Gure pazienteak eta erabiltzaileak kutsatzeko bektorea izateko beldurra
Lehen Sorospen Psikologikoetan eta ‘debriefing psikologikoa’ delako trauma ondoko estresa prebenitzeko teknikan aditua, Alfonso Saez de Ibarra psikologoak hainbat hausnarketa partekatu nahi ditu Aita Menni Ospitaleko lankideekin eta, oro har, osasun sektoreko kideekin, paziente, erabiltzaile eta lankideentzat gaixotasuna kutsatzeko bektore izateko aukerari buruz, zainketetan diharduten langileei horrek sarri erasaten baitie. Bideoan ikus daitekeenez, bere hitzen esanahia hau litzateke:
“Pertsonak zaintzen dituzten lagun askok, eta, orain, bestela ezin izan eta, Covid-19aren pandemiaren aurka borrokan dabiltzan askok, balio pertsonalak dituzte inplizituki euren lanbidean jardutean, hala nola besteei laguntzea, mundua leku hobe bat izan dadin saiatzea, sufrimendua murriztea edo arintzea, edo, adibidez, gauzen ordena lehengoratzea.
Nola edo hala, balio horiek guztiek hainbat sentimendu eragin ditzakete, besteak beste, BABESTEAREN sentimendua. Ahul dena edo dagoena, gaixotasun edo desgaitasun bat duena, tragedia batek desorekatu duena, “zorte txarra” izan duena, BIKTIMA… babestea. Eta sentimendu horrekin, gu, geure segurtasun falta guztiekin, haien ondoan jartzen gara eta indartsu bihurtzen gara. Horrela, hobeto egiten dugu nahi dugun hori, esaterako, pertsona horien ondoan egon, lagundu eta orientatu, haiek ere sendatu ahal izan daitezen,bizitza berreskuratu edo, behintzat, aurreko bizitzatik ahal duten guztia berreskuratu, edo sufrimenduaren bide ilunetik irtetea lortu dezaten lagundu.
Aitzitik, Covid-19aren tragedia ugarietako bat da, guk jakin gabe, gaixotasunaren eramaileak izan gaitezkeela. Eta horrek pentsarazi diezadake: Nire kezka guztiekin ere, nire babes neurri gutxi-asko sofistikatu guztiekin ere, neurri handiagoan edo txikiagoan, neu izan naiteke “kutsatzeko bektorea”, gaixotasunaren mezularia, nire “babespekoen” desgrazien eragilea (pazienteak, erabiltzaileak, senideak, lankideak). Neu izan naiteke” xomorroa, “desgrazia”, akaso “heriotza” ekarri niena”.
Eta pisu hori jasateko ez da inoren kondena behar, “neu ere banaiz erru hori leporatzeko gai, zeinaren beldur bainaiz, erreala izan gabe ere.
Pentsamendu horiek edo antzekoak izan dituzuenontzat, bakarrik esan dezaket gauza asko ditugula ezin iritsizkoak, konpondu ezin ditugun gauza asko, aldatu ezin ditugun gauza asko. Beharbada, gure banakako esfortzua baino askoz gehiago behar delako horiek konpontzeko, ez daudelako gure kontrolpean, une hauetan ez dugulako irtenbide eraginkor bat aplikatzeko behar den informazio guztia. Beraz, akatsa da guk ez dugun eta “inoiz eduki ez dugun” –ez bada gure haur fantasian horrelakorik izan dugula– erantzukizun bat gure gain hartzea.
Bizitzan dugun nahia besteak maitatzea, zaintzea eta babestea baino ez da, une bakoitzean dakigun bezala, une horretan ditugun ezagutza eta baliabideekin. Gure jomuga bakarrik izan daiteke aldatzen saiatzea, gure esku dagoen horretaraino, eta soilik horretaraino. Espero eta nahi dugun emaitza izan ala ez. Eta hori da gure Grial santua, gure nahikarien maila gorena, eginbeharra egin izanaren gogobetetzea, ez emaitzei dagokienez, baizik eta gure esku zegoen guztia egiten “saiatu izanari” dagokionez, mundua leku hobe bat izan dadin. Nahiz eta hori ez izan beti pentsatzen genuena, horixe da errealitatea, eta gainerakoa fantasia izango da, haur fantasia seguruenik, baina fantasia, finean.
Amaitzeko, animatzen zaituztet babesten eta zaintzen jarraitzera, dakizuen bezala eta une bakoitzean ahal duzuen bezala, baita beti zuen helburua betetzen ez baduzue ere, saiatze hutsak berak merezi duelako, eta nahikoa izan behar litzatekeelako, gure bizitza proiektuaren barruan, gure helburu nagusia betetzeko”.