehiago. Sentimendu ezkor edo negatiboek burua lausotzen dute eta gozatzeko gaitasuna mugatzen dute”.
Mertxe, bestalde, gauzei aurre egiteko duen gaitasunaz, aurretiko indartze psikologiko pertsonaleko lanaz eta estresa kudeatzeko psikologo gisa dituen ezagutzez eta esperientziaz baliatzen da. “Jarduera fisikoa egitea eta gorputz osasuntsua izatea ere, gehiegizko esfortzu handia ahalbidetzen duena, funtsezko ezaugarriak dira —gehitu du—, bai eta bizimodu ordenatua izatea eta arrisku egoerak ahalik eta gehien saihestea ere. Hori oso lagungarria da edozertarako gai sentitzeko eta egun bakoitzean bizitako guztia barneratzeko”.
“Ahizpen, familia askoren eta egoiliarren esker ona, maitasuna eta babesa lagungarri izan zaizkit energiari eta motibazioari eusteko”,Nora Ibarra, Barandiaran Egoitza
“Ahizpen, familia askoren eta egoiliarren esker ona, maitasuna eta babesa lagungarri izan zaizkit energiari eta motibazioari eusteko eta Covidarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik arlo pertsonalean ere niretzat zaila izan den urte bati zentzua emateko —aitortu du Norak—. Horrek guztiak estresa eta antsietatea kudeatzeko ezagutzetatik eta esperientzia pertsonaletik dauzkadan estrategia guztiak erabiltzera bultzatu nau, eta gainera, estrategia horietako asko nire ohiko gizarte sareko harremanetatik igarotzen ziren, eta izugarri murriztu behar izan dut sare hori”.
Eta aurrerantzean, zer?
Ainhoaren aburuz, egokitzeko gaitasuna funtsezkoa da: “Egoera honetatik egunero ari gara zerbait ikasten. Nire ustez, benetan garrantzitsua da guztiok Ospitalean egiten dugun lana: bakoitza bere lanpostuan, baina denok batera. Benetan egoera berezia dugu, eta uste dut egoera berrira egokitzea dela gakoa une honetan, egunez egun”.
“Pandemian zehar izandako esperientziek, bai lanari dagokionez, bai arlo pertsonalari dagokionez, sentsibilitate berezia sortu dute egoerarekiko, eta horrek, kasu batzuetan, senideekiko harremanaren, frustrazioaren, etsipenaren, eta erruduntasun edo mesfidantza sentimenduen beldurrezko jarrerak garatzea eragin du —ohartarazi du Macak—. Uste dut profesionalei laguntza psikologikoa jasotzeko aukera eman beharko litzaiekeela, pandemiari aurre egiteko jarrerak ez daitezen faktore kaltegarri bihurtu lan jardunerako, eta, bereziki, osasun mentalaren babesa bultzatu beharko litzateke”.
“Lehenik eta behin, egoerak kezkatzen gaituela aitortu beharko genuke, eta emozioari leku egin: dela beldurra, dela beste edozein —gomendatzen du Macak—. Eta geure buruari galdetu: ‘Zer kontrola dezaket nik? Zer dago nire esku? Hartu al ditut har nitzakeen segurtasun neurri guztiak?’. Garrantzitsua da, halaber, emozio horiek gure ingurunearekin partekatzea, horrek arindu egiten baitu daukagun tentsio maila, eta, gainera, alternatibak sortzen baitizkigu geure pentsamenduentzat. Era berean, garrantzitsua da ondo aukeratzea informazio iturriak, informazioa ondo bahetzea eta benetan egiaztatuta dagoenarekin geratzea”.
“Pandemia honek ez gaitu egiten ez kudeatzaile hobeak ez kaskarragoak; pairatzea tokatzen zaigun guztiok haren eraginpeko izatea baino ez du lortzen”, Mertxe Sagarna, Txurdinagabarri Egoitza
Mertxerentzat deigarria da oraingo hau “larrialdi une bat” dela, non egin denari eta egin den moduari buruzko edozein gogoeta edo sentsazio “oso baldintzatuta” dagoen, balorazioak eta aintzatespenak barne. “Pandemia honek ez gaitu egiten ez kudeatzaile hobeak ez kaskarragoak; pairatzea tokatzen zaigun guztiok haren eraginpeko izatea baino ez du lortzen. Prozesuaren amaieran, une honetatik bizirik atera izanak eta bizitakotik benetan ikasteak emango digu errekonozimendua. Errekonozimendu hori kanpokoa edo autoanalisi pertsonala izatea pertsona bakoitzaren barne aldagaien araberakoa izango da”.
“Interesgarria litzateke denbora bat igaro ondoren behatzea honi guztiari —egin du gogoeta Txurdinagabarriko zuzendariak—. Agian, prozesu hau itxi dezakegun unean, pena edo tristura sentsazio orokorra sortuko da. Taldeko estres orokorrak multzokatzea dakar, hasiera batean, baina gero sakabanaketa ager daiteke estres luzearen ondorioz. Epe luzerako erreakzioak ez dira oso agerikoak izaten, baina kaltegarriak izan daitezke langileentzat zein erabiltzaileentzat. Inolako zalantzarik gabe, sufrimendu horren aurrean, gizakiak sentimendu horiek guztiak zuzentzeko elementuak bilatu behar ditu; beraz, erakunde gisa, adi egon behar dugu horien eragina ikusteko”.
“Halabeharrezkoa da egoera hori saihesteko zer egin zitekeen pentsatzea —aitortu du Charok—. Baina horri erantzun bat ematea oso-oso zaila da. Orain, ahalegin handia egin behar da erabiltzaileen eta laguntzaileen osasuna zaintzeko, jarraipen zehatzagoa eginez”.
Macak dioen bezala, “egon badagoen baina ikusezina den arerio bati egin behar diogu aurre. Oraingoz, ez dago sendabiderik, eta salbu egoteko modu bakarra protokoloak betetzea da”.
Aita Menni – Ahizpa Ospitalarioen zentro eta unitate batzuek Covidaren erasoa jasan dute, eta gainditzeko gai izan dira. Beste batzuek, berriz, esaterako Txurdinagabarri Egoitzak, dagoeneko bizi beharko ez zituztela pentsatzen zuten egoerak dituzte gaur-gaurkoz. Hau guztia amaitu arte —espero dezagun aurki izatea—, inortxok ezin du pentsatu salbu dagoela, Covidak ez baitu atsedenik hartzen. Eta ordura arte, zailtasunak zailtasun, Aita Menni – Ahizpa Ospitalarioetan lanean ari garenok ongien egiten dakiguna egiten jarraituko dugu: arreta ematen diegun pertsonak zaindu, lagundu eta horiei maitasuna ematen; espazioa eta denbora eskaintzen, baita arreta eta zaintza, gizatasuna eta baliabideak ere. Azken batean, hospitalitatea eskaintzen jarraituko dugu.