Aita Menni Ospitaleak ezagutzera eman du justizia terapeutikoan egiten duen lan asistentziala, “Justizia Leheneratzaile eta Terapeutikoa: justizia eredu berritzaileetarantz” izenarekin egin den Europako Biltzarrean, ekainaren 16tik 18ra Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian. Zigor eredu tradizionaletik harantzago Justizia aplikatzeko beste modu batzuk daudelako, haren ildoa delituak egin dituzten pertsonak gizartetik apartatzea baita.
Sistema judizialaren, sanitarioaren eta sozialaren arteko lankidetza
Nazioarteko topaketan, aditu entzutetsuek justiziaren inguruko kontzeptu berriak, humanoagoak, landu zituzten. Justizia terapeutikoan legearen aplikazioa eta osasun mentalerako asistentzia uztartzen dira. Epaileen ikuspegitik, menpekotasunak edo arazo mentalak dituzten pertsonen egoera penalei aurre egiteko modurik egokientzat jotzen da.
EHU-UPVko udako ikastaroen barruan, Biltzarra Europako Bitartekaritzaren Aldeko Magistratu Taldeak (GEMME) eta Kriminologiaren Euskal Institutuak (IVAC-KREI) antolatu zuten, Eusko Jaurlaritzaren eta Ahizpa Ospitalarioen lankidetzarekin, beste erakunde batzuen artean. Esparru horretan, hilaren 17an arratsaldean, AMOko zuzendari gerente Mikel Tellaechek eta Lege Psikiatria Unitateko arduradun Iñaki Madariagak tailerra eman zuten, “Justizia terapeutikoa zigorraren exekuzioan” izenburupean.
Erronka: jarraitutasun asistentziala
Bertaratuei Aita Menni aurkeztu eta bere zentroetan egunero 1.500 pertsona inguruk tratamendua eta asistentzia jasotzen dutela azpimarratu ondoren, Mikel Tellaechek errealitate sozial berrietara dispositiboak egokitu beharraz hitz egin zuen, eta “jarraitutasun asistentzialaren” beharraz mintzatu zen, “oraingo eta etorkizuneko erronka moduan”.
Justizia terapeutikoa aplikatu ahal izateko, justizia, osasun eta gizarte sistemek elkarlanean jardun behar dute. Eta hor Aita Mennik rol garrantzitsua jokatzen du. 2013aren amaieran, Espainiako lehen Lege Psikiatriako Unitatea (LPU) inauguratu zen, gaixotasun mentala izan eta beraien osasun mentalaren ondorioz prozesu judizialetan inplikatuta zeuden pertsonentzat. Harrezkero, AMOren lana adibide aurreratua da, erakusteko, segurtasun neurriak betetzeaz gain, nola egiten den paziente horiek osasun mentaleko sisteman integratzeko, dituzten behar asistentzialen arabera.
Aita Menni, erreferentzia bikaina
Justizia terapeutikoa aplikatzeari esker, osasun, justizia eta birgizarteratzearen arloetako profesionalek elkarlanean jarduten dute. LPU nobedade asistentziala da gure ingurunean; bi urte eta erdi darama martxan, eta, gaixotasun mental larria izanik, beraien psikopatologiaren ondorioz delituak egin dituzten 24 pertsona artatu ditu.
Kalkulatzen da preso dauden biztanleen artean %25 inguruk nolabaiteko gaixotasun psikiatrikoa dutela. Espainian, gaur egun gutxi gorabehera 470 gaixo psikiatriko daude bi ospitale psikiatriko-espetxetan sartuta: Fontcalent (Alacant) eta Sevilla. Zentro horietan funtzionatzeko eredua espetxearen eredutik hurbil dago, baina gure LPUan funtzionamendu eredua gertuago dago ospitale psikiatriko batetik.
““Unitatean, orain arte, ez dugu arazorik izan pazienteak gobernatzeko. Horren froga da langile sanitarioek baino ez dutela lan egiten. Egia da ospitaleen esparruan esperientzia handia duten profesionalak direla. Baina ez dugu segurtasuneko langileengana jo beharrik izan”, adierazi du arduradunak. Halaber, egia da instalazioak paziente horien eta artatzen dituzten pertsonen segurtasunari erantzuteko konfiguratu direla. Sartzeko sistema zehatzak eta segurtasun perimetroak dituzte, metalezko sentsoreak, eguneko eta gaueko segurtasun kamerak, etab.
“Espetxe eredu klasikoa bazterrean geratzen ari da judizialki garatuen dauden herrialdeetan”, azaldu du Iñaki Madariagak. Interbentzio lerro horretan urratsak egin behar dira, eta, “zalantzarik gabe, Aita Menniko LPU erreferentzia bikaina da”. Zerbaitek ordezkatzen badu justizia terapeutikoa, hori gure Unitatea da”. Espainiako estatuan fondo sanitarioak eta justiziakoak konektatzen diren heinean emango dira aurrerapausoak.
Nolakoak dira LPUko pazienteak?
• Gaixotasun mental larria duten pertsonak
• Beraien gaixotasun mentalaren ondorioz delitu larrietan inplikatu dira, legezko ondorio nabarmenekin
• Justiziak ebatzi du pertsona hori ez dela bere ekintzen jabe (neurri handiagoan edo txikiagoan)
Aita Menni Ospitalearen bokazioa da horrelako dispositiboetan haztea. Eta Unitatea “hitzetatik ekintzetara” igaroko da, handituz. Ospitalean egiten ari diren obren bitartez, hilabete batzuen buruan bere ahalmena handituko du, gaur egun erabilgarri dituen 10 leku mistoen kopurua bikoiztuta.