Gure profesionalek lehen laguntza psikologikoei buruz duten ezagutza eguneratu dute
Aita Menni Ospitalean osasun mentalaren arreta integralera zuzenduta antolatu den azken barne prestakuntzaren izenburua “Egoera kritikoetan lehen laguntza psikologikoetan esku hartzeko teknikak” izan da. EAEko Ahizpa Ospitalarioak-en dispositibo ezberdinetan lan egiten duten 16 psikologo profesionalek osatutako talde batek interes profesional handiko arlo bati buruzko ezagutzak eguneratzeko aukera izan du, hau da, krisi egoeretan lehen laguntza psikologikoak emateari buruz.
Saioak zentroko Alfonso Saez de Ibarra psikologo klinikoak eman ditu, zeinak esperientzia eta prestakuntza handia baititu trauma osteko estresaren nahasmenduaren tratamenduan (TOEN). Saez de Ibarra Aita Menniko Kanpo Kontsulten Zerbitzuak Eusko Jaurlaritzako Barne Segurtasun Sailari 1998tik ematen dion asistentzia eta prebentzio jardueraren koordinatzailea da; gainera, prestakuntza eskaini die Euskadiko Gurutze Gorriko Laguntza Psikosozialeko Larrialdietako Berehalako Erantzun Taldeei (LBET), non boluntario baitihardu duela bi hamarkada baino gehiago.
Trauma osteko estresaren nahasmendua gertaera traumatiko bat jasan ondoren agertzen da, kaltetutako pertsonaren pertzepzioaren, kontzientziaren edo portaeraren asaldura gisa.
Trauma osteko estresa prebenitzea
Esku hartzeko eremu horretan profesional berriak prestatzea eta gaia ezagutzen zutenen ezagutzak eguneratzea izan da 8 orduko ikastaro honen helburua, Psikologia Departamentuko arduradun Ana I. Dominguez Panchonek koordinatuta. Saioak metodologia dinamiko batekin eta oso giro parte hartzailean egin dira irailaren 2 eta 16ko astelehen goizetan, Arrasateko Aita Menni Ospitaleko berrikuntza gelan.
Egoera kritikoetan lehen laguntza psikologikoak emateak, era berean, bizipen estresagarri edo mehatxagarri batek eragindako trauma osteko estresaren ondorioz ager daitezkeen erantzun patologikoak prebenitzea du helburu.
Hasieran, askotan erreakzio normalak ikus daitezke denbora luzez, horien artean hiperaktibazio fisiologikoa, oroitzapen intrusiboak, saihesteko jokabideak, anestesia emozionala eta bizi izandako egoeraren esanahiari lotutako beste batzuk, hala nola ezintasun bizipena, seguru egotearen ustea erortzea, nahasmendu bitala, arrisku berriak aurreikustea edo amorrua.
Askotan, erreakzio horiek ez dira espero, eta ez dakigu nola aurre egin modu osasuntsu batean. Psikologo profesionalen lana erreakzio horiek ahalik eta denbora laburrenean arintzen laguntzeko tresnak ematea da, horrela, funtzionamendu egokitu batera itzuli ahal izateko.
Hala ere, zentzuzko epea baten ondoren erreakzio horiek gutxitzen ez badira edo are larriagotzen badira, egoerari modu osasuntsu batean aurre egiteko baliabide pertsonalen porrotaz hitz egiten ariko ginateke, eta orduan Trauma Osteko Estresaren Nahasmendua aurki genezake, gainditzeko laguntza profesionala behar duena (psikiatrikoa eta psikologikoa, ziurrenik).
«Lehen laguntza psikologikoak ematea esku hartze prebentibo bat da, hau da, arreta psikologiko goiztiarra eskaintzeak arazoa gertatzeko probabilitatea murrizten du», ondorioztatzen du gure adituak.