Kalte zerebrala

Gaitasunak, parte hartzezko aisialdia eta zaintzan kolaboratzea sustatzen ditugu

Arrasateko Aita Menniren Kalte Zerebraleko Eguneko Zentroko elikadura eta ingurumen tailerrak eredu ona dira. Azken asteotan jarduera desberdinak egin dira Azokan, hala nola osasun gela bat, higiene eta ariketa jarraibideak lantzeko, eta papera birziklatzeko tailer bat.
Gaitasunak, parte hartzezko aisialdia eta zaintzan kolaboratzea sustatzen ditugu

Arrasateko Aita Menniren Kalte Zerebraleko Eguneko Zentroko elikadura eta ingurumen tailerrak eredu ona dira. Azken asteotan jarduera desberdinak egin dira Azokan, hala nola osasun gela bat, higiene eta ariketa jarraibideak lantzeko, eta papera birziklatzeko tailer bat.

Kalte zerebralari eskainitako arreta, sarritan, ospitale unitate batean edo errehabilitazio anbulatorioko unitateetan hasten da. Baina gainera, diziplina anitzeko errehabilitazioa pazientearen etxean edo erkidegoan egin daiteke. Baliabide horiekin batera, Aita Menni Ospitalean baditugu beste baliabide batzuk ere, hala nola Haur Errehabilitazioko Unitatea eta kalte zerebrala eta bestelako desgaitasun neurologikoak dituzten pertsonentzako eguneko zentroak .

Azken jarduerak Azoka eguneko zentroan

Izenak berak adierazten duenez, eguneko zentroetan eguneko arreta eskaintzen zaie lesio zerebralen ondoriozko desgaitasun handia duten pertsonei. Gaitasunak, aisia eta zaintzetan kolaboratzea: horra hor, lantzen diren arlo batzuk. Laguntzeko produktuei eta etxeak egokitzeari buruzko aholkuak ere ematen dira.

Egiten diren jardueren adibide bat Arrasateko Azoka Kalte Zerebraleko eguneko zentrotik datorkigu, non azken asteetan oso garrantzitsuak diren bi gai hauen lanketak hartu duen denboraren zati handi bat: elikadura eta ingurumena; hori guztia oso desberdinak diren dinamiken bitartez landu da, ondo elikatzeak eta planeta zaintzeak duen garrantziaz are gehiago konturatzeko.

Maiatzean tailer desberdinak egin ziren; horien artean, osasun gela, non higienea eta ariketa sartu baitziren. Oso bideo interesgarriak ikusi genituen bizitza luzerari buruz; elikagaien piramidea landu genuen, etab. Gainera, gehiago jakin genuen sukaldaritza desberdinen eta dieten gainean (sukaldaritza mediterraneoa, energetikoa, japoniarra, begetarianoa, makrobiotikoa, detox dieta, arabiar elikadura, ekialdekoa, etab.), interesgarritzat jotzen genituen ideiak hartzeko. Era berean, sukaldean inoiz probatu gabeko gauza berriak lantzera animatu ginen, izan ere, detox zukuen errezeta desberdinak egin genituen, baita tabule, tartar eta halakoak ere. Dena ezin gozoagoa!

Dinamika honen inguruan, Jessica Lopez gonbidatu genuen, zeinak elikadurari buruzko hitzaldi interesgarri eta baliotsu bat eskaini baitzigun. Zalantza asko argitu zizkigun, eta dena modu erraz eta atseginean azaldu. Ederra izan zen Jessica gure erabiltzaileekin egon izana. Haren eskuzabaltasuna eta ekarpenak eskertzeko aprobetxatu nahi genuke txoko hau.

 width=

Ekainaren 5a ingurumenaren eguna denez gero, ekainean eta uztailaren zati batean ingurune naturala eta izaki bizidunak errespetatzearekin lotutako jarduera desberdinak landu genituen. Gai beraren inguruan tailer eta dinamika interesgarri askoak egin genituen. Donostiatik etorrita, Kutxa Fundazioko Amaia Otazo Aseguinolaza izan genuen gurekin. Amaiarekin, botilako ura barik, iturriko ura erabiltzearen inguruan kontzientzia hartzeko aukera izan genuen. Asko gustatu zitzaigun haren tailerra, non urak dastatzen ibili baikinen. Gainera, kristalezko botila polit batzuk oparitu zizkigun, eta egun hartatik aurrera eguerdiro erabiltzen ditugu bazkaltzeko eta Urkuluko gure ur ederraz gozatzeko. Eskerrik asko, Amaia, zure informazio, begikotasun eta prestasunagatik.

Udalako ingurumen eskolako (Arrasateko Udala) Maribi Visitacion eta Iratxe Garrido ere bisitan izan genituen gurean. Hondakinei buruzko hitzaldi interesgarri bat eman ziguten, eta paperaren birziklapenari buruzko tailer bat egin genuen, ikaragarri gustatu zitzaiguna. Egunkari papera birziklatu genuen; horri esker, aurreraxeago eskulanen bat egiteko aprobetxatuko dugun paper ederra atera genuen. Eskerrik asko, Maribi eta Iratxe, plazera izan zen guretzat egun polit hura zuekin eta zuen jakintzarekin partekatzea.

Elikadurari eta ingurumenari buruzko zenbait bideo ere ikusi genituen. Horietako bat ETBko 360º programaren ‘Plastikoaren inbasioa’ atala izan zen. Eta horren harira, oso dinamika sortzaile eta dibertigarri bat egin genuen, gizakiok gure hondakin, okupazio, lantegi, etxebizitza, auto eta abarrekin paisaia naturala nola aldatzen dugun, nola gainkargatzen, kutsatzen, zikintzen… dugun konturatzeko.

Halako gaiak lantzeak lagundu egiten digu hazten, eta kalte zerebrala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko gure helburuetara gerturatzen.