Héctor Saiz, R4 bat Lege Psikiatriako Unitatean: “Ezagutza handia barneratu dut, eta baita giza balioetan oinarritutako funtzionamendu bat ere”
Gainera, Héctor Saiz Psikiatriako Egoiliarren Espainiako Elkarteko (SERP) lehendakaria da: elkarteak lizentziatu gazteei errotazio espezifikoak aurkitzen laguntzen die. Ildo horretan, tailer bat eman berri du, Bilbon elkartu den Psikiatriaren XII. Biltzar Nazionalean, BAMEen artean bere esperientzia partekatzeko, ondoan izan dituelarik Iñaki Madariaga, Lege Psikiatriaren Arloko arduraduna, eta Macarena Aspiunza psikologoa.
– Nondik datorkizu lege psikiatriari buruzko interesa?
Oviedokoa naiz, eta Oviedoko Unibertsitatean ikasi nuen. Beti nahi izan nuen Psikiatrian espezializatu, eta, arlo horretan, EAEko eta Nafarroako osasun mentaleko sareak oso ezagunak dira, oso zabalak direlako. Nire egoiliar aldiaren zati bat Iruñeko osasun mentaleko arloan egin dut. Egunerokoan legearen esparruko gai asko sortzen dira, lanbidean jardutean eta pazientearekiko klinika asistentzialean: erantzukizunari lotutako gaiak, ahalmena, gauzak nahita egitearena… Legearen inguruko baliabideak erabili behar dituzu.
–Nola jain zenuen Aita Menniko Lege Psikiatriako Unitatearen berri?
Gai psikiatriko-legalak beti interesatu zaizkidanez, Lege eta Auzitegiko Psikiatriako Masterra egiten ari naiz, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean; Iñaki Madariagak ere egin zuen master hori, hasierako edizioetan. Graduondoko zuzendari Alfredo Calcedo doktoreak esan zidan: “estatuan, Arrasateko Lege Psikiatriako Unitatea daukazu, Iñaki Madariagak sortu eta bultzatuta; erreferente benetan bikaina”. Eta horrela jarri nintzen harremanetan.
– Aita Menniko LPUa 2013an inauguratu zen, eta Espainiako lehen unitate sanitarioa da, gaixotasun mentala izanik, delitu bat egin duten pertsonak artatzeko, pertsona horiek, epailearen aginduz, zaintza behar badute. Bertan egindako egonaldiak erantzun die zure aurreikuspenei?
Bai horixe. Eurrez. Baita gainditu ere. Espero nuena baino hobeto joan da. Lau hilabeteotan garatu dugun lan asistentziala bi bloke handitan banatu dezakegu. Alde batetik, segurtasun neurri handiagoa duten pazienteekin egin dugun lan klinikoagoa dago, kasurik gehienetan delitu oso larriengatik daudelarik. Bestetik, lan periziala dago, hau da, txosten perizialak egitea, zibilak, penalak eta, batez ere, administratibo-laboralak.
– Egoera horietan, erabakiak Unitateko mediku arduradunarekin batera hartzen dira. Halere, ez al du bertigorik ematen zer den gaixotasun mentala eta zer ez zehazteak, pazientearen erantzukizuna non hasten den eta non bukatzen den ehazteak?
Oso azterketa sakona egin behar dugu zalantza oro uxatzeko, zalantzarik txikiena bada ere. Besteak beste, literaturara eta metodo zientifiko batera jotzen dugu.
– Aita Menni Ospitaleko gainerako eremuetan bezala, LPUan psikiatrek besoz beso lan egiten dute beste diziplinetako profesionalekin.
Adibidez, balorazioa egiteko garaian, asko laguntzen digute test psikometrikoa egiten, psikologoak espezializatuago daudelako arlo horretan. Maila klinikoan, eremu psikologikoan egiten dituzten interbentzioak osagarriak dira tratamendurako, eta oso beharrezkoak, lanketa integrala egiteko.
Bertan nola egiten den lan ikusten lau hilabete eman ondoren, zer daramazu?
Ikasketa kliniko eta ezagutza tekniko handia, oso maila altukoak baitira. Baina, trebetasun horrez gain, giza balioetan oinarritutako funtzionamendu bat ere ikasi dut, leku gehienetan aurkitzen diren alderdi tekniko edo zientifiko hutsetatik haratago. Errespetua, are afektua, maitasuna, langileen gaitasun enpatiko handia. Lankidetza. Azkenean, horrek guztiak eragina dauka horrelako dispositiboetako paziente eta erabiltzaileen maila asistentzialean.
– Zure esku balego, bultzatuko zenuke Aita Mennikoa bezalako Lege Psikiatriako Unitate batzuk egotea?
Jakina, lekurik onena da deskonpentsazio bategatik delitua egin duen pertsona baten gaixotasuna tratatzeko, zeinak segurtasun neurri batzuk bete behar baititu, berriro ez gertatzeko. Espetxearen ingurunea baino askoz leku hobea da, errehabilitazioari eta baita gizarteratzeari dagokionez ere. Oso tratamendu espezifiko batez ari gara hitz egiten, oso espezializatuta dagoen diziplina askoko talde baten interbentzioarekin.