Ezinezkoa da ematen diguten guztia beraiei itzultzea, baina jakinarazi nahi genien zenbat baloratzen dugun euren lana eta zenbateraino aberasten duten gure erakundea. Aita Menni Ospitaleak ‘Alai jokatu zerbitzuan’ jardunaldia egin zuen ekainaren 30ean, gure boluntariotza sarearen lana aitortzeko. Hitzez eta detaile txikiekin, bihotz-bihotzez, gure aitortza erakutsi nahi izan genien boluntarioetako bakoitzari, eta omen egin Aita Menniko dispositiboetan denbora gehien daramatenei, eskainitako maitasun, entrega eta dedikazioagatik.
“Behin batean, gizon bat zihoan Jerusalemdik behera Jerikorantz eta lapurren eskuetan erori zen. Zeuzkanak kendu eta, egurtu ondoren, alde egin zuten, erdi hilik utziz. Apaiz bat gertatu zen, hain zuzen, bide hartan behera, eta, gizona ikustean, bidetik okertu eta aurrera jo zuen. Gauza bera egin zuen handik igaro zen tenpluko lebitar batek ere: ikustean, bidetik okertu eta aurrera jo zuen. Baina bidaian zen samariar bat bat bertara iritsi eta, hura ikustean, errukitu egin zitzaion. Hurbildu eta zauriak lotu zizkion, olioz eta ardoz igurtzi ondoren (Lukas 10:25-37). Monse Esparza Aita Menni Ahizpa Ospitalarien ama nagusiak aipatu zuen samariar onaren parabola, gaur egun gure boluntarioen sarea osatzen duten 101 lagunen lan isila goraipatzeko.
Egun bat elkar ezagutzeko eta elkar aitortzeko. Omentzeko eguna. Jardunaldia Donostiako Akuarioan egin zen, eta Aita Menni Ospitaleko zuzendari Mikel Tellaechek eta Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzi Aitziber San Romanek inauguratu zuten; azken horrek bertan ziren boluntarioei gogorarazi zien gizarte osoarentzako balio bat direla. Eta ikasteko eguna halaber, Alejandro Floriten inaugurazio hitzaldiaren bidez.
Ekintza eraldatzailea
Ahizpa Ospitalarien Identitate Ospitalarioko zuzendariak honela deskribatu zituen boluntario jarduten dutenak, boluntariotza ohitura bihurtu eta, denborarekin, bertute bihurtu dutenak: “beste alde batera begiratzeko gauza ez diren pertsonak, erantzun bat emateko beharra duten pertsonak:besteen sufrimenduak bihotza ukitzen die”. “Ongintza” modu horrek trebetasunak, ezagutza eta etika dakartza berekin,laguntza emateari dagokionez, azpimarratu zuen. Laguntzazko erantzun guztiak ez direlako balekoak.Zorionez, bizimodu materialistaren aurrean, zeinean esaten baita diruak ematen digula zoriontasuna, boluntarioek beste modu batean ikusten dute bizitza, eta bide zuzenago eta errazago bat aurkitzen dute zoriontsu izateko.
Harreman humano eta humanizatzaile horrek oso esker oneko dimentsio bat hartzen du pazientearentzat edo erabiltzailearentzat, “boluntario horrentzat garrantzitsua dela sentitzen” duelako, bere denbora eta maitasuna eskaintzera etortzen baitzaio, “nahi duelako, ez egin behar duelako, artatzen duten profesionalak ez bezala”. “Efektu integratzaile horrek autoestigma murrizten du, eta zuek baino ezin duzue hori lortu.Zuen boluntariotzarekin gizarte justu eta berdinzaleagoa eraikitzen duzue”.Zerbitzua da Kongregazioaren balioetako bat, behar duen pertsonaren beharren arabera eskaini behar dena. “Zerbitzuaren pozak boluntarioaren ekintza betikotzen du”, esan zuen.
Alejandro Floritek eskerrak eman nahi izan zizkien ehun boluntario horiei, sentikorrak direlako, sufrimenduaren aurrean erantzun solidarioa ematen dutelako, gu aukeratu gaituztelako eta handiago egiten gaituztelako erakunde moduan, pertsonen bizitza hobetzen dutelako, gizartea hobetzen dutelako, erakusten dutelako ez dela utopia zoriontasuna lortzea, saldu nahi digutena ez bezalako zentzu batean. Dakitelako garrantzitsuena beste pertsona bati laguntzea dela, eta arrakastari zein porrotari zentzua ematen dakitelako.
Ondorio biderkatzailea
Ondoren, zeremoniaren gidari eta Aita Menni Ospitaleko Boluntarioen sareko arduradun Egoitz Zabalak lehen mahaia jarri zuen martxan, partaide hauekin: Itsaso Andueza, Gipuzkoako Caritasekoa; Divi García, Gurutze Gorrikoa; eta Miren Gurrutxaga, Gizaldekoa. Hiru emakume horiek, norberaren erakundean boluntariotza kudeatuz (Caritasek bakarrik 700 lagun Gipuzkoan), azpimarratu zuten garrantzitsua dela “arrainak ematea, baina baita arrantzan erakustea ere”, hau da, boluntariotza beharra duten pertsonei eman beharreko laguntzatzat hartzea, beraiek protagonista diren prozesu baten barruan.
‘Duintasun’ eta ‘entzumen’ hitzek hartu zuten solasaldiaren zati bat, “pertsona asko daudelako bakarrik, zaurituta, baztertuta”.Galdera aireratu zen: “boluntario moduan egiten dudan lanak zerbaiterako balio du?”Eta erantzun bera jaso zuen: Zure gauzak kontatzeko norbait edukitzea, elkarrizketa normalizatu bat izateko norbait edukitzea, konpainian, esaterako, partxisean jolasteko, ba, hori asko da. Gaur egun, bakardadea arazo larria bihurtu da, eta maitasun hori jasotzen duten pertsonek bereziki eskertzen dute. Macarena Aspiunza Aita Menniko Errehabilitazio Sozialeko eta Dinamizazioko, psikologo arduradunak nabarmendu zuenez, “lan honek ondorio positiboa dauka, garrantzitsua da gaixotasun mentala edo desgaitasun intelektuala duten lagunentzat, pertsona horiek askotan baztertuta sentitu baitira“.
Bateko eta besteko erakundeei tokatzen zaie bere boluntarioak motibatzea, balioa aitortzea, eta bultzatzea, baita ere motibazioak egoistak badira ere; hori izan zen ondorioa. Bideoan agertzen diren boluntarioek kontatzen dutenez, oro har hasiera zaila izaten den arren, denek diote ematen dutena baino gehiago jasotzen dutela. Pertsonon hauskortasuna konpartitzeak, boluntario izateak engantxatu egiten du, eta, are gehiago, kutsakorra ere bada. Gure sare solidarioan kasu askotan gertatzen da familiako hainbat kide boluntario aritzea. Ahizpa Ospitalariek 800 boluntario inguru dituzte 21 zentrotan.
Begiak zabalik ibili
Ondoren “begiak zabalik dabiltzan” –Egoitz Zabalak deskribatu zituen bezala– eta gure boluntario diren 5 lagunen esperientzia ezagutu genuen.
Amaya Ribera Lege Psikiatria Unitateko (LPU) boluntarioa da orain dela 1,5 urte, “haien lekuan jartzen saiatzen da”, eta laguntzen duen gaixoarekin duen harremanaz dio konfiantzazko harreman bat dela. “Haiengandik jaso dudana eman ahal izan diedana baino gehiago da”, azpimarratu du boluntario moduan duen ibilbideari dagokionez.
Roberto Pozo LPUko boluntarioa da orain dela 6 hilabete, eta, goizean zehar hainbat aldiz entzun den bezala, beste pertsonaren aurreikuspenak ez betetzeko “beldurra” aipatu du, “pixkana-pixkana pertsona normala dela ikusten baituzu.Eta, egoista emango du, baina niri hau guztia primeran datorkit”.
Begoña Aranak 15 urte bete ditu boluntario, AMOko pazienteei laguntzeko; aitortzen duenez, trukean “maitasun itzela” jasotzen du, eta gazteak animatzen ditu erreleboa hartzera.
Mati Sanchezek gogoratu duenez, Durangoko adinduentzako Joxe Miel Barandiaran Egoitzan amonei azkazalak moztea bezain ekintza sinple batek oso zoriontsu egin ditzake; bera bezain zoriontsu, hainbeste, Jon semeak ere boluntario izatea erabaki du. “Utzi diezaiekegun herentziarik onena da”, esan zuen harro.
Eli Cañonek 13 urte daramatza boluntario Durangoko Egoitzan, eta azpimarratzen du beste pertsona batzuk konbentzitzeko modurik onena etsenplua emanez dela. Bere sema ere gure boluntario sarean dabil.“Boluntariotza harrera egitea eta jasotzea delako; pertsonaren dimentsio handiago bat erakusten du”. Eta ongi sentiarazten zaitu”, gehitu zuen.
Omenaldia
Bost esperientzia horiek konpartitu ondorengo txalo zaparradaren ondoren, Aita Mennin lanean urte gehien daramaten boluntarioen omenaldiak itxi zuen jardunaldia. Aipamen berezi hori jaso zuten Serapia Aranzabalek –beteranoena da, 17 urte baitaramatza boluntario lanetan-, Javier Erañak, Arantza Zabalak, Mertxe Aranburuk, Begoña Aranak, Aranzazu Galdosek, Maria Izaskun Jaureguik, Maria Luisa Ayastuik, Maria Pilar Macazagak, Begoña Aiastuik eta Eli Cañonek.Jabier Etxebarria ere omendu zuten, “in memoriam”, iaz hil baitzen; gure boluntario Isabel Perezen senarra zen. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak, Aita Menniko zuzendari mediko Maika Palaciosekin, eta Erizaintzako zuzendari Irune Gallarragarekin batera, lore sorta bana eman zieten, baita Liberian inspiratutako panpina bana ere, gure papera birziklatzeko tailerrean egina.
Diputatuak boluntarioek Gipuzkoa inklusibo bat eraikitzen jokatzen duten rola azpimarratu zuen, esaterako, biztanleria zahartzea bezalako erronkei aurre egiteko. Kolektibo horren lana aitortu zuen, non ”bakoitzak, bere perspektibatik eta ezaugarrietatik egiten baitu ekarpena”, Gipuzkoa “lurralde solidario bihurtuz, jende solidarioz osatutakoa”. Besteen alde zerbait egiteko erabaki hori hartzeagatik zorionak eman eta gero, dantzari batek ohorezko aurreskua dantzatu zien.
“Eskerrik asko egun honegatik”, amaitu zuen Egoitz Zabalak, “jakizue garrantzitsuak zaretela erakundearen bizitzan, baita gure bizitzan ere“.