Elkartasunaren balioak gure arazoak alde batera utzi eta besteengatik arduratzera gonbidatzen gaitu. Eta hori egin dute Arrasateko Eguneko Ospitaleko erabiltzaileek hainbat astez. Euren “hilabete solidarioa” esaten dioten denbora horretan, hainbat erakunderen bisita hartu zuten: Gurutze Gorria, Harreman- Mundukide, Comercio Justo, Benito Menni Fundazioa eta Aita Mari-ISH. Orri hauetan jada aipatu genuen zerbait Gurutze Gorriaren hitzaldiei buruz, eta Aita Mari ontziak Itsas Salbamendu Humanitarioarekin egiten duen lanaren berri eman genuen, Greziako uharteetako errefuxiatu eremuetan lagunduz. Ez dugu egun gehiago pasatzen utzi nahi beste errealitate batzuk gerturatzen dizkiguten gainerako kooperatzaileak aipatu gabe, izan ere, solasaldi interesgarri eta atseginak partekatu ditugu haiekin.
Harreman- Mundukide
Andoni eta Mariluz Harreman elkarteko kooperatzaileak dira, eta azaldu ziguten hori irabazi asmorik gabeko erakunde bat dela, Mondragoneko kooperatiben esparruan sortua, eta Mundukide erakundean integratua, zeinak jarduera eremu zabal baitu. Mundukide hezkuntza proiektu bat garatzen ari da, eraldaketa sozialera eta lankidetza biderkatzera zuzendua.
Aurkezpenean, azaldu ziguten helburuak betetzeko pertsona konprometituak behar direla. Mozambiken duten presentzia handitu egin da, eta nekazariekin hasi dira lanean Niassa eta Cabo Delgado probintzietan. Xedea da inplikaturiko aldeen garapen autogestionarioa eta integrala sustatzea.
Autogestio eta lankidetza ereduaren oinarrian Mondragonen garatzen den sistema kooperatibista dago, lanari lehentasuna ematen diona kapitalaren aurretik.
Aurkezpen atsegina eta oso interesgarria izan zen hegoaldeko herrialdeen garapenari buruz, eta lankidetzaren eta zereginak banatzearen balioak ikasi genituen.
Comercio Justo
Bidezko Merkataritza erakundeari buruzko hitzaldia azaroan egin zen, eta Marianek eman zuen, Arrasateko Eroskiko dendako arduradunak. Bidezko Merkataritza 60ko urteen inguruan sortu zen, eta 10 printzipiotan oinarritzen du bidezko merkataritza:
1- Langileek soldata duina jasotzea.
2- Gizonek eta emakumeek lan berdina eginez soldata berdina jasotzea.
3- Haurrak lanean ez esplotatzea.
4- Ingurumena errespetatzea.
5- Epe luzerako harreman komertziala izatea.
6- Ekoizpenaren zati bat aurrez finantzatzea.
7- Antolamendu demokratikoa edukitzea.
8- Nortasun kulturala errespetatzea.
9- Etekinak komunitate osoarentzako garapen proiektuetara bideratzea.
10- Kalitate handiko produktuak ekoiztea.
Marianek azaldu zuenez, gehien saltzen diren produktuak dira kakaoa, kafea eta azukrea, Erein ta jan dendei esker, produktua soltean erosi eta banatzen baitute, baina manufakturak eta artisau produktuak ere badaude.
Marianek hiru txokolate mota ekartzeko detailea eduki zuen, %60, %75 eta %90eko purutasunekoak, hitzaldiaren amaieran dastatu eta horien kalitate handiaz disfrutatzeko.
Arrasateko Eroskiko dendak boluntarioekin funtzionatzen du, eta soldatapeko bi arduradun ditu kudeaketarako. Hitzaldia oso atsegina izan zen eta ez zitzaigun luzea egin. Proiektua polita iruditu zitzaigun, eta dastaketa oso goxoa. Eskerrak eman nahi dizkiogu Bidezko Merkataritzari informazioagatik, eta zorte ona opa diegu euren zereginean.
Benito Menni Fundazioa
Hilabete solidarioan, gainera, Benito Menni Fundazioa hobeto ezagutzeko aukera izan genuen. Ahizpa Ospitalariek sustatuta, GKE erakundeak herrialde pobretuetan gaixotasun mentala duten lagunei lagundu nahi die, batzuetan ospitaleko arreta emanez, beste erakunde batzuekin lankidetzan.
Benito Menni Fundazioak ekarpen boluntarioen diru jasotzen du bere proiektuak finantzatzeko, eta, halaber, boluntarioen bidez funtzionatzen du.
Hitzaldiko bideoei, irudiei eta iraupenari esker, Arrasateko Eguneko Ospitaleko erabiltzaileek Fundazioaren eta haren pazienteen ilusioa eta adorea ikusi ahal izan zuten.